Zer aldatu da ARGIA.eus berrituan?

  • Hainbat hilabeteko talde lanaren ostean, ARGIA.eus berritu dugu. Diseinu aldaketarekin webgunea tendentzia berrietara egokitzea izan da asmoa, eta horrekin batera, erabiltzaileak ikusiko ez badu ere, administrazio atal osoa berritu dugu, zeinak lagunduko digun kazetaritza hobea egiten.


2023ko urtarrilaren 25ean - 14:09
Azken eguneraketa: 23:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nagusiki, informazioa hobeto antolatu, hierarkizatu eta aurkeztea da aldaketaren helburua. Argia.eus-eko orain arteko bi zutabe bertikal nagusien eskema alde batera utzi eta bloke horizontalagoen bidez sailkatuko dugu aurrerantzean informazioa. Besteren artean, gailu mugikorretarako askoz egokiagoa da egitura hau.

Diseinua ere findu dugu: tipografiak aldatu ditugu, koloreen erabilerarekin webgune garbiagoa egiten saiatu gara eta atal ugariak hobeto bereizi ditugu. Azken batean, egitura aldatu dugu, irakurterrazagoa izan dadin webgunean publikatzen dugun informazioa.

Ikusita mugikorren bidez sartzen direla milaka lagun egunero ARGIAra, gure webgunearen mugikorren bertsioa ere berrituko dugu. Artikuluen diseinu orokorrak aldatu direla ohartuko dira maiz bisitatzen gaituzten irakurleak.

Multimediak ere bultzada jasoko du, eta podcastez gain, ikus-entzunezkoen produkzioak ere leku nabarmena izango du. Esparru honetan berrikuntzak dauzkagu. Orain dela hainbat urte hasitako elkarlana sakondu dugu ARGIA eta Redfishen artean. Bigarren hedabide hau, Ukrainako guda hasi denetik, zentsura eraso handia jasotzen ari da eta egiten dituzten nazioarteko aktualitateari buruzko bideoak ARGIAn zabalduko ditugu, azaletik bertatik.

 

Gure ustez, mundu mailan jaun eta jabe den botere mediatiko neoliberalaren aurrean, kazetaritza independentea egiten duten hedabideek elkar lagundu behar dute, batez ere agendak partekatzen eta intereseko gaietan, elkarri oihartzun egiten. Hedabide handienek oso tresna boteretsuekin etengabe egiten dute hori, hala nola agenda partekatzen, albiste-agentziekin informazioak azkar eta ikuspegi berarekin zabaltzen, eta sare sozialetako multinazionalen konplizitatearekin beti hedabide hauek sustatuz.

Administrazio atala ere berrituta

ARGIAren webguneak 25 urte dauzka –hemen gaiari buruz Itsaso Zubiriak landutako erreportajea–, eta ikusten ez bada ere, barrualdeko administrazio gunea adabakiak bata bestearen gainean jarriz eraikita dago. Hasieran, digitalizatuta zeuden elkarrizketak eskaini ziren webgunean, gero astekariko erreportajeak, ondoren albisteak idazten hasi ziren, hemeroteka sareratzen hasi, multimediak, blogak, etiketak, online azoka… Atal bakoitza egin zen unearen erradiografiak dira ARGIAren webgunearen tripak –gaur gaurkoz 120.000 artikulu ditugu indexatuta, eta etorkizun hurbileko proiektua da 1919 urtera arteko guztia berdin eskaintzea–, eta lanerako moldatzen baginen ere, honetan ere, garai berrietara egokitzeko beharra ikusten zuen lantaldeak.

ARGIAren kazetaritza proiektua estimatzen baduzu, ARGIAkoa egitera animatu nahi zaitugu. Prezio finkorik gabe eta elkartasunean oinarrituta, zuk zeuk aukera dezakezu zenbateko ekarpena egin nahi duzun eta bueltan zer jaso nahi duzun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2025-10-16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025-09-29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

2025-09-18
Publizitate instituzionalaren negozio ezkutua Espainiako Estatuan
Gardentasuna ala adiskidetasuna?

2025-08-20
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Eguneraketa berriak daude