Sei hilabeteko kartzela zigorra adostu dute Verter Recyclingek eta fiskaltzak

  • Zuhurtziagabekeriazko hilketagatik eta langileen segurtasunaren aurkako delituagatik auzipetuko dituzte zabortegia kudeatzen zuen enpresako hiru arduradun, horrela espetxea saihestuz.


2021eko irailaren 3an - 15:44
Azken eguneraketa: 17:50
Argazkia: Luis Jauregialtzo / Foku
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Akordioa uztailean lortu zuten enpresak, fiskaltzak eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiek, eta Durangoko I. Instrukzio Epaitegiaren esku dago harrez geroztik. Familiei eman beharreko kalte ordaina ere adostu dute.

EITBk jakinarazi duenez, “akordioan frogatutzat ematen da zabortegiko arduradunek bazutela hondakindegian zeuden arrisku larrien berri. Izan ere, luizia izan baino bi egun lehenago zabortegian zeuden pitzaduren berri eman zieten enpresaburuei, azterketa topografiko bat egin ostean. Arazoaz ohartarazteaz gain, azterketa egin zuten profesionalek lan-jarduna berehala eteteko gomendioa egin zieten enpresako arduradunei”.

Akordioaren testuan aipatzen denez, Jose Ignacio Barinaga enpresako nagusiak, Arrate Bilbao kudeatzaileak eta Juan Etxeberria zabortegiko segurtasunaren arduradunak onartu dute bazekitela hondakindegia arriskuan zegoela eta hala ere “ez zutela ezer egin gertatutakoa saihesteko; ez zituztela langileak ohartarazi, ez zutela aparteko segurtasun neurririk hartu, ezta jarduna eten ere”.

Zaldibar Argituk ikertzen jarraituko du

Akordioaren berri jakin bezain laster, Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jakinarazi dute adostasunera iristeko familien erabakia guztiz errespetatzen dutela: “Urte eta erdi oso gogorrak izan dira haientzat eta oraindik ere sufritzen jarraitzen dute”.

Aldi berean, bi elkarteak salatu dute uztailean herri akusazio gisa auzitik kanpora utzi zituztela: “Susmagarria da guztiz herri akusazio gisa kasutik kanpo utzi eta fiskaltzarekin adostasun batera iristea batera gertatu izana. Herri akusazio gisa onartu bagintuzten, ez dakigu zer gertatuko litzatekeen, baina adostasun batera iristeko akusazio guztiekin hitz egin behar da eta gu herri akusazio izanik gurekin ere adostu beharko zuketen. Hasieratik hori saihestu nahi izan dutela dirudi”.

Zaldibarren gertatutakoa argitu eta erantzukizun guztiak argitzeko konpromisoa hartu zutela diote, eta horretan jarraituko dutela, “benetan justizia egin dadin”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
2023ko otsailaren 14
Estoldak

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.