Zazpi ikuskizun Bertsoaroaren aurtengo edizioan Iruñean

  • Iruñean egiten da Bertsoaroa eta aurten zazpi ikuskizun proposatzen ditu azaroaren 8tik 27ra gauzatuko den edizioan. Zazpi hitzordu hilabete batean: punta-puntako bertsolarien jarduna, bertsolarien belaunaldi gazteen saioa, ikus-entzunezkoak, emanaldiak eta haurrendako antzerki-saio bat eskainiko dira. Programatutako ikuskizun guztiak doakoak izango dira.


2018ko azaroaren 05an - 10:17
Azaroa osoan zehar egingo da Iruñean Bertsoaroa.

 

Bertso-saioa

Azaroak 8, osteguna. 20:00. Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia. Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo. Bertso jaialdi batek emango dio hasiera, ohi bezala, aurtengo Bertsoaroari. Urteroko moduan, punta-puntako bertsolariak izango dira oholtzan, gazteak zein beteranoak, baina denak eskarmentu handikoak. Bertsolari nafarrekin batera, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko bertsolariak izango dira Bertsoaroaren lehenengo saioan. Horietako bostek iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian hartu zuten parte, eta bik finalean kantatu zuten. Seigarrena Nafarroako txapelduna izana da.

Haur Bertsoaroa 

Azaroak 10, larunbata, 12:00 eta 18:00. Sanduzelaiko Civivoxeko Aretoa. 5 eta 11 urte tarteko haurrei zuzendu bertso-antzerkia. Lanku Produkzioak. “Petresku, etzi ez etsi”. Egilea: Jon Maia. Antzezleak: Eneko Arrate eta Eider Perez. Gaztetxo asko etortzen dira Euskal Herrira, beren familiekin, bizi berri bat. hastera. Bertako eskolan, koadrilan integratzeko bidea ez da beti erraza izaten, ez eta bertakoentzat haien esperientzian barneratzea ere. Honako hau, horietako gaztetxo baten istorioa da, Laida errumaniarrarena. Umorearen, bertsoen, antzerkiaren eta musikaren laguntza eta denon partehartzearekin dena errazagoa izango da Laidarentzat.

Emanaldi berezia

Azaroak 13, asteartea. 19:00. Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa. “Parrapean”. Ahotsa, gitarra, ukelelea: Ane Garcia. Saxoa: Itziar Castrillo. Ahotsa, ukelelea: Gotzon Barandiaran. Ahotsa: Josu Landa. Parra bi: Violeta eta Nicanor neba-arrebak. Baten kantuez eta bestearen poemez osatutako errezitala da “Parrapean”. Txileko sortzaile handiak bi-biak, hogeigarren mendeko erreferentzia ezinbestekoak. Urteak pasatzen dira, mendeak aldatzen dira, baina jenioen lanak bizirik dirau. Blaitzen gaituen errealitatea kultur sorkuntzaren ikuspegitik nola tratatu behar dugun etengabe egindako hausnarketek zipriztindutako bi artista handiren lanak gozatu ahal izango ditugu, parrapean.

Bertsoa eta zientzia

Azaroak 15, osteguna. 19:00. Civivox Iturrama. Hitzaldi Aretoa. “Jakinduriek mundue erreko dau”. Bertsolariak: Julio Soto, Jone Uria. Zientzialariak: Joseba Aldasoro, Karmele Gómez eta Marko Galarza. Aurkezlea: Kike Amonarriz. Zientzia da giza kulturaren zati handi bat eta zientziaren oinarriak ezagutu gabe kultur ondarearen zati hori gabe geldituko ginateke. Zientziaz gain, bertsolaritza ere euskal kulturaren ondare dugu. Bertsolaritzaren gakoa da “bizitza kantatzea” eta egunero jasotzen dugun gehiegizko informazioa liseritzen laguntzea doinua, errima eta neurriaren bitartez. Bien uztarketa da emanaldi hau. Kike Amonarrizek gidatuko duen “Jakinduriek mundue erreko dau!” emanaldian bi bertsolari eta bi zientzialari izango dira oholtzan. Zientzialariek gaurkotasuna duen kontu zientifiko bati helduko diote eta bertsolariek bertsoak jarriko dizkiete gaiei.

Gazteen bertso jaialdia

Azaroak 20, asteartea. 19:00. Civivox Kondestableko patioa. Bertsolariak: Idoia Granizo, Irati Alcantarrila, Joanes Illarregi, Txaber Altube, Xabat Illarregi, eta Ane Zuazubiskar. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea. Bertsolari gazteentzako saioa eskainiko du aurten ere Bertsoaroak. Aurtengoan, hiru bertsolari nafar, eta gipuzkoar, bizkaitar eta lapurtar bana arituko dira kantuan. Azken urteotan sariketetan, txapelketetan eta plazaz plaza trebatzen ari dira eta bertsolaritzaren harrobi oparoaren isla dira sei bertsolari hauek. Saioa honetan, bertsolaritzaren etorkizunaz eta belaunaldi berrien bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango dugu.

Solasaldia

Azaroak 22, osteguna. 19:00. Civivox Iturrama. Hitzaldi Aretoa. “Bertsolaritza eta rocka”. Hizlariak: Alberto Irazu, Jon Maia. Aurkezlea: Saioa Alkaiza. Harreman emankorra izan dute azken urteotan bertsolaritzak eta rock musikak, baina ez da beti hala izan. Garai batean, oso bi mundu diferenteak ziren, zaleak apenas konpartitzen ez zituztenak eta pentsaezina bien arteko uztarketa. Horretaz asko dakite gaia jorratuko duten bi pertsonek. Alberto Irazu, musikaria izateaz gain, “Rocka puntua” liburuaren egilea da. Bertan bien arteko harremana xehe-xehe aztertu du. Jon Maia, berriz, bertsolari ezaguna da eta musika taldeak ere sortu ditu. Horrez gain, musikari askorekin lan egin izan du. Biek ala biek gai interesgarri honi helduko diote, Saioa Alkaizaren gidaritzapean.

Bertso-saioa

Azaroak 27, asteartea. 20:00. Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Unai Agirre. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal. Aurtengoan ere bertso saio batek itxiko du Bertsoaroaren egitaraua. Euskal Herriko azken bi txapeldunak, egungoa eta duela lau urtekoa, izango dira taula gainean. Haiekin batera, esperientzia handia duten zenbait belaunalditako bertsolariak. Bertsokera diferenteak entzuteko parada egongo da aurtengo Bertsoaroari amaiera biribila emango dion emanaldian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude