Zabortegiak debekatu zituzten Zaldibarren 1997an, baita Udalak erreferenduma hitz eman ere

  • Ez da atzo goizekoa Eitzaga auzoan eskandalua eragin duen zabortegiaren historia. 2011n ireki bazuten ere, bi hamarkada atzera egin behar da hasierara iristeko. Zaldibarko auzo honetako bizilagun asko aurretik ere kexu ziren bertan zeuden beste zabortegiengatik. Deskontrolatuta zeuden, denetarik botatzen zen bertan, herritarrek salatzen zutenez. Zabortegiak debekatzea lortu, eta ondoren kontrako bidea hartu zuen Udaleko bataila politikoaren errepasoa jarraian.

Eitzagako zabortegi honen aurkako borroka luzea izan zen. Azkenean, beldur guztiak egi bilakatu dira. (Argazkia: Dani Blanco)

2020ko otsailaren 17an - 15:20

1996ko apirilaren 25ean ohiko osoko bilkuran Herri Batasunako bozeramaile Gaizka Zabartek salatu du gobernu batzordeko aktan irakurri dutela Udala zabortegi berria irekitzea tramitatzen ari dela, aurreko bi zabortegiak itxi gabe. Salatu du oposizioko zinegotziei ez zaiela informaziorik eman, eta Udalak ez lukeela zabortegi pribaturik bultza behar. “Zabortegiak negozio hutsa dira, inork kontrolatzen ez dituen negozioak”, bota dio EAJko Blanca Onaindia alkateari, aktan jasota geratu denez.

Zabortegi hori irekitzea Udalaren ekimena da izatekotan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek HBko zinegotziei maiatzaren 8an esan dietenez. Udalak eginiko tramitazioa jasoa dute Jaurlaritzan, eta hori ongi badago, Ingurumen Baimen Bateratuaren zeregina baldintzak jartzea da: eraikuntza, kontrol neurriak eta errekuperazioa. Azken hitza Udalarena da, hala ere, teknikariek argi utzi dutenez. Eusko Jaurlaritzak 1994an egindako Hondakin Inerteen Kudeaketa Planean hitzez hitz jaso zuen Durangaldean eta Debabarrenan beharrak aseta zeudela: “Hurrengo 20 urteetan ez da zabortegi gehiagorik behar”.

Horrela zegoen mendia, zabortegiaren aurretik. LKSren 2004ko proiektuan jaso zutenez.

Horren jakitun, Zaldibarren hurrengo osoko bilkura tentsio handikoa izango da. Maiatzaren 23an, PPren bueltan dabilen Grupo Independientek (GI) eta Herri Batasunak mozioak aurkeztu dituzte zabortegi berriaren aurka, eta Eitzaga auzoan bizi den EAJko bozeramaile Pedro Bildosolak ere idazki bat aurkeztu du irekitzearen aurka. Zaldibarko Udalean EAJk eta PSEk 6 boto dituzte elkarrekin; GI-k 3 eta HB-k 2. Bildasola zinegotziak, ordea, alderdiaren diziplina hautsi du gai honetan eta EAJ-PSE tandema 5ekin geratu da, oposizioak gehiengoa lortuz. Honenbestez, Zaldibarko Osoko Bilkurak onartu du zabortegia martxan jartzeko Gobernu Batzordearen oniritzia baliogabetzea, zabortegia ez egiteko behar diren neurriak hartzea, udalerrian zabortegiak debekatzea eta nonbait obraren bat egiteko baimenak ematean, bertan sortutako hondakinak Berrizko hondakindegi amankomunatura eramateko baldintza jartzea. 1997ko urtarrilaren 30ean berriro ere osoko bilkuran indarrak neurtuko dituzte: Arau Subsidiarioan aldaketa egitea onartuko dute herrian zabortegiak debekatuz. Alkatea EAJko Blanca Onaindia da garai hartan.

Zaldibarko Osoko Bilkurak onartu du zabortegia ez egiteko behar diren neurriak hartzea eta udalerrian zabortegiak debekatzea

Gerora, buelta asko eman ditu gaiak udalerri mailako eztabaida politikoan. 1997ko abenduaren 11n, Ezohiko Osoko Bilkuran, EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernuak lortu du zabortegi berriaren aktibitate espedienteari emaniko oniritzia baliogabetu zuen erabakia atzera botatzea –EAJko bozeramale eta zinegotzi Bildosolak alderdiaren diziplina errespetatu baitu oraingoan–. 1998ko apirilaren 30ean, Herri Batasunak mozioa aurkeztuko du Eitzaga, Sallabente eta Olarreagako auzokideen artean zabortegiei buruzko erreferenduma egiteko. EAJ eta PSE aurka; GI, HB eta Bildosola alde, beraz, mozioa onartuta geratu da. Udalak ez du sekula herri galdeketa hura egin.

Handik hiru hilabetera, uztailaren 30ean, ondorengoa gertatu da osoko bilkuraren aktak jaso duenez: “Zerrendan dauden gaiak aztertzeari ekin orduko, idazkariak EAJko Zaldibarko Uri Buru Batzarrak bidalitako idazkia irakurri du; horrekin udalbatzari jakinarazten zaio aurrerantzean Blanca Onaindia izango dela Zaldibarko EAJko bozeramaile”. Bildosolak adierazi du ofizialki berari ez diola inork ezer ere jakinarazi. Zabortegiak debekatuta daude herrian, baina Verter Recycling enpresak irekiko duen zabortegia oinarri, soka-tirak jarraituko du.

Ilegalizazio garaietan aurrera

Lizarra-Garazi garaiak iritsi dira, baita azkar pasa ere. Ondoren, ezker abertzalea legez kanpo utzi du Espainiako Alderdien Legeak. Horrek ondorio ugari ekarri ditu, baita esku artean dugun gaian ere.

1998an Herri Batasunaren mozioa onartuko du Udalak zabortegiei buruz galdeketa egiteko Eitzaga, Sallabente eta Olarreaga auzoetan. Udalak ez du sekula herri galdeketa hura egin.

2002an jada ez da alkate Blanca Onaindia, EAJko Igor Barrenetxea-Arando baizik. Bost urte lehenago bide bazterrean geratutako zabortegiaren plana berrartuko du alderdiak, eta hau ireki arte lan egingo dute pausoz pauso. Hasteko, azaroaren 28an, arau subsidiarioen zati baten aldaketa onartuko dute, betelan, zabortegi eta lurren egokitzapenen erabilera arautzen duena. Eitzaga auzoan zabortegiak ez debekatzea onartuko dute egun honetan. Aktan irakur daiteke Batasunako Jon Azagirre zinegotziaren protesta, esanez ordura arte hiru zabortegi izan dituztela, zabortegi horietako baten promotoreak legez kanpoko isurketak egin izan dituela eta orain pertsona horrek beste zabortegi bat sustatzen duela. Horrez gain, salatzen du Udalak ezin duela saldu neurri positibo gisa, “helburua promotoreari pista librea ematea” dela eta ingurumena kaltetuko duela, Munikolako zabortegian agerian geratu den bezala. Horrez gain, ordura arte zabortegiaren aurka egondako GI-k aldatu egingo du botoa eta Benito Paco zinegotziari aurpegiratu diote iruzurra egin duela, hauteskunde programan zabortegi gehiago irekitzea debekatzea eta erreferenduma egitea defendatu duelako, eta egun erabakigarrian aurkakoa bozkatu duelako.

Eztabaida sutsua da Zaldibarreko osoko bilkura honetan. Akta osorik irakurtzeko modukoa da, zati batzuk transkribatu eta euskaratuta ekarriko ditugu orriotara. Hona alkatearen eta Herri Batasunako zinegotziaren arteko eztabaida:

Alkate jaunak azaldu du ez dakiela non ikusten duten Batasunako ordezkariek zabortegi berriak irekitzeko aukerarik, argi dagoenean udalak ez duela zabortegiak kontrolatzeko aukerarik, eta beraz, isuri inerteen inguruan dago aktibitate bat sortzeko aukera, zeina Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen duen, eta gainera, ezberdintasuna dago lurren zabortegien eta inerteen zabortegien artean. Azken hauetan enpresak botako duenaren ziurtagiria aurkeztu behar du. (…) Eusko Jaurlaritzaren neurri zuzentzaileak askoz zorrotzagoak dira hemen.

Zabarte jaunak erantzun dio grazia egiten diola kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratuko dela esateak, orain arte beraien eskuetan egon denean eta hala ere denek [herriko beste zabortegietan] modu inkontrolatuan bota dituztenean hondakinak. Gainera nahikoa da espedientea aztertzea ikusteko promotore hauen historiala zein den eta aurka bozkatzeko, baina EAJ promotoreen menpe dago, beti egin dute sudur puntan jarri zaiena eta EAJk beren gurariei amen esaten die.

Alkateak azaldu du promotoreak ez direla berak, estatutuak ikusi besterik ez dagoela eta ez dituela ulertzen Batasunak mahai gaineratu dituen argudioak proposamenaren aurka egiteko, lurren zabortegiak ez direnean hain murriztaileak eta une horretan egiten ari direna denean inerteen zabortegi bat non instala litekeen zehaztea.

Zabarte jaunak erantzun dio zabortegi guztietan edozer bota izan dela eta badakitela jende mota horrekin oso barkaberak direla, eta alkateak proposatu duen moldaketak pista librea ematen diela, eta gainera, ez dutela ez bideak egiteko lizentziarik eta legez kanpo dabiltzala dagoeneko bide hartatik.

Alkateak kontra egin dio esanez badutela obrarako lizentzia eta beste bi zabortegietan dauden arazoak konpontzeko konpromisoa hartu dutela.

Zabartek adierazi dio Alkate Jaunak promotoreen bozeramailea dirudiela eta Etxebarri zabortegiak jada ez duela konponbiderik, eta beraiek sinetsi egiten dutela ikusten dutena.

Eztabaidak jarraitu zuen PSEko eta GI-ko zinegotzien parte hartzearekin, eta azkenik bozkatu egin zuten. Emaitza: zortzi boto debekua altxatzearen alde EAJ/EA 5 (Igor Barrenetxea-Arando, Jose Ignacio Mendiolagaray, Nerea Garitagoitia, Jose Martin Garitaonandia eta Mertxe Aranburu), PSE-EE 2 (Angel Martin eta Javier Tera) eta GI 1 (Benito Paco); Batasunako 3 boto aurka (Gaizka Zabarte, Idoia Marin eta Jon Azagirre). Hor hasi zen zabortegia irekitzeko bidea indarra hartzen.

Pauso hori 2003ko martxoaren 27ko ohiko osoko bilkuran borobilduko dute arau subsidiarioaren aldaketa behin-behingoz onartuz. Ondorengo pausoa Verter Recycling 2002 enpresari lanak hasteko baimena ematea da. 2007ko maiatzaren 17an egingo dute, gobernu batzordean. Ezker abertzalea, ilegalizaturik, jada udaletik kanpo da. Lizentzia hauek ematea alkatearen eskumena da, kasu honetan, Igor Barrenetxea-Arandorena. Baimena eduki arren obrak ez direnez emandako epean hasi, baimen berria eman dio enpresari 2008ko irailaren 4an. Hurrengo urtean, Barrenetxea-Arandok alkatetza utziko du Bizkaiko Aldundiaren Azpiegitura sailean lanean hasteko: hilabete gutxira kontseilari eta idazkariorde izendatuko dute.

Ezkerretik hasita, Idoia Mendiolagarai alkatea (zendua), Igor Barrenetxea-Arando (alkate ohia), Alberto Arantzibia (jatorriz eitzagarra eta zinegotzia 2019ra arte) eta Nerea Garitagoitia. Denak EAJkoak.

Azkenik, EAJko alkate Idoia Mendiolagaraik 2011ko maiatzaren 6an sinatuko dio Verter Recycling 2002 enpresari aktibitate lizentzia, Bilduk herrian hauteskundeak irabazi baino 16 egun lehenago. Ostiral hartan, Zaldibarko Udal Gobernu Batzordean bilduko dira alkatea, Nerea Garitagoitia (EAJ) eta Benito Paco (GI). Batzordeko kide den Angel Martin (PSE-EE) ez da bileran egon. Aipatutako arduradun politiko hauek aho batez onartuko dute Eitzagan hondakin ez-arriskutsuen jarduera irekitzeko lizentzia ematea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak "ezarritako baldintza eta neurri zuzentzaileekin”. Lizentzia hau eskuratuta, Verter Recyclingek zabortegia ireki du eta zaborra bertan botatzen hasiko da.

Handik bi astera, 2011ko maiatzaren 22an egindako hauteskundeetan, EAJk alkatetza galduko du eta Bilduk gehiengoa lortu Zaldibarren 780 botorekin. EAJk 324 boto lortu ditu, PSEk 252 eta PPk 124. Alkatetza koalizio abertzaleko Arantza Baigorrik hartu du, baina dagoeneko zabortegi hau atzera bueltarik gabe zaborra pilatzen hasi da.

OHARRA: Artikulu hau aste honetako ARGIAren erreportaje nagusiaren parte baten aurrerapena da


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Jaurlaritzako hiru teknikariren deklarazioak bertan behera, epaitegietako lanuzteengatik

Ostegunean ziren deklaratzekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikariak, baina justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz ezin izan dute egin. Verter Recycling enpresari Ingurumen Baimen Bateratua nolatan eman zioten azaldu beharko dute.


Eusko Jaurlaritzako hiru teknikarik deklaratuko dute ostegunean, istriputik hiru urtera

Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratuko dute, Zaldibarko zabortegian ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian. Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak elkarretaratzera deitu dute Durangoko epaitegi aurrean.


2023-02-14 | Ula Iruretagoiena
Estoldak

Hirien hondakinak bildu eta txikitzen diren lekuetara bisitaldia egitea eskoletako derrigorrezko txangoa izan beharko litzateke. Gaileta paketetxo bat ireki barneko bi gaileta irensteko, eta pakete azalaren ibilbidea mentalki eraiki. Helmugan paratzen da giza aktibitatearen... [+]


Zaldibargo zabortegia ez da oraindik zigilatuko

Hondamenditik hiru urte bete direnean prentsaren aurrean aitortu du Tapia sailburuak "ikuskapen teknikoak" egiten ari direla, zabortegia "egonkor eta seguru" dagoela, baina oraindik ez dela zigilatuko horretarako baimena eduki arren. Izan ere, Verter... [+]


2023-02-06 | ARGIA
Zaldibarko auzian ardura politikoak hartzeko eskatu dute, luiziaren hirugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak deituta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak omendu dituzte Eitzaga auzoan, zabortegian harrapatuta geratu zirenetik hiru urtera. Auzia argitzeko beharra berretsi dute eta ardura politikoak hartzeko eskatu.


Bizkaiko hondakinen kudeaketa

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko... [+]


Zaldibar Argitu plataformak Sololuze eta Beltran oroituko ditu zabortegia amildu eta hiru urtera

Datorren igande eguerdian, otsailaren 5ean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak oroitu eta argipenak eta erantzukizunak eskatuko ditu Zaldibar Argitu plataformak.


Hondatu da mendia, jausi zaigu bizia

Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]


2022-10-05 | ARGIA
Zaldibar Argitu: “Lakua ez da neutrala izan, auziaren parte izan da”

Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.


Bi

Otsailean urte bi bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zela. Martxoan pandemiaren bigarren urteurrena dator, bi hilabetez etxean geratu ginenekoa. Katastrofe bi. Bigarrenak lehenengoa estali zuen, baina Eitzagako hondamendiaren gestioak erakutsi zigun izurritea zelan kudeatuko... [+]


Eguneraketa berriak daude