LER kodea: Zaldibarko amianto isuri ez arautuak argitzeko gakoa

  • Zergatik da hain garrantzitsua Hondakinen Europar Zerrenda (LER gazteleraz) irakurtzen jakitea? Une honetan honen baitan dagoelako Zaldibarko zabortegian 2012an arauz kanpo isuritako amiantoaren auzia. 2007ko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuak (IBB) ez zion horretarako baimenik eman, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak dio baietz, IBB horretan jasota dagoela amiantoa isurtzeko baimena. Ikus dezagun, zer baimen ematen duen zehazki 2007ko IBBak eta zein baimen ez duen ematen.


2020ko otsailaren 28an - 11:33

Hondakinen Europar Zerrenda (LER gaztelaniaz) gaurkotua zein den Europar Batasunaren webgunean ikus daiteke. 2014ko abenduaren 18an egin zizkioten azken aldaketak. Hondakinak kudeatzen dituzten enpresa guztiek identifikatu behar dute hondakin bakoitza, jakiteko zehazki zein hondakin mota den eta zein ezaugarri zehatz dituen. Horrela ebaluatzen dira bere tratamendurako aukerak. Identifikatzeko sistema europarra da LER eta zifraz osatutako kode bat da. Sistema honek hondakinak karakterizatzen ditu bere sorrera eta jatorritik.

Gakoa: hondakinak sei zifraz izendatzen ditu HEZk

Hondakinak kudeatzeko azpiegitura batek (adibidez Zaldibarko kasuan, Verterren zabortegiak) zein hondakin jaso ditzakeen eta zein ez jakiteko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak azpiegitura zehatz horri eman dion Ingurumen Baimen Bateratura (IBB) jo behar da, eta bertan baimendutako hondakinen zerrenda ikusi. Baimendutako hondakin moten zerrenda honek zehazten ditu Hondakinen Europar Zerrendatik (LER) zein diren azpiegitura honetan kudeatu daitezkeenak. Hemen ikus ditzakegu 2007an Eusko Jaurlaritzak eman zion lehen IBBk baimendutako hondakin mota zehatzak (42. orritik aurrera).

Irudi honetan ikus dezakegu zehazki zer dion amiantoa eraman dezaketen hondakinen inguruan:

 

 

 

"Isolatzeko material eta eraikitzeko material amiantodunak" kapituluaren titulua baizik ez da (17 06), lau zifra dituena. Kapitulu horretako hondakin mota bakarra da baimentzen duena 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuak: "Isolatzeko materialak", hondakinak izendatzeko beharrezkoa den bezala, sei zifra dituena: 17 06 04. Beraz, amiantoa ez da ageri baimendutako hondakin moduan, sei zifra behar bailituzke horretarako.

 

 

 

Europar Batasunaren azken dokumentuak berak horrela azaltzen du nola definitzen dituen hondakinak LERek, "Hondakinen zerrenda" atalean (erredakzioan itzulia):

"Hondakin mota ezberdinak erabat definituta daude sei zifrarekin, eta kapituluen tituluak lau eta bi zifrarekin. Zerrendan hondakin bat aurkitzeko, prozedura hau eramango da: (...) bilatu hondakin horrentzat egokia den sei zifrako kodea".

Goiko irudian ikus daitekeenez, 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuak ez zuen baimenik eman "material amiantodunak" deitzen zaien hondakin motarentzat: 17 06 05 zenbakia du amiantodun hondakin zehatz horrek eta baimenean ez da ageri zerrenda honetan.

Ingurumenak LER kodea oker irakurtzen jarraitzen du

ARGIAren albiste hau otsailaren 27an egin du publiko gaztelaniaz El Salto agerkariak. Sare sozialetan Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena sailak erantzun du, 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuak onartzen zituela amiantodun hondakinak, eta lau zifrako atalburua aipatzen du horren froga moduan.

ARGIA hedabideak, artikulu honetan erreferentzia egin zaion HEZ kodea arautzen duen Europar Batasuneko dokumentua kontsultatzeaz gain, eta Espainiako Buletin Ofizialean ere hondakinak izendatzeko irizpide bera jasotzen dela ikusteaz gain (ikus Sarrerako B atala), gaian kualifikatutako adituei egin die kontsulta eta denek ebidentetzat jo dute EHZ kodearen arabera, hondakin motak sei zifrekin izendatzen direla, artikulu honetan azaldu dugun moduan, eta lau zifraz agertzen direnak ez direla Zaldibarko zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratuen kasuan baimendutako hondakinak, baizik, kapituluen izenburuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude