Zinebik mundu osoko zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko diren sekzioa jasoko du lehen aldiz

  • Azaroaren 18tik 25era bere 58. edizioa ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketa jasoko du lehen aldiz. Fikzio, dokumental eta animazio film luzeei zabalduta egongo den Zinebi First Film sekzioaren lehenengo edizio honetan bederatzi filmek hartuko dute parte, eta horietako sei Estatu mailako estreinaldiak izango dira. Saria 7.000 eurokoa izango da.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko urriaren 18an - 09:19

Mundu osoko film laburren lehiaketa garrantzitsuenetako gisa duen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez Zinebik, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi du. Beste alde batetik, ikus-entzuleek, lan berri-berri horien bitartez, zine garaikidearen panorama osatzen duen sorkuntzako joera, estilo eta argumentu aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute.

Horrela, zine dokumentalari eskainitako 'Beautiful Docs' eta azken aldiko euskal ekoizpen lanei eskainitako 'Bertoko begiradak' sekzioez gain, film luzeen dimentsio berri bat gehituko du Zinebik, askotan industria handian eta areto komertzialetan aurkitzea zaila dena, jaialdiak urtero aurkezten duen zine proposamenaren parte garrantzitsu gisa.

Lehiaketaren lehenengo edizio honetan 9 film luze lehiatuko dira Zinebi First Film Saria jasotzeko. Film horien ekoizpenean 13 herrialdek hartu dute parte: Argentinak, Bulgariak, Txinak, Danimarkak, Estatu Batuek, Arabiar Emirerri Batuek, Frantziak, Israelek, Libanok, Qatarrek, Errumaniak, Tunisiak eta Turkiak. Politika, gizarte, ekonomia, erlijio eta kultura alorretatik hain anitzak diren gune horietan, lehenengo lan horien egileek euren zinea eszenaratzean estilo ezaugarri bereziak eta borondate kritikoa ere baduen subjektibotasunez betetako begiradak erakusten dituzte.

Aukeraketa honetan, ikus-entzuleek mundu garaikidean gizakiek bizi behar dituzten gorabeheren funtsezko gaiak aurkituko dituzte, hirietako bizitza, naturarekiko erlazioa, inmigrazioa eta horek kulturan dituen ondorioak, maitasun harremanak, nortasun pertsonala eta kolektiboa, errealitatea eta fantasia edo familia barruko erlazio berriak, besteak beste.

Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso zuen Ralitza Petrovaren Godless; Veneziako Nazioarteko Zine Jaialdiko Kritikaren Astean Opera Prima Hoberenaren Etorkizuneko Lehoia - Luigi de Laurentiis Saria irabazi zuen Ala Eddine Slimen Akher Wahed Fina; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizioan Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nele Wohlatzen El futuro perfecto ekoizpen lan argentinarra. Azken bi horiek Zinebi 58ren barruan ikusi ahal izango dira Estatuan lehen aldiz. 

Zinebi First Film-en barruan lehiatu eta Golem - Alhondiga zine-aretoetan eskainiko diren filmak hauek dira: 

- Rat Film (Theo Anthony. EE.BB., 2016. Dok. 84 min.) Estreinaldia Espainian.

- Akher Wahed Fina (Ala Eddine Slim. Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, Libano eta Qatar, 2016. Fikz. 95 min.) Estreinaldia Espainian.

- El futuro perfecto (Nele Wohlatz. Argentina, 2016. Fikz. 65 min.) Estreinaldia Espainian.

- Anashim Shehem Lo Ani (Hadas Ben Aroya. Israel, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.

- Tramontane (Rabih) (Vatche Boulghourjian. Libano, Frantzia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak, 2016. Fikz. 105 min.).

- Zhi Fan Ye Mao (Zhang Hanyi. Txina, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.

- Albüm (Mehmet Can Mertoğlu. Turkia, Frantzia, Errumania, 2016. Fikz. 105 min.).

- Donald Cried (Kris Avedisian. EE.UU, 2016. Fikz. 85 min.) Estreinaldia Espainian.

- Godless (Ralitza Petrova. Bulgaria, Danimarka eta Frantzia, 2016. Fikz. 99 min.).

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


Eguneraketa berriak daude