Puntuz puntu, sarea indartzen

  • Mundu digitalean eragiteko, bakoitzak jokatzen ditu bere kartak. Gezurretan ibili zaitezke, egia esan dezakezu, parekoaren babesik gabe bakarrik aritu, edo talde-lanean egin aurrera. Handira joka dezakezu ala txikira. Edo txikirako kartak edukita handiari ere puntua ateratzea lortu. Mahai-joko horren bueltan dabil ARGIA 1997an internetera jauzi egin zuenetik: bide berriak esploratzeko beldurrik gabe eta zer pentsatua emango duten euskarazko eduki kritikoak ahalik eta gehien zabaltzeko helburuz. Hori guztia proiektua babesten duten milaka herritarri esker.

ARGIAren Lasarte Oriako erredakzioa gaur egun. Interneten bide luzea egin du hedabideak eta multimedian jarri ditu azkenaldian indarrak (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Ordenagailua piztu, telefonoaren kablea zulo batetik bestera pasa, interneten murgildu eta Sareko Argian sartzeko lehen aukera izan genuenetik pasa dira jada hogeita bost urte. Hogeita bost urte kazetaritza egiteko joko-arauak aldatu zirenetik. Baina zertan da gaur egun ARGIAko talde txiki hori eta zein ditu aurrera begirako erronkak?

Txikia den kultura batean, talde txiki bati eragiteko bide berriak ireki zizkion internetek. Egon zen garai bat, duela hamar urte inguru, sare sozialen sorrerarekin, hedabide txikiak handien mailan ikusi zirena jarraitzaile kopuruetan. Sinestezina zen. Sekulako aukera. Baina hamar urte hauetan gurpilak bere martxan jarraitu du eta erakunde eta botereak ondo enkargatu dira hedabide zehatz batzuei finantzazio eta baliabide gehiago emateaz, berriz ere gailendu daitezen mundu digitalean. Partida bizi-bizirik da oraindik.

Sare sozialetan pixka bat erreparatzea nahikoa da ikusteko handiek duten boterea, nola dauden antolatuta, nola egiten dioten oihartzuna elkarri... Eta horri aurre egitea zaila da. ARGIAko lantaldeak garbi du hori, garbi duen bezala, ordea, lan txukuna eginez erreferentzialtasuna irabazi eta jarraitzaile berriengana iristeko aukera duela; eragin dezakeela mundu digitalean.
Webguneko azal berria
urte berriarekin

Joko-eremua Argia.eus da. Hemen maneiatzen ditu bere kartak ARGIAk, gero eduki horiek sare sozialen bitartez zabaltzeko. Hogeita bost urte bete ditu webguneak, eta azalberritu bakarrik ez, tripak ere garbitu dizkiote. Zertxobait zaharkituta zegoen administrazio aldetik eta lanerako tresna funtzionalago bat antolatzeko baliatu dira mende laurdenaren efemeriderako egindako webgunearen apainketak (ikusi koadroa). Mugikorretatik modu errazean lan egiteko prestatu da, eta erabiltzailearen paperean jarrita ere, gailu horiek oso kontutan hartu dira oraingoan.

ARGIAko erredakzioan lanean (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Multimedian ari dira jartzen indarrak ARGIAko kazetariak. Azken lauzpabost urteetan asko zentratu dira podcastetan, hori baita gaur egun joera. Ordura arte gehiago aritu izan ziren bideo-erreportaje estiloan, baina erritmoa bizia da eta aldaketak eskatzen ditu uneoro; partida non jokatzen den begiratu behar da, tendentziei pista ez galdu eta hor espazioa bilatzen saiatu. Plato bat ere estreinatu berri dute Berezkoa Ta Naturala ikus-entzunezko bezala grabatutako irratsaioarekin, eta aurrera begirako proiektu gehiago ere ari dira prestatzen datozen hilabeteetarako. ARGIArentzat estrategikoa den Bizi Baratzea proiektu arrakastatsua formatu honetara egokituta ekartzeko asmoa dago, besteak beste.

Aldaketa konstantea da eta interneten atzean geratzea erraza. Gauza asko abarkatzearekin itsutu gabe, helburua da puntu indartsuenak identifikatzea, hor edukiz eta formaz gauza txukunak egin, berritu ahal den neurrian berritu, eta bisitekin eta jarraitzaileekin egoskortu gabe, eragite horretan jartzea fokua.

Eduki asko sortzen du ARGIAk, papererako bezala webgunerako, eta lortu behar du energia hori optimizatzea, egiten duenari “etekina” ateratzea, herritarrari ikuspuntu kritikoa duten produktuak eskaintzen jarraitzeko formatu anitzetan. Aldizkaria, internet eta multimedia elkar gehiago elikatzean zentratzen dira lantaldeko kideak. Dena proiektu bera da eta baterako egiten den lanak besterako ere balio dezake, sinergiak hobetu eta proiektuak modu integralean diseinatzen badira. Interneten funtzionatzen hasi zirenean bikoiztasunarekin zituzten beldurrak uxatuta, gaur egun papereko erreportaje bat sarerako moldatzeaz gain, erabiltzen dute, adibidez, podcast formatua astekarirako egindako elkarrizketa edo erreportaje batez jarduteko, informazioa gehitzeko, beste erreferentzia batzuk emateko, inprobisaziorako tartea edukitzeko... Eta alderantziz, multimediarako sortutako lanak ere moldatzen dituzte papererako.

Editoretza sistema, aktualitatearen galbahea

25 urte hauetan internet bera izugarri aldatu den bezala, bertan jarduteko moduek ere garapen bat izan dute, eta azken aldaketa oraintxe egin dute ARGIAko kazetariek, webguneko eguneroko lan antolakuntzan editoretza sistema berria jarri dute abian urritik aurrera, gogoeta prozesu baten ondorio. Matomo aplikazioak emandako estatistiken arabera bisita kopuruak gorantz egin du orduz geroztik, zenbait egunetan hirukoiztu egin dira.

Enbor bera badute ere bi adar dira papera eta sarea, guztiz lotuta baina modu desberdinean lantzen direnak. Argia.eus egunkari digital bat izatera iritsi da, egunerokoari heltzen dio. 4.000tik gora pertsonak jasotzen dute, iluntzero buletin formatuan, eguneroko lan horren emaitza: hogei albiste eta erreferentziatik gora, euskaraz. ARGIAren tresna digital estrategikoenetakoa da –astean behin 7.000 lagunetik gorak jasotzen duten Bizi Baratzea buletin elektronikoarekin batera–. Baina nola antolatzen da lan hori etxe barruan? Atzora arte kazetari guztiak aritu dira webgunearen arduradun eta albistegintzan errotazio-sistema baten bitartez. Astean egun bat zuen bakoitzak egokituta. Orain ere denek hartzen dute parte lan horretan, baina webgunearen ardura lankide batzuek dute eta antolatzeko era beste bat da: erredakzioan dauden gaikako lantaldeek (politika, ingurumena, ekonomia, gai sozialak, hezkuntza, osasuna, kultura, euskara, feminismoa…) pisu handiagoa dute bai aktualitatearen galbahea egiterako orduan –aurreikuspen ahalik eta handienarekin jokatuz–, bai eduki horiek idazterakoan, baita jarraipenean ere.

Nola banatzen dira lan horiek? Goizero, bilera egiten dute aktualitatearen galbahean parte hartzen dutenek, gaikako lantaldeetako ordezkariek eta webgunea txukuntzeaz, antolatzeaz, edukiak egoki zabaltzeaz eta webguneko eduki guztiaren puzzlea egiteaz… arduratzen direnek. Horrela, denen artean gaurkoaren eta datozen egunen aurreikuspena egin eta lanak banatzen dira. Hala lortu dute webgunea izatea erredakzioak kontsentsuz adostutakoaren emaitza, egun horretan eta ondorengoetan webgunean kontatzen dena izatea erredakzioak uste duena kontatu behar zaiola egun edo aste horretan herritarrari, ARGIAren irizpide propioen arabera eztabaidatu eta adostuta.

Aktualitate zer kontsideratzen den subjektiboa da, nork zer kontatu nahi duen. ARGIAk bere agenda propioa du, beretzat garrantzitsua denari espazioa emanez, bere irizpide eta iturrien araberako filtroa pasata. Eta hori gaian espezializatutako kazetari batek kontatzea da helburua, ahalik eta informazio zorrotzena, sakonena eta kalitatezkoena eskaintzeko. Gaurkoari bihar eta etzi ere jarraipena eman eta modu pausatuago eta lasaiago batean erreakzio, iritzi eta ahots desberdinak bildu. Hori guztia, gainera, milaka etxetara astero iristen den aldizkarirekin uztartuz.

Abiaduraren sarean erortzeko arriskua

Abiadura bizian garamatza sareak eta engantxatu egiten du. ARGIAk ere izan zuen abiaduraren lehian erortzeko arriskua, “bost sortu baino, hamabost hobe”, pentsatzekoa. Abailan garamatzate sare sozialek baina mundu horren aurrean badago beste bat patxada pixka bateko edukiak ere eskertzen dituena. Hor du ARGIAk indarguneetako bat, eta horregatik, aspalditik apustu egin izan du arnas luzeko kazetaritzaren alde, patxadaz entzun, irakurri eta ikusteko edukiak sortuz.

Oinak lurrean izatea komeni da, eta ondo pentsatu zer eskaini nahi zaion jendeari. Ez da ahaztu behar, besteak beste jarraitzen zaituztela konfiantza ematen diezulako, merezi duten edukiak lantzen dituzulako, eta abiaduraren gurpil zoroan erortzen bazara jarraitzaileak ere horretara eramango dituzu.

Modan dagoen ezertan sartu aurretik, galderak izan behar luke: balio digu gure edukiak eta baloreak zabaltzeko?

Emaitzan nabaritzen da. Kalitatezko prentsa egin nahi du ARGIAk, eta horretarako, azken orduko albiste garrantzitsuenen berri emateari utzi gabe, nahiago du aktualitateari jarraipena egin azken orduaren diktaduran erori gabe, ertz desberdinak aztertuz, gaian adituen iritziak jasoz eta erreportaje sakonagoak onduz.

Nor-Nori-Nork

Badirudi interneten denok hasten garela zerotik. Denok gaudela pareko. Gure merituen arabera joango garela jarraitzaile gehiago edo gutxiago lortzen. Jokoak ez du arau hori bakarrik, ordea. Nor dago interneten atzean eta nork erabakitzen du zer nori erakutsi eta zein ordenetan? Algoritmo ditxosozkoak. Hor kokatzea ez da hain erraza, plataforma askotan ez baituzu zure edukien kontrolik, eta nahiz eta eduki txukunak sortu, beste esku batek erabakitzen baitu zu lehen lerrora eraman edo hamargarrenera.

Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea izango da berrikuntzetako bat (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Hobeto ulertzeko, adibide bat: gogoratzen Facebookek hasieran nola funtzionatzen zuen? Bazenituen 50 lagun –zifra bat botatzearren– edo atsegindako orrialde. Horiek zerbait publikatzen zutenean agertzen zen zure horman modu kronologikoan eta beherantz eginda joaten zinen berrienetik zaharreneraino ikusten. Gaur egun plataforma bera da algoritmo bidez zuri zer ikustea "interesatzen" zaizun erabakitzen duena, eta badoa erakutsiz publizitate pixka bat, duela astebete ARGIAk publikatutako albiste bat eta lagun batek orain dela bost minutu zintzilikatutako argazkia. Beraz, lehen ARGIAren jarraitzaile guztiek jasotzen zuten egunean zehar argitaratuz zihoana eta oihartzuna lortzen zuen, erreakzio batzuk, edukiak zabaltzea. Aldiz, gaur egun ia 28.000 jarraitzailerekin albiste batzuk izugarri zabaldu arren, argitaratutako beste batzuek ez dute atsegin dut bat bera ere jasotzen. 28.000 horietatik inori ez zaio gustatu argitaratutakoa? Ala akaso askori ez zaio agertu ere egin?

Peertube, Mastodon...bide berrien bila

Interneteko handiak jada ez dira hedabideak bakarrik, plataformak munstro indartsuak dira eta informazioaren mundu honek behartzen zaitu adi ibili eta bide berriak topatzera. Telegram eta Mastodonekin asko funtzionatzen du ARGIAk gaur egun, gutxi edo gehiago, edukiaren kontrola duelako plataforma horietan. Bideoak zintzilikatzeko Peertuberen kasuan bezala. Teknologia burujabetzarako bidean, nork bere zerbitzariak edukitzea garrantzitsua da, ez bakarrik erabaki politiko moduan edo filosofia bezala, praktikan ere, ziber-erasoen aurrean ohartzen zara bestela salduta zaudela.

Argia.eus berriturik dator, urte berriarekin

[Lander Arbelaiitz Mitxelena] Hilabeteak daramatzagu ARGIA.eus berritzeko lanean, eta azken ukituak ematen ari gara, ahalik eta txukunen aurkezteko.

Erreportaje honek azaldu bezala, ARGIAren webguneak 25 urte dauzka, eta ikusten ez bada ere, barrualdeko administrazio gunea adabakiak bata bestearen gainean jarriz eraikita dago. Hasieran, digitalizatuta zeuden elkarrizketak, gero astekariko erreportajeak, ondoren albisteak, hemeroteka, multimedia kanala, blogak, etiketak, online azoka… Atal bakoitza egin zen unearen erradiografiak  dira ARGIAren webgunearen tripak –gaur gaurkoz 120.000 artikulu ditugu indexatuta, eta etorkizun hurbileko proiektua da 1919 urtera arteko guztia berdin eskaintzea–, eta lanerako moldatzen baginen ere, honetan ere, garai berrietara egokitzeko beharra ikusten genuen.

Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea. Hori izan zen berrikuntza honen abiapuntua duela urtebete inguru; beraz, erabiltzaileentzat ikusezina izango den arren, lanerako darabilgun tresnaren administrazio gunean aldaketa oso garrantzitsua da. Zenbat eta tresna modernoagoak, lanaren emaitza hobea izango delakoan gaude.

Hala ere, 25. urteurrena baliatu nahi izan dugu webgunearen alde publikoa ere eraberritzeko. Nagusiki, informazioa hobeto antolatu, hierarkizatu eta aurkeztea izango da helburua. Argia.eus-eko bi zutabe bertikal nagusien eskema alde batera utzi eta, hemendik aurrera, mundu mailan nagusitu den joerarekin bat egingo dugu: bloke horizontalagoen bidez sailkatuko dugu informazioa. Besteren artean, gailu mugikorretarako askoz egokiagoa da.

Multimediak ere bultzada jasoko du, eta podcastez gain, ikus-entzunezkoen produkzioak ere leku nabarmena izango du, esparru horretan informazioa eskaintzen eta eragiten jarraitzeko asmoa baitugu.

Diseinua ere finduko dugu, horrenbeste artikuluren artean nabigazioa atseginagoa izan dadin. Eta ikusita mugikorren bidez sartzen direla milaka lagun egunero ARGIAra, gure webgunearen mugikorren bertsioa ere berrituko dugu. Aurkezpena urtarrilaren 10ean izango da, eta behin hau amaituta, baditugu datorren urtean egin nahi ditugun proiektu indartsu gehiago.
Azken hilabeteetan Argia.eus-era interneteko erabiltzaileek egiten duten bisita kopurua bikoiztu egin da, eta uste dugu azala berritzeak lagunduko duela gure webgunera etortzen direnei ongietorri elegante bat ematen.

Dena den, ARGIA sarearen esperimentazio fasean dago, beti egon izan den moduan. Badaki  plataforma asko multinazionalenak direla, eta noizbait kontu horiek itxiz gero hor dagoena gal dezakeela, baina ez dio uko egin nahi sareko ikusgarritasunari eta jendeari. Bere lekua topatzen ari da, eta esparru horiek ere aprobetxatu nahi ditu bere edukiak ezagutarazteko, eroso dagoen lekuan geratu gabe bide berriak irekitzeko.

“Modan” dagoelako zerbaitetan sartu beharrean, galderak izan behar du: balio digu gure edukiak eta baloreak zabaltzeko? Gure kazetaritza egiteko? Hala bada erabiliko dugu, baina ARGIAren esentzia mantenduz. Lengoaia kontua da, ez sare sozial bat ondo edo gaizki dagoen. Lortu behar duzu zuk esan nahi duzuna eta zure edukiak hor txertatzea. Berezkoa Ta Naturala Bertso Txapelketa Nagusiaren inguruko saioan Tik Tok-era egin dute jauzi, adibidez. Ez ditugu kazetariak dantzan ikusiko (espero), sortzen dituzten edukiak hedatzeko kanal bezala erabiliko dute, kazetaritza zabaltzeko.

Sare sozialetan erreparatzea nahikoa da ikusteko handiek duten boterea, nola dauden antolatuta, nola egiten dioten oihartzuna elkarri

Formatuak egokitzen jakitea da gakoa. Ez du esan nahi sortzen den guztia formatu berdinean jarri behar denik sare sozial guztietan. Bakoitzak ditu bere arauak. Tik Tok edo Instagram, adibidez, oso gauza motzak igotzeko lekuak dira, baina aprobetxatu daiteke prestatutako eduki luze baten zati txiki batzuk jarri eta ARGIAren lana hor ere erakusteko. Garrantzitsuena, azkenean mamian dagoena helaraztea baita.

Edukiak libre

Hala izan da hasieratik. Sortu zen zalantzetako bat izan zen 1997 hartan: sareko eduki guztiak libre jarri behar ote ziren ala ez. Taldeak aho-batez erabaki zuen baietz, gurea kultura txikia dela, euskaraz ari garela lanean eta helburua izan behar duela gure lanak ahalik eta jende gehienengana iristea. Hogeita bost urteren ondoren helburuak bera izaten jarraitzen du eta etxe barruan erabakia irmoa da. Gaur egun, hedabide ugarik giltzarrapoa jartzearen edo edukiak mugatzearen aldeko hautua egin duten arren, asko dira ARGIAk defendatzen duen eduki libreen kultura praktikara eraman eta horiek partekatuz eragina bidekartzen duten medioak.

ARGIAren webgunean erreportaje, elkarrizketa eta eduki guztiak doan aurki ditzakezu irakurtzeko eta osorik zabaltzeko, Creative Commons-BY-SA lizentzia librean. Multimedia kanalean ere euskarazko ehunka dokumental, solasaldi, film-labur eta ekitaldi daude ikusgai. Eta hau guztia posible bada, ARGIA ekonomikoki babesten duten milaka herritarrei esker da. Segi dezagun, puntuz puntu, nahi dugun sare hori indartzen.
 



Argia izan zuten

 

ARGIAren on-line bertsioaren eta beste hainbat berrikuntzen aurkezpena 1999an (argazkia: Alberto Elosegi / ARGIA)

1997 da ARGIAn inflexio puntua. Astekaria bakarrik egitetik Sareko Argia elikatzera pasatzen dira. Interneten daude. Urte gutxiren buruan ordura arte pentsaezinak ziren gauzak egiteko gai izango diren mundu batean sartu dira, baina pixkanaka joango dira irekitzen leiho berriak. Oraingoz, digitalizatuta duten informazioa zintzilikatu dute.

Euskal kulturaren eta euskal komunikazioaren esparruan lehenengoetarikoa izan zen ARGIA sarerako saltoa ematen. Ttipi Ttapa hedabidea izan zen bestea. Argia izan zuten, bista, edo zortea.

Dena den, ARGIAren kasuan internetarekin egindako apustua ezin uler liteke Ametzagaiña enpresa taldearen logikatik kanpo. Adur informatika kooperatibak, Antza inprimategiak eta ARGIAk osatu zuten 1997an irabazi asmorik gabeko erakundea, Ekonomia Intereseko Talde forma juridikoaren pean. Gerora gehitu zen Iametza Interaktiboa. Zein ziren sorburuko helburuak? Enpresa bakoitzaren berezko jarduera garatzeko lankidetza, teknologia berrien ikerketa eta garapena, eta proiektu berriak aurrera eramatea, zeuden sinergiak horretarako baliatuta. Elkartutako hiru enpresen ikerketa eta garapen beharrizanak betetzea zen asmoa –eta izaten segitzen du–, euren jatorriko asmoei eutsi eta indartu ahal izateko ezinbestekoa zaien maila teknologikoa lortu ahal izan zezaten.

Erdiz erdi jotzen du interneterako pausuarekin. Teknikoki oso pertsona kualifikatuak zeuden taldean, posible egin zezaketenak proiektu hori, eta, ARGIAk, taldearen babesik ezean, zail izango zuen mundu digitalerako bide hori egin eta Euskal Herrian aitzindari izatea.

1999an erredakzioan lanean (argazkia: Alberto Elosegi / ARGIA)

ARGIAko elkarrizketen historikoa

1997rako eginak zituzten etxeko lan batzuk. Antza inprenta bera neurri handi batean digitalizazioari  lotua zegoen eta haren laguntzarekin osatu zuten ARGIAk urteetan zehar egindako elkarrizketen bilduma, CD-ROM formatuan. Beraz, webgunea prestatu zutenerako bazuten denen eskura zintzilikatzeko lehen materiala. Hortik aurrera, hasi ziren astekariko pusketa batzuk zintzilikatzen –aldizkari osoa ezin izan baitzuten jarri hilabete batzuetan–, ondoren urtekariko edukiak, albisteak, 2007an heldu ziren lehen multimedia lanak, sare sozialak gero, eta argiaren abiaduran gaur arte.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komunikazioa
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude