2012an hasi ziren Zaldibarko zabortegian amiantoa isurtzen baina baimena 2013an jaso zuten

  • Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Zaldibarko zabortegian isuritako amiantodun eraikuntza-hondakinen kopuruak eman zituen otsailaren 18an, EH Bilduk eskatuta Diputazio Iraunkorrean azalpenak eman behar izan zituenean: "337 tona isuri ziren 2012an eta 4.253 tona isuri ziren 2019an. Guztira 16.148 tona". Baina amiantoa isurtzeko baimena 2013ko Ingurumen Baimen Bateratuan ageri da lehen aldiz. Baimenik gabe isuri zituzten 2012ko 337 tona haiek? Zergatik ez zion enpresari inolako isunik edo zigorrik ekarri?


2020ko otsailaren 25an - 07:53

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak datu hauek plazaratu zituen Diputazio Iraunkorrean, otsailaren 18an: "Fibrozementudun eraikuntzako hondakinen sarrera, hau da, amiantoa dutenena, etengabe hazi da Zaldibarko zabortegian: 337 tona isuri ziren 2012an eta 4.253 tona isuri ziren 2019an. Guztira 16.148 tona, zabortegiko hondakin guztien %0,57".

Verter Recycling 2002 enpresak 2007an jaso zuen lehen aldiz Zaldibarko zabortegiarentzako Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), eta horrek ez zuen amiantoa isurtzeko baimenik ematen. "Isolatzeko materialak" isurtzeko baimena bai ematen zuen (Hondakinen Europako Zerrendan 17 06 04 zenbakia duena), baina "amiantoa duten eraikuntzako materialak" (HEZ 17 06 05 zenbakia duena) isurtzekorik ez.

2013ko Ingurumen Baimen Bateratuan bai ageri da amiantodun hondakinak isurtzeko baimena

2013an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Zaldibarko zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari (IBB) aldaketak egin zizkion eta baimena berritu egin zuen. ARGIAk 2013ko IBBren dokumentua lortu du eta bertan agertzen da baimendutakoen zerrendan amiantoa, HEZ 17 06 05 zenbakia duena. Gardentasun ikuspegitik salatzekoa da 2013ko Ingurumen Baimen Bateratua publiko ez egotea.

Baimenik gabe isuri, eta egin ondoren baimena eman?

Arriolak aipatutakoaren arabera, 2012an isuritako amiantodun 337 tona fibrozementuzko hondakin horiek, baimenez kanpo isuri zirela ondorioztatu daiteke. 2007ko eta 2013ko IBBen artean ez dago Zaldibarko zabortegi honek amiantorik hartzeko baimenik zuela aipatzen duen dokumenturik, ez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publiko eginda, eta ezta Zaldibarko Udalean jasota ere.

Gardentasun ikuspegitik argitu beharreko kontua da, 2012an isuritako tona amianto horiengatik Verter Recycling enpresak ez baitzuen inolako zigorrik jaso.

 

 

 

2013ko Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) zati bati ateratako argazkia. Eskuineko zutabean ikusten da Hondakinen Europako Zerrendan (HEZ) hondakin mota horri dagokion zenbakia. 17 06 05 zenbakiarekin agertzen da "Amiantodun eraikuntza-materialak", (2007ko Ingurumen Baimenean ez zen agertzen). Adi: sei zenbaki izaten dituzte hondakin mota zehatzek. Lau zenbakidunak atalaren izenburua dira, kasu honetan: 17 06 "Aislamendurako materialak eta amiantodun eraikuntza-materialak" atalaren izenburua baino ez da.

 

 

 

 

 

 

Aldiz, 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuan ez da ageri amiantoari baimena ematen dion sei zenbakiko HEZ 17 06 05 kodea (gazteleraz LER). Amiantoa ageri den lerroa, lau zenbakikoa, atalaren izenburua baino ez da: "1706 isolatzeko material eta eraikitzeko material amiantodunak"

 

 

 

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude