Zaldibarko hondamendiaren urteurrenagatik igandean manifestazioa egingo dute Ermuan

  • Luiziaren ondorioz hildako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze oroitzeaz gain, Zaldibar Argitu plataformak otsailaren 6a baliatuko du Eusko Jaurlaritzari erantzukizunak bere gain har ditzan eskatzeko.

Otsailaren 6an beteko dira bi urte Zaldibarko zabortegia amildu zela. / Argazkia: @ZaldibarArgitu

2022ko otsailaren 02an - 15:18
Azken eguneraketa: 16:23

“Ez zen istripua izan, hilketa baizik”, gogorarazi dute Zaldibar Argitu plataformatik, hondamendiaren urteurreneko manifestazioaren aurkezpenean. Igande honetan, otsailaren 6an, bi urte beteko dira Zaldibar zabortegian bi langile luizi batek harrapatuta hil zirela; Beltranen gorpuak bertan dirau, bilatze lanak gelditu baitzituen Eusko Jaurlaritzak. Sololuze eta Beltran oroitzeko manifestazioa antolatu dute Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek, Larreko Mahaiak eta Aldaketaldiak; 12:00etan abiatuko dira Ermuko plazatik, eta ekitaldi batekin amaituko dute, zabortegia dagoen Eitzaga auzoan.

Halaber, aldarrikapen eguna izango da, “zigorgabetasunaren aurrean ekintzak” exijitzekoa. Eusko Jaurlaritzari ardurak eta erantzukizunak beren gain hartzeko eskatuko diote. Izan ere, zabortegia amiltzearen ondorioz bi langileak hiltzeaz gain Eitzaga auzoko herritarrak ere kaltetu ziren, zabortegiak igorritako kutsadura dela-eta. Plataformako kideek oroitarazi dutenez, auzokideek osasun azterketak egiteko eskatu zuten, baina Jaurlaritzak nahiz Zaldibarko Udalak ukatu egin zieten.

Jaurlaritzak hondamendiaren aurrean izan duen jarrera salatu dute, baita gertaerak argitzeko oztopoak jarri izana ere. Azken adibidea aipatu dute: Europako Parlamentuko Eskarien Batzordeak urtarrilaren 27an aho batez erabaki zuen zabortegiaren ikerketarekin segitzea, eta horretarako informazioa emateko galdegin zieten Jaurlaritzari zein Europako Batzordeari. Gasteizko Legebiltzarrak, aldiz, uko egin zion ikerketa batzorde bat eratzeari.

Manifestazioaren antolatzaileek nabarmendu dute Espainiako Gobernuko Cedex esperimentu zentroko peritu txostenak erakutsi duela luizia saihestu zitekeela. Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan hainbat akats egin zirela azpimarratu dute.

Desazkundea eta trantsizio ekosoziala

Zabortegiko amiltzearen ondorioak mahai gainera ateratzeaz gain, beste eskaera bat ere egin dute Aldaketaldia-ren baitan, eta trantsizio ekosozialaren premia nabarmendu: “Euskal Herriko desazkunde justurako 2030erako txoke plana onartzeko eskatzen dugu”. Horrez gain, Tapia Legearen kontra agertu dira, eta herritarren erabakitzeko gaitasunaren “erasotzat” jo dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibar
2022-02-07 | ARGIA
Erantzukizunak argitzeko eskatu dute Zaldibarren, istriputik bi urtera

Ehunka lagun ibili dira iganean Ermuko plazatik Zaldibar auzoko Eitzagara, Verter Recycling zabortegia bertan behera erori zeneko bigarren urteurrenean.


Verter Recyclingeko arduradunak mutu, epailearen galderen aurrean

Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen Verter Reyclingeko arduradunek astelehen honetan deklaratu dute Durangon, auzia daraman epailearen aurrean. Haietako bik uko egin diote epailearen galderei erantzuteari eta hirugarren batek ezin izan du auzitegira joan, koronabirusarekin... [+]


Sei hilabeteko kartzela zigorra adostu dute Verter Recyclingek eta fiskaltzak

Zuhurtziagabekeriazko hilketagatik eta langileen segurtasunaren aurkako delituagatik auzipetuko dituzte zabortegia kudeatzen zuen enpresako hiru arduradun, horrela espetxea saihestuz.


2021-05-14 | Axier Lopez
Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko lanak bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak

Zaldibarko zabortegiaren hondamendian hil zen bi langileetako bat da Joanquin Beltran zallarra. 463 egun igaro dira haren gorpuaren bila hasi zirenetik. Ostiralean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak publikoki jakitera eman duenez  bilaketa lanak bertan... [+]


Eguneraketa berriak daude