Verterrek amiantoa isurtzeko baimena eskuratu zuen Jaurlaritzak ez ziolako eskaerari erantzun

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ARGIAri jakinarazi dio zehazki zein prozeduraren bidez eskuratu zuen Verter Recycling 2002 enpresak Zaldibarko zabortegian amiantodun hondakinak isurtzeko baimena: enpresak Jaurlaritzari eskaera egin zion adieraziz hondakin arriskutsu hori hartzen hastea ez zela "funtsezko aldaketa" eta administrazioak hilabetean ez zionez erantzunik eman, baimena eskuratu zuen.


2020ko martxoaren 02an - 06:16
Argazkia: Dani Blanco.

"2011ko apirilean [Verter Recycling 2002] enpresak eskatu zuen baimendutako hondakinen artean fibrozementua gehitzeko, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 16/2002 Legearen barruan. Lege horren 10.2 artikulua aplikatu zitzaion eskaera horri, zeinak esaten duen hilabeteren buruan ez badu ezezko erantzunik jasotzen, jarduera burutu dezakeela. Eta Ingurumen Baimen Bateratuari 2013an egin zitzaizkion aldaketek jaso zuten modu zehatzean aldaketa hori, alegia, fibrozementudun (amiantoa) eraikuntza-materialak baimendutako hondakinen artean sartzen zirela". Iñaki Arriolak Diputazio iraunkorrean egin bezala, Ingurumen Sailak gogoratu du lehen aldiz amiantodun hondakinak 2012an jaso zituela zabortegi horrek, hau da, aipatutako prozeduraren ondoren.

Hori da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Zaldibarko zabortegiko espedientea ezagutzen duen ikuskariarekin kontsulta egin ostean, ARGIAri orain eman dion azalpena. Irakurleak gogoratuko du, hedabide honek argitaratu zuela 2012an hartu zituela Zaldibarko zabortegiak lehen amiantodun hondakinak, 2013ko Ingurumen Baimen Bateratuak horretarako baimena eman baino urtebete lehenago. Ingurumen Sailak Twitter bidez ARGIAri erantzun zion 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuak jada jasotzen zuela amiantoa isurtzeko baimena eta hondakinak sailkatzeko erabiltzen den Europako LER kodeari buruzko irakurketa okerra zabaldu zuen. ARGIAk informazio hori okerra zela argitaratu zuen.

Eztabaida horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak adierazi dio ARGIAri Verter Recycling enpresari 2012an amiantoa isurtzeko baimena emateko modua goian azaldutakoa izan dela. Pilar Unzalu PSEko kidea zen garai hartan Ingurumen Sailburua, Patxi Lopezen gobernuan.

Gako nagusia: amiantoa hartzen hastea ez zuten "funtsezko" aldaketatzat hartu

Hemen kontsulta daiteke gaztelaniaz Jaurlaritzako Ingurumen sailak aipatzen duen "Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea". Lege horretako 10. artikulua euskaratu dugu, berau aplikatuta eman baitzuen ontzat 2012an Verterrek amiantoa Zaldibarko zabortegian isurtzea.

Arreta deitzen dute hirugarren eta laugarren puntuek: Verterrek hondakin arriskutsu gisa katalogatutako amiantoa hartzen hasteari ez zion aldaketa "funtsezko" deitu, eta Jaurlaritzak hori ontzat eman zuen, hilabetean ezer erantzun gabe.

10. artikulua: Instalazioaren aldaketa
 1. Ingurumen Baimen Bateratua behar duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa izan daiteke.
 2. Instalazio baten aldaketa funtsezkotzat jotzeko, kontuan hartuko da proiektatutako aldaketak eraginik handiena izango duen segurtasunean, pertsonen osasunean eta ingurumenean, arlo hauetan:
   a) Instalazioaren tamaina.
   b) Instalazioak erabilitako baliabide naturalak.
   c) Uraren eta energiaren kontsumoa.
   d) Hondakinen bolumena, pisua eta tipologia.
   e) Eragina izan dezaketen eremu geografikoetako baliabide naturalen kalitatea eta birsortzeko gaitasuna.
   f) Sortutako kutsadura-maila.
   g) Istripu-arriskua.
   h) Sustantzia arriskutsuen erabilera berria gehitzea edo areagotzea.
 3. Aldaketa bat egin nahi duen instalazioaren titularrak Ingurumen Baimen Bateratua emateko eskumena duen organoari jakinarazi beharko dio, eta, arrazoituz, aurreko paragrafoan adierazitako irizpideei jarraituz, adierazi beharko du ea uste duen aldaketa hori funtsezkoa den edo ez. Jakinarazpen horrekin batera, azaldutako arrazoiak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira.
 4. Instalazioaren titularrak uste badu proiektatutako aldaketa ez dela funtsezkoa, aldaketa hori gauzatu ahal izango du, betiere Ingurumen Baimen Bateratua emateko eskumena duen organoak ez badu aurkakoa adierazten hilabeteko epean.
 5. Proiektatutako aldaketa funtsezkotzat jotzen badu titularrak berak edo Autonomia Erkidegoko organoak, ezin izango da gauzatu, ingurumen-baimen bat ematen ez den bitartean.

Bihar, martxoaren 3an, gai honi loturiko beste informazio bat argitaratuko du ARGIAk.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude