Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko lanak bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak

  • Zaldibarko zabortegiaren hondamendian hil zen bi langileetako bat da Joanquin Beltran zallarra. 463 egun igaro dira haren gorpuaren bila hasi zirenetik. Ostiralean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak publikoki jakitera eman duenez  bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte.


2021eko maiatzaren 14an - 09:46
Arantxa Tapia, Iñigo Urkullu eta Josu Erkoreka apirilean Zaldibarko bilaketa lanetara egindako bisita batean. Argazkia: Irekia.eus

Zaldibarko zabortegiko hondakinek harrapatu zuten bi langileetako bat da Joaquin Beltran. Beltranen gorpua bilatzeko, 2020ko otsailetik martxan jarritako dispositiboari amaiera eman diote gaur, ostiralean, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Urkullu lehendakaria ostegunean bildu zen Beltranen familiarekin erabakiaren berri emateko eta ostiralean publikoki jakinarazi dute albistea Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia sailburuek. Jaurlaritzaren iritzia da gorpua aurkitzeko aukera guztiak agortuta daudela jada. "15 hilabetez dispositibo zabal batek ahalegin handia egin du desagertutako bi pertsonak aurkitzeko. Sololuzeren kasuan, arrakasta izan du, baina ez da gauza bera gertatu Beltranekin. Goian Bego ", adierazi du Erkorekak. 2,5 milioi tona hondakin bota zituzten zonaldea "egonkortzeko" lanari eutsiko diote.

Arantxa Tapia sailburuaren arabera, 400.000 metro hondakin baino gehiago mugitu dira, "ahalegin izugarria" eginda, baliabide ekonomiko, tekniko eta humanoen aldetik. "Operatiboan 80 eta 100 profesional bitartean izan dira, egunero".

Beltranekin batera Zaldibarko hondakinen artean harrapatuta geratu zen beste langilearen gorpua, Alberto Sololuze, urtebete baino gehiagoko bilaketaren ondoren, abuztuan aurkitu zuten.

"Ez ditugu loreak zabortegi batera eraman nahi"

Zaldibarko hondamendiaren lehen urteurrenean egindako mobilizazio eta ekitaldien ingurumarian, Joanquin Beltranen senideek adierazi zuten ez zutela gorpua zabor artean galduta uztea nahi, zabortegia beren senidearen hilerri bilaka ez zedin. Otsaileko egun horietan, ETBn egindako elkarrizketa batean, Marta Alvarez familiaren bozeramaileak adierazi zuen du inoiz ez zutela pentsatu luizia gertatu eta urtebetera egoera berean egongo zirenik. "Nekatuta eta lur jota" zeudela zioen eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu zuen, nahikoa egiten ari ez zela eta erreskate-lanetan deskoordinazioa zegoela iritzita.

Zaldibar Argitu herri plataformak adierazi du hau "beste kapitulu triste bat" gehiago dela "hasierako kudeaketa penagarrian". "Joaquin Beltran ez aurkitzea porrot handia da, bai senideentzat, lagunentzat edo inguruko herritarrentzat". Pertsona bat lur azpian geratzea ezin dela erantzukizun politikorik gabe geratu azpimarratu dute. Jaurlaritzak bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki ostean, une egokia dela diote, "ondorioak asumitu eta erantzukizunak bere gain hartzeko, beharrezko diren dimisioekin eta kargugabetzeekin". Ostiral arratsalderako mobilizazioak antolatu dituzte Zallan, Zaldibarren, Eibarren, Ermuan eta Elgetan.

ELA sindikatuak adierazi du onartezina dela Beltranen gorpua bilatzeko lanak gelditzea eta Zaldibarko Udalak bilaketa lanei berriz ekiteko eskatu dio Jaurlaritzari.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude