ARGIA.eus

2021eko urriaren 23a
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 6. EGUNA

Kerik gabeko egunak

  • Giro itogarria ezin jasanez alde egin eta Mexikon luzaz egon den gizon bat Donostiara itzuli da. Bertan aurkituko duenak ez du zerikusirik bere gaztaroan ezagutu zuenarekin. Gatazkaren presentzia egunerokoa den hirian ezin egokituz dabil, bakarti, eta alkoholarekin arazoak dauzka. Alde egitean bertan behera utzi zuen sendiaren bila hasten denean, alaba preso dagoela jakingo du...

Mikel Antza
2021eko irailaren 23a
'Ke arteko egunak' filmare fotograma..

Hori da Antxon Ezeizak (1935-2011), gidoia idazteko Koldo Izagirre eta Usoa Urbietaren lankidetza izan zuenak, 1989ean zuzendutako Ke arteko egunak filmaren trama. Pedro Armendariz Jr. (1940-2011) aktore mexikarra protagonista zuen film hori izan zen Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen euskarazko lehena. Film horretan parte hartu zuten geroztik Euskal Herriko zinemagintzan ezagun egin diren antzezle askok.

Baina Donostia Saria eman zioten arren, ibilbide laburra izan zuen aretoetan. Alde batetik babes gutxi jaso zuelako; eta bestetik filmaren eta Ezeiza beraren aurkako sorgin-ehiza abiatu zutelako.

Ordurako ezaguna zen Ezeiza zinemaren munduan, eta pentsaeraz ezkertiarra eta abertzalea izateaz gain, bereziki argia izan zen euskarazko zinemagintzaren alde erakutsi zuen jarrera eta praktika, 1979 eta 1984 bitartean filmatu ziren hogei dokumental laburrek osatzen duten Ikuska sailaren sustatzailetariko bat eta atal batzuen egile ere izan baitzen.

Erregimen frankistak bere irudia garbitzeko sustatu zuen Donostiako Zinemaldiaren sorrera, Venezian 1932tik, Cannesen 1939tik eta Berlinen1951tik egiten ziren antzeko jaialdia antolatzea helburu. Orduan, atzerriko zinegile, antzezle eta kazetariak Donostiara erakarriz, pantaila koloretsuen atzean mozorrotu asmo zuten Euskal Herriak jasaten zuen errepresio gordina.

Frankismoaren amaiera aldean Zinemaldia bumeran bat bezala itzuli zen asmo horren aurka: 1975ean, suediarrek film guztiak erretiratu zituzten Txiki eta Otaegi etakideen fusilatzeagatik protesta gisa. Hurrengo urtean, irailaren 8an poliziak Hondarribian hil zuen Josu Zabalagatiko protestak Zinemaldiaren atariraino iritsi ziren, eta Poliziak gupidagabe jo zuen manifestarien eta zinemaldira zihoazenen aurka.

Geroztikako urteetan ere, Zinemaldi garaiak ke arteko egunak izan ziren, iraila iristerakoan, Frankismotik oinordetzan hartutako tradizioa balitz bezala, errepresioak gogor jotzen baitzuen, Zinemaldia egoera politiko bortitzaren erakusleiho bihurtuz.

Atzo, film baten proiekziotik atera eta beste batera sartzeko tartean, Kontxako badiaren ingurura joan nintzen itzuli bat egitera.

Atzerritar ugari zebilen itsasbehera ikusgarriak erakutsitako hondartza ederra miresten.

Ikusi berri nuen filmaren eraginpean nenbilen, hausnarketan, Ke arteko egunak filmean Pedro Armendariz Jr. aktoreak gorpuzten zuen Pedro Sansinenearen mamuarekin topo egin nuenean.

Udaletxe aurreko lorategiko eserleku batean jesarrita zegoen, buruari bi eskuekin eutsiz, paperezko zorroan gordeta zeukan botila batetik trago luzeak hartuz tarteka.

Haren alboan eseri eta, gutxika, hasiera marmarra besterik ez zen bere erretolikan, hitz eta esaldiak ulertzen hasi nintzen:

- Begira! Ikusten Telebista espainiarraren ibilgailu horiek hor, Nautiko klubaren eta udaletxearen arteko pasabide horretan? Bada hortxe egoten zituan Espainiako Poliziaren furgonetak, Alde Zaharretik ihes egiten saiatzen ziren manifestarien aurka oldartzeko prest...

- Eguraldi ederra diagu – esan nion, gaiari itzuri egiteko asmoz.

- Bai, aparta. Badakik hiri honetako giro itogarriagatik alde egin nuela Mexikora, eta hogei urte ondoren itzuli nintzenean, ez nuela ulertzen zer gertatzen zen hiri honetan? Dena zuan ke eta su... Eta orain?

- Orain garaiak aldatu dituk, Pedro... – saiatu nintzaion.

- Hori bai, aldatu direla!... - esan eta tragoa kendu zion botilari.

Botila eskaini zidan, baina adeitsu egin nion uko.

Pedro hizketan ari zitzaidan bitartean, lasai ederrean zebiltzan gure inguruan arratseko giro barea gozatuz turistak musukoa jantzita eta zinemazaleak akreditazio txartela lepotik zintzilik.

Pedrok haserre keinu bat egin zuen, eskuarekin paseoan zebiltzanak seinalatuz.

- ...jadanik ez zagok kerik kaleetan... Nik ez diat ulertzen hogeita hamaika urte eta gero zergatik daukaten oraindik nire alaba kartzelan!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Zinemaldia 2021  |  Donostia

Zinemaldia 2021 kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude