Azpi-azpikoak

  • Emanuel Carrere idazle eta zinegilearen Ouistreham filmaren sinopsia irakurri nuenean, Günter Walraff kazetari alemaniarrak 1985ean argitaratu zuen Ganz unten (Azpi-azpian) liburua etorri zitzaidan gogora. Walraffek bi urte igaro zituen lan egiteko baimenik gabeko langile migratzaile turkiar baten mozorropean, haien bizi-baldintzak salatzeko asmoz. Ikerketa liburuaz gain, kazetari alemaniarrak berak grabatutako irudietan oinarrituta film bat egin zuten urtebete beranduago. Ikerketa eta salaketa ekimen argia burutu zuen Walraffek Ali turkiarrari jasanarazten zizkiotenak jasanez, eta berari esker errealitate ezkutatu hori azaleratu zen.


2021eko irailaren 22an - 06:34
Azken eguneraketa: 08:46

Zalantza egin dut aurreko esaldia idazterakoan. Errealitate ezezagun idatz nezakeen, edo errealitate ezkutu. Hain zuzen ere, horixe da bai Walrafek eta bai Carrerek planteatzen duten auzia. Errealitate hori norentzat den ezezagun eta ezkutu. Azpi-azpikoek, Walraffek erabilitako esamoldearekin jarraitzeko, ongi ezagutzen baitute Ken Loachen hainbat filmek ere (I, Dany Blake (2016), Sorry We Mised You (2019), besteren artean) gaitzat hartzen duten errealitate hori. Beren eguneroko errealitatea baita.

Filmak Florence Aubenas kazetariak 2010ean argitara emandako Le Quai de Ouistreham (Ouistrehameko Portua) liburua dauka oinarri. Hain zuzen ere, Aubenasek, 2005ean Libanon bahituta eduki zuten kazetariak, Walraffen esperientzia errepikatu zuen, hainbat hilabetez lanbide prekarioetan arituz, bereziki Caen-Portsmouth lotura egiten duten ferryetako garbiketa taldeetan.

Carrerek Ouistrhamen bidez auzi hori ere planteatzen du: azpi-azpiko horietako batzuen -kasu honetan garbiketa lanak baldintza penagarrietan egiten dituzten emakumeen- egunerokoaren berri ematen du, eta filmatzeko moduagatik dokumental bat ikusten ari garenaren irudipena eduki dezakegu tarteka. Baina, gainera, pixka bat edo are dezente gorago daudenek errealitate horren berri ematerakoan sortzen diren kontraesanak erakusten dizkigu. Azken finean, aldi baterako bizi baldintza txar horietan bizitzeko borondatezko hautua egiten duenak berea ez den mundu horretan muturra sartzearen zuzentasunaren auzia. Eta asmo-oneko jokabide horrek eragiten dituen zauriak ere erakusten dizkigu.

Juliette Binochek maistraki hezurmamitzen duen Ouistrehameko Marianne Winckler idazle protagonistak garbiketa-lanetan ari diren emakumeen bizi-baldintzen berri emango duen liburua idatzi nahi du, eta horretarako, Walraffek egin zuenaren antzera, bere munduarekiko harremanak moztu eta bere gizarte mailaren oso azpitik dagoen mundu horretan murgilduko da, behe-behetik, haien baldintza penagarri berdinetan biziz, bere liburua osatzeko oharrak hartzen dituen bitartean. Idazlea hain ondo egokitzen da bere pertsonaia berriaren azalean, ez duela haietako bat balitz bezala besoetan hartzen duten lagun berrien artean mesfidantzarik eragiten.

Walraffen ekimenak helburu argi bat zuen: langile migratzaile turkiarren bizi baldintzak salatzea. Marianne Wincklerrek ere helburu argi hori duela pentsa genezake, baina Carrerek, idazlearen ustezko borondate onaren gainetik beste elementu bat agertzen digu: horrelako ekimen baten zilegitasunarena. Alegia, ahotsik ez dutenei haiek jakin gabe kanpoko batek ahotsa ematearen auzia. Zinezkotasunaren bilaketak engainua izan ote dezakeen abiapuntu, interesatuen onerako bada ere.

Hiru haurren ama den eta Ferryak garbitzen ari den Crhistelleren eta Marianneren artean adiskidetasun sakona sortuko da lan penagarriak eta poz uneak partekatzen dituzten heinean. Idazlea ondo jabetzen da ordea gezurra dagoela beren harreman eder horren oinarrian. Protagonistarentzat gezur hori jasangarri egiten duena bere ekimenaren helburua da: garbiketa-lan penagarrietan ari diren emakume horien errealitatea salatu nahi du. Carrerek ordea, filmari dimentsio bikoitza ematen dion zalantza-elementua eskaintzen digu: hori al du benetako helburu nagusia? Ez ote helburu nagusia bere liburu berria idaztea?

Ikusleari galderak sorrarazten dizkio Carrereren filmak. Nondik eta nola eman behar da bidegabekeriaren berri? Bizi-maila oparoan bizi garenok nola salatu behar dugu gure bizi-maila oparo hori ahalbidetzen duten horien egoera penagarria? Nola gauza daiteke kontzientzia politikoagatik munduko bidegabekeriez kontziente garenon eta bidegabekeria horiek jasaten dituztenen bat egitea?

Carrerek -Crhistelleren bidez-, erantzuna Marianne Wincklerren eskuetan uzten du filmaren amaierako eszena gordinean. Eszena horretan, garbitzaileak idazleari egiten dion erronkarekin hau esango balio bezala da: “Oso ondo, liburua idatzi duzu, gurekin sufritu duzu, benetan; baina zinez ez zara gutako bat, gutaz baliatu zara. Bestela, erakuts!”.

Alegia, erantzuna filma ikusten ari ginenon eskuetan dagoela. Filma txalotu bai, baina eguna amaitzean aretoa garbituko zutenengan pentsatu gabe atera ginenon eskuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


2021-09-27 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

 


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


Eguneraketa berriak daude