“Zientzialaria izatea pribilegio bat da, eta horrek ardura bat dakar”

  • DIPCko bere bulegoan izan da elkarrizketa. Argazkilaria lanean hasi denean, arroparengatik desenkusatu da [kirol-jertse bat dauka jantzita]: “Ez nintzen gogoratzen elkarrizketa genuenik”. Baina Elhuyar aldizkariarentzako dela eta, gustura egingo omen du. Euskaraz aritu gara grabagailua piztu baino lehen. Gero, gaztelaniaz erantzun die galdera gehienei; ez denei, hala ere. Eta ia zientziaz bezainbeste hitz egin du politikaz, euskaraz, gizarteaz eta filosofiaz, aipu eta erreferentzia ugari tartekatuz, jariotsu eta abegikor.

DIPC

2025eko uztailaren 17an - 08:30
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurten Mekanika Kuantikoaren Nazioarteko urtea da. Zer da zuretzat kuantika?
Nire ustez, mekanika kuantikoa XX. mendeko iraultza kultural handiena da. Ez zientifikoa, e?; kulturala. Gure ikuspegia aldatu du, natura ikusteko eta ulertzeko era. 1900an hasi zen, desesperazio-­ekintza baten modura, Planckek berak esan zuenez. Gorputz beltzaren erradiazio-espektrua ezagutzeko, ezjarraitasunaren ideia sartu zuen fisikan. Ondotik, eboluzionatzen joan da. Einsteinek hurrengo pausoa eman zuen, efektu fotoelektrikoarekin; hain zuzen, esan zuen erradiazioa ez dela jarraia, ez dela uhin bat, baizik eta argi-korpuskuluak dituela. Gero, fotoi deitu zitzaien. Ondoren dator atomoaren egitura eta hori guztia. Lehen iraultza kuantikoa izan zen, eta, uste dut, batez ere, horregatik ospatzen dela orain kuantikaren urtea. Izan ere, Heisenbergen artikulua 1927koa da [Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioaz ari da].

Hortik aurrera etorri da bigarren iraultza kuantikoa. Baina lehen iraultzan jada bazegoen bigarrena, eta lehena presente dago bigarrengoan. Hori bera esan zuen Erwin Schrödingerrek bere inaugurazio-­konferentzian, San Agustinen esaldia erabiliz: Novum in Vetere et in Novo Vetus patet. San Agustinek Bibliaren Itun Zaharra eta Berria lotzeko egin zuen adierazpen hori, eta Schrödingerrek kuantikara ekarri zuen. Gaur egun gauza bera esan dezakegu. Atomoak banan-bana manipulatzeko aukerak ekarri du bigarren iraultza, baina hau jada bazegoen orduan, ezkutuan. 

Nik Xabier Zubiri euskal filosofo handiari irakurri nion esaldi hori, Plancken egoitza berean ikasi baitzuen Berlinen. Zubirik bazeukan fisika kuantikoari buruzko ezagutza, eta “Natura, historia, Jainkoa” liburuan (Naturaleza, historia, Dios) Heisenberg eta guzti aipatzen ditu. Kultura handiko gizona zen.

Eta zeu, ez bazina zientzialaria izan, zer izango zinateke? Ala galdera zentzugabea da?
Ez, ez. Bizitzak ekarritakoa izango nintzatekeen. Inguruabarren arabera izango zen; izan ere, nik gai askorekiko dut jakin-mina. Ez dut sekula nire burua fisikari izateko predestinatutzat ikusi. Matematikak, historia asko gustatzen zitzaizkidan. Ez nintzen musikari izango, ez baitut horretarako gaitasunik; baina gauza asko izan nintekeen. Fisika ikasi dut, eta pozik nago, karrera handia baita. Ez dizu munduaren ikuspegi bat ematen soilik; egitura intelektual bat ematen dizu, arazoak aztertzeko egitura kontzeptual bat. Pentsatzeko modu bat da. Ez da teknika bat, pentsamendu-sistema bat baizik. 

Weisskopfek, Los Alamoseko zuzendari izan zenak, hala esan zuen: “Fisikaria izateko pribilegioa”. Bat nator berekin. Zientzialari izateko pribilegioa dugu, ezagutzeko eta ulertzeko pribilegioa. Tira, ulertzea, gure mugekin; ez baitakigu zenbateraino den gure garuna ulertzeko gai, noraino iristen den. Baina badugu pribilegio hori, eta horrek ardura bat dakar.

Ardura horrek eraman zaitu, adibidez, politikan aritzera?
Begira: Gerald Holton Harvardeko historialari handiaren artikulu bat irakurri dut, “Xalotasuna eta zintzotasuna zientzian” (Candor and Integrity in Science). Haren esanean, zientzialari izateak bertute edo dohain batzuk ditu berekin. Lehenengoa da saiatzea, ahalegin guztiekin, kezkatzen duen guztia ulertzen. Bigarrena da ez geratzea laborategian gordeta. Laborategiak ezin du izan leku bat mundutik ezkutatzeko, baizik eta lana egiteko tokia, eta munduko arazoetan parte hartzeko betebeharra dakar berekin. Ez soilik baliabideak eskaintzekoa, baizik eta helburuak eztabaidatzera eta zehaztera sartzekoa.

Zientzialariaren zeregina gogoratzeko une egokian gaude, Trumpek lege horiek denak sartu baititu zientzialarien lana oztopatzeko. Zientzialariek ahotsa altxa behar dute, eta arrazionaltasuna babestu, irrazionalki eraso egiten zaionean. 

Zientziak eta jarduera zientifikoak ez dute egiaren dogma, eta beren iritziak, gai askotan, gainerako herritarrenen parekoak dira. Baina irrazionaltasuna goratzen denean, ahotsa altxatu behar dute.

Bada, oraintxe ez ditugu garai onenak bizi alde horretatik…
Juxtu hau da unea, arrazoia erasotua den honetan, jendea ernatzeko eta babestera altxatzeko. Ni publikoan baikorra naiz; pribatuan, beste kontu bat da. Baina publikoan ezkortasuna antzua da. Gizateriaren eboluzioa, egin ditugun astakeria guztiak eginda ere, beti hobera izan da. Iraganeko edozein garai okerragoa izan zen osasunean, aberastasunean, naturarekiko mendekotasunean. Egia da tarteka zuloak daudela bidean; baina, mendeen eskalan, txikiak izaten dira. Hau ere txikia izango ahal da!

Jarduera zientifikora itzulita, zure lorpenen artean, bada baten bat bereziki harrotzen zaituena?
Badaude lorpen txiki batzuk niretzat oso handiak direnak. Adibidez, egoera elektroniko desberdinak aurreikusi nituen materialen gainazaletan, gerora tresna bihurtu zirenak dinamika elektronikoa aztertzeko attosegundoko laserrak iritsi zirenean. Sekula ez nuen pentsatu tresnak egongo zirela nik iradoki nuen gauza txiki bat ikertzeko, eta gero, nolabait, drosofila bihurtu ziren elektroien dinamika ikertzeko gainazaletan [Drosophila edo ozpin-­eulia da organismo erabilienetako bat ikerketa genetikoetan].

Aurreikusi eta idatzi nituen ekuazio batzuk azaltzen dutenak nola galtzen duen energia elektroi batek gainazal baten inguruan mugitzen denean, materialaren arabera, gainazalaren geometriaren arabera… Aurreikusi nuen nola gelditzen diren ioi azkarrak solidoetan, eta baita motelak ere, nire izena daramaten ekuazioekin… Ekarpen txikiak dira, baina ni harrotasunez betetzen naute. 

Ekuazio hauetako batzuk idazteko gai izango nintzateke oraintxe bertan. Esaterako, errazena, plano batena, idatziko dizut.

Arg. Jon Urbe / Foku
 

Aulkitik altxa eta ekuazioa idatzi du arbelean, azalpenak emanaz. Jarraian, zenbait artikulu erakutsi dizkio elkarrizketatzaileari; tartean, 1975eko bat, Rufus Ritchie bere tesiaren zuzendaria izan zenarekin batera idatzitakoa.

Elektroien dinamikari buruz, hemen, Donostian, nire taldearekin egin ditugun lanekin, lider izan gara. Horrek asebetetzen nau.

Taldea aipatu duzu. Izan ere, jarduera zientifikoa talde-lana da
Oro har, zientzia lan kolektiboa da, bi alderditatik. Batetik, aurrekoetan bermatzen zarelako. Hala ere, ez zait gustatzen “erraldoien sorbaldetan” dioen aipua. Newtoni egozten zaio, baina, izatez, askoz lehenago bizi izan zen filosofo batena da: Bernard de Chartres. Newtonek Hooke gutxiesteko erabili zuen, konkorduna baitzen. Horrenbestez, ez zait asko gustatzen. Newtonek ez zuen beste ezer behar bere handitasuna goratzeko. Newton da gizateriaren talenturik handiena, lortu zuenarengatik eta utzi zuenagatik, baina horrek ez du esan nahi moralki zientifikoki bezain gorena zenik.

Eta, bestetik, batzuetan, ikerketa taldean egiten delako. Nik lan asko egin dut taldean; lankidetzan bereziki aditutzat dut neure burua. Norbaitek lantalde batean esaten badu “ideia hori niri bururatu zitzaidan”, ez dago prest lana taldean egiteko. Norbaitek lana taldean egiten duenean, ideia taldearena da. Hala ere, egia da badaudela banako gutxi batzuk jauzi kualitatiboak emateko gai direnak: Newton, Einstein, Watson eta Crick biologian, Darwin… Nik beti diot bi buru handienak Newton eta Darwin direla, biak Cambridgekoak.

Euskarari buruz ere galdetu nahi nizun, beti izaten baituzu gogoan
Bai, euskarak beti erakarri nau. Maitasun-kontua da; beti iruditu zait gurea den zerbait. Eskolan, Izaban, ez nuen euskara ikasterik izan, baina, gero, ikasteaz arduratu nintzen. Eta ezin dut ulertu gaur egun oztopoak jartzea euskararen garapenari. Ekologia hainbeste babesten den garai hauetan, ulertzeko zailak dira Nafarroan talde batzuek jartzen dizkioten trabak. Euskarak iraun dezan, aurrera egin dezan, gogoa behar da. Euskaldun izateko gogoa. 

Niri Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea ezartzea egokitu zitzaidan [frankismoaren ondoren eratutako lehen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu izan zen], eta gustura egin nuen. Orain erabilera da erronka, baina orduan bermatu behar zen euskaraz bizi nahi zuenak egin ahal izatea, aske, eta modu eraginkorrean. Eta horrek betebeharrak ekarri zituen, ez hiztunarentzat, baizik eta administrazioarentzat. Arlo batzuetan ondo garatu zen, adibidez, hezkuntzan; eta beste batzuetan, ez. Epaitegiak azken horren adibide argia dira. Baina legea Euskal Autonomia Erkidegoan dauden administrazio guztiek bete behar dute; ez bakarrik hemengoek. Alegia, Espainiako armadak ere bete beharko luke, irakasleek bezalaxe.

Hor badago zeregina oraindik… Eta zientzian, zer geratzen da egiteko?
Inoiz ez dugu jakingo zer geratzen den. Inoiz ez. Definizioz, ezin dugu jakin ez dakiguna. Ez dakigu munduaz dugun pertzepzioa eta errealitate fisikoa bat datozen. Fisikaren aurrerapena asintotikoa da. Hurbiltzen goaz, baina inoiz ez dago behin betiko erantzunik. Ez dakigu gure garuna dena ulertzeko gai izango den ere. Agian, orain, adimen artifizialarekin, ezagutzeko eta ikasteko beste modu batzuk lortuko ditugu.

Gauza bat argitu nahiko nuke kuantikari buruz. Izan ere, boladan dago esatea ez dugula ezer ulertzen. Ez da egia; asko ulertzen dugu. Ulertzen dugu, esaterako, aluminioa metal bat dela eta erdieroale bat dela, eta hori zergatik den ere ulertzen dugu. Ulertzen dugu taula periodikoa… Egia da batzuetan zehaztu behar dela zer ulertzen dugun ulertzeaz. 

Edozein modutan, jakintzaren aurrerapenak beti ekarri ditu eta ekarriko ditu galdera berriak. Eta, une batzuetan, jauzi kualitatiboak gertatzen dira. Aurkitzen ditugu ez genekiela ez genekien gauzak; ezjakintasun inkonzientea da hori. Zirkuko pistan pailazoa argitzen duen fokua bezala da: fokua oso itxia dagoenean, pailazoa bakarrik ikusten da. Ez dakigu iluntasunean beste ezer ba ote dagoen ere. Fokua zabalduz gero, gauza gehiago ikusten ditugu, baina, aldi berean, handitu egiten da ikusezinaren perimetroa.

Zientzialariok Miletoko Talesen sorginkeria joniarrean sinesten dugu. Alegia, sinesten dugu arazoak konpondu daitezkeela, eta ahalegintzen bagara, ikertzen badugu eta galdetzen badugu, erantzuna lortuko dugula. Eta horrek ekarriko dizkigun galderak ere erantzungo ditugula. Eta iritsiko garela uler daitekeen mundua ulertzera. Fede hori da zientzialaria bultzatzen duena. Horregatik, zientzialaria baikorra da, berez.

Arg. Jon Urbe / ©Foku
 

Zu zeuk ikertzen jarraitzen duzu?
Ez. Nire zeregina DIPCren lehendakari exekutiboa izatea da. Noizbehinka, elektroien dimanikan eta kontu horietan aholkua ematen diet, baina jada ez ditut kalkuluak egiten. Komunikazio-lanetan aritzen naiz gehienbat. Punta-puntako lana egiten dugu zentroan. Lau ikerketa-lerro nagusi ditugu: quantum, nano, life eta cosmos; eta zeharkako hainbat proiektu ere baditugu. Berriki, bizitzaren jatorriari buruzko lan garrantzitsu bat argitaratu dugu. Juan Manuel Garcia-Ruiz ari da horrekin, eta Millerren esperimentu ospetsuan aldaketa bat eginez etorri da emaitza. 

Honek pizten nau. Ikusteak zer mailatako ikertzaileak ditugun; alderdi pertsonaletik ere, apartak. Hemen parean edukiko dugu ordenagailu kuantikoa, eta, Javier Aizpuruaren zuzendaritzapean, ekarpen izugarria egingo dio gure ikerketa-­ekosistemari. Gauza hauek pizten naute, eta poza ematen didate. Ikusten duzu ze erraz pozten naizen...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia
Teknologia
Lehen mugikor adimentsua

Egungo bizimoduan “pertsona bat gailu bat” mantra bete dela argi dago. Gailu barik ere bizi daiteke, eta oso ondo bizi, baina aukera hori gutxi batzuen luxua eta/edo hautua bilakatu da.

Ezagun batek semeari lehen mugikor adimentsua eman behar ziola-eta, zenbait... [+]


2025-07-23 | Civio
Hiru melanomatik batean erratu eta azal iluneko pazienteak alboratzen dituen algoritmoa

Osakidetza lanean ari da Asisa aseguru-etxe pribatuaren filial baten Quantus Skin sistema osasun-zentroetan ezartzeko, 1,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Adituek kritikatu egin dute adimen artifizialeko sistema hori, emaitza "eskasak" eta "arriskutsuak"... [+]


Sare sozialetatik ihes egin duten gazteak: “Saturatuta bukatu nuen”

Gazteak dira, jaiotzetik aro digitala baino ez dute ezagutu, eta hiperkonexioaz eta estimulu jarioaz nekatuta/nazkatuta amaitu dute. Gutxiengoa dira, baina garbi dute sare sozialen zurrunbilotik ihes egitea hoberako izan dela: "Ez da alarmismo kontua, baina jakin behar dugu... [+]


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


Teknologia
Whatsappa utzi

Ez naiz buruan ideia hau darabilen bakarra, asko gara munduan Whatsapp eta Telegram mezularitza aplikazioak hartzen ari diren botereaz kontziente bide hori jorratu nahi dugunak.

Familia, lagunak, komunitateak, lana, komunikabideak... Mezularitza aplikazioekin dena dugu... [+]


2025-07-16 | Jone Gartzia
Osasun-langileak falta dira, ala borondate politikoa?

Azkenaldian osasun publikoaren egoera kaxkarra justifikatzeko erakunde publikoek gero eta sarriago aipatzen dute mediku eta espezialisten premia dagoela. Ez omen dago eskaria asetzeko nahikoa langilerik. Eusko Jaurlaritzak ardura osoa Espainiako Osasun Ministerioari egozten dio,... [+]


Pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarteak batu dira, deseskalatze digitala eskatzeko

Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria”... [+]


2025-07-14 | Sustatu
Ez fidatu Osakidetzan ‘Quantus Skin’ azterketa egiten badizute

Civio fundazioak salatu duenez, Osakidetzak darabilen AA sistema batek (Quantus Skin) kontratuan agindutakoa baino askoz efikazia gutxiago dauka. 1.6 milioi euroko inbertsioa da, larruazalaren melanoma minbiziak detektatzea du helburu, eta bere emaitzak eskatu zuen %85eko... [+]


Teknologia
Bitxoak

Palentziako amama oso emakume soila zen hitzetan. Bazituen zenbait hitz dena adierazteko balio zutenak, tartean bitxo hitza: berba horren baitan kabitzen ziren zomorroa, behia, txakurra... eta batzuetan baita gizakia ere. Bitxoek auzokide latzak dituzte gizakiongan, ez baikara... [+]


B hepatitisaren kontrako txertoaren garrantzia azpimarratu du NOPLOIk

2023tik 2024ra erregistratutako kasuak aztertu ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Arreta berezia jartzen dute haurtzaroan, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa delako hepatitisa kronifikatzea.


Julia Mengolini kazetari argentinarrak Milei salatu du, bere aurkako “gorroto kanpaina” bat aireratzeagatik

Adimen Artifizialaz egindako bideoak sareratu dituzte, Mengolini difamatzen dutenak. “Gorrotoa bultzatzea, indarkeria kolektiboa eta bortxazko mehatxuak” izan direla salatu du kazetariak, eta zigor bideari ekingo diola.


Teknologia
Isileko itzultzaileak

Pasa den astean kontabilitatea egiteko software libreko programa instalatu nuen ordenagailuan. Ez dakit lurralde guztietan berdin izango den, baina Bizkaian jarduera ekonomiko bat garatzen dugunok Batuz atarian egin behar ditugu fakturak. Batuz ataria ondo dago, baina... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Eguneraketa berriak daude