Herrian zabortegiak debekatzetik, hamarkadako krisira

  • Nahi beste sinbolismorekin, 500.000 tona hondakin biltzen dituen zabortegi toxikoa amildu da Bizkaia eta Gipuzkoa artean. Bi langile desagerrarazi, autopista moztu, sutea piztu, irregulartasunak agerian utzi eta inguruetan hodei gaixotzaileak zabaldu ditu, besteren artean. Instituzioen kudeaketa politikoa jo-puntuan jarri du, Eusko Jaurlaritzak 40 urtean izan duen hegemonia krisirik handienean EAJ eta PSE murgiltzeraino.

Manifestazio jendetsua egin dute larunbatean Ermua, Eibar eta Elgetatik. (Juan Carlos Ruiz / Foku)

2020ko otsailaren 18an - 08:31

"Lehen egunetan informazio falta oso nabarmena izan zen, eta ondoren, oso mugatua izaten ari da –otsailaren 15a da, milaka lagun daude batuta Eibar, Ermua eta Elgetatik hiru zutabetan sutan dagoen zabortegiaren altzoan–. Egunetik egunera izan ditugun berriek, lasaitu baino, kezka areagotu digute. Horregatik, instituzioei exijitu nahi diegu informazio zehatza eta gardena eman diezagutela. Jarduera plan zehatz bat eskatzen diogu Jaurlaritzari. Gertuko bizilagunen azterketa medikuak ahalik eta azkarren egin ditzatela. Ezinbestekoa da dagokionari erantzukizunak exijitzea”, txalo zaparrada jaso dute oholtza gainean dauden Eitzagako auzokidek. Giroa bero dago Eitzagan. Kolore eta adin guztietako jendea maskarillak jarrita dago, ez sinbolikoki bakarrik, aire kutsatutik babesteko baizik. “Zaldibar argitu!” da oihurik errepikatuena, baina bide osoan ez da falta izan Iñaki Arriola eta Iñigo Urkulluren dimisio eskaerarik. Aurrera jarraitu aurretik, komeni, gertaeren kontakizuna hasieratik egitea.

112 larrialdi zerbitzuetako telefonoa jo eta jo hasi da. Otsailaren 6a da, osteguna, 16:00ak pasatxo. A8 autopistan dauden gidariak dira batez ere deika ari direnak. Diote mendia erori dela Zaldibarren eta bi norabideetan moztu duela trafikoa. Zer gertatu ote da? Larrialdi zerbitzuak bidali dituzte ziztu bizian. Hasiera batean zabortegian lan egiten duten sei pertsona desagertuta daudela zabaldu da, eta agian autoren bat ere harrapatu duela zabor-jauziak. Gerora jakin dute desagertuta zeuden hainbat langile kafea hartzera joanak zirela eta bi direla desagertuak: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltrán. ARGIAk jakin duenez, Babes Zibileko bi teknikari ari dira salbamendu plana koordinatzen eta bi esparrutan hasi dira lanak: batzuk, zabortegiaren goiko partean, desagertuta dauden langileen bila; besteak, behealdean, autopistan zabor-jauziarekin autoren batean norbait harrapatuta geratu den begira.

Nola da posible, ezbeharra gertatu eta hainbat orduz, ez Babes Zibilak, ez enpresak, ez Ingurumen Sailak, inork ez ezer esan izana bertan pilatutako amiantoaz?

20:30ak eta 21:00ak artean Osalaneko teknikaria iritsi da krimenaren eszenatokira, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundetik. Suhiltzaile eta ertzainak, zakurrekin, erreskate lanetan ari dira jo eta su. Osalaneko teknikaria zabortegiko langileekin hizketan hasi da, zer gertatu den, zer zegoen zabortegian... eta arraioa, gelditu guztia, amiantoa dago bertan, milaka tona. Erreskate lanetan ari direnek orduak daramatzate mineral hiltzailearekin aritzeko ongi prestatu gabe lanean. Nola da posible, ezbeharra gertatu eta hainbat orduz, ez Babes Zibilak, ez enpresak, ez Ingurumen Sailak, inork ez ezer esan izana bertan pilatutako amiantoaz? Berria egunkarian otsailaren 13an emandako elkarrizketan suhiltzaileek salatu dute ez zietela zabortegi batera zihoazenik ere esan. Are gutxiago amiantoa zegoenik. Jaurlaritzak bazekien bertan zer zegoen, baina inork ez du langileak horrela bidali izanaren ardurarik hartu bere gain.

Otsailak 7. Ostiralak argitu du. Albistegiak esan du 1:00etan geratu zituztela lanak amiantoa aurkitu zutelako bertan. Eskandalua tamaina hartzen hasi da. Imanol Pradales Bizkaiko garraio diputatuak Radio Euskadin azaldu duenez, ordu eta erdian lanak geldi izan ostean, ekipamendu egokiak hartu eta gau osoan autopistako bidea libratzen lanean jarraitu dute. Baita lortu ere. Nabari da garraio diputatua dela, bere eskumenaz, batez ere autopistaz mintzo da, amiantoa agertu izanari garrantzia kendu dio eta bi langile desagertuak agertzea opa du. Hori bai, ostiral goizean autopistan atzera eta aurrera ibili dira milaka auto. Zabortegian, goian, erreskate laneko taldea geldirik dago. Ez du inork azalpenik ematen eta 14 orduz geldirik da erreskate operatiboa. Ez du inork gizartea prestatzen, albiste txarrak jasotzeko. Agintari politikoak gehiago ari dira hauteskundeak aurreratuko ote dituzten ala ez eztabaidan. Desagertutako bi langileen senideak ahotsa altxatzen hasi dira, hedabideetan beren haserrea adierazten. Beheko operatiboaren, hau da, autopistaren arduraduna Bizkaiko Aldundia –eta zehazki, garraio diputatua– da. Baina nor da goiko operatiboaren arduraduna? Ez da inor ageri.

Hondakinen munduan geroz eta gehiago ikusten diren izen engainagarrien multzoan sar litekeen Verter Recycling 2002 deitzen da zabortegia kudeatzen duen enpresa, eta Eusko Jaurlaritzak bazekien minbizi-eragile den amiantoa bertan pilatzen ari zirela. José Ignacio Barinaga Eguia izan da urtetan kudeatzailea eta 2017an 379.689 tona amianto deklaratu zuten, 2018an 540.667 eta 2019an 510.994. Ingurumen Baimen Bateratua jaso zuen enpresa hau behartuta egon da bertan bota duenaren berri Jaurlaritzari ematera. Ostiral arratsaldean erreskate lanei berrekin diete, baina ordu gutxira eten egin dituzte. Ilundu du eta lurra desegonkorra da. Tentsioa handitzen doa, Sololuze eta Beltran bizirik ateratzeko ordu kritikoak dira. Jaurlaritzako arduradunik ez da atera oraindik eta asteburua iritsi da. Are albiste beltzago batekin esnatuko dira herritarrak biharamunean: ostiral gauean sutea piztu da zabortegiaren goialdean eta suhiltzaileek ezin dute itzali.

Hurrengo egunetan ke toxikoa hara eta hona darama haizeak. Zer ari da erretzen? Plastiko usaina aipatzen dute askok. EAEko Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batean jasota geratu da zabortegiak material arriskutsuak hartu zituela, gutxienez aldi baterako, horretarako baimenik izan gabe eta jakinarazi gabe: bifenilo polikloratuak (PCB). Lindanoa ere egon daitekeela iragarri du Ekologistak Martxan taldeak. Eta 2017an Bilboko Zabalgarbi erraustegiko 2.000 tona zepa hartu zituen Zaldibarrek. Hori guztia eta ez dakizkigun gai asko daude filtrorik gabeko aire libreko erraustegi bihurtu den koktel horretan.

Zabortegia sutan, Eitzaga auzotik ikusita. (Dani Blanco)

Herritarrak hedabideen ikerketei esker ari dira panoramaren berri izaten. Lehen egunetan Jaurlaritzako arduradun politiko nagusiak beste zereginetan daude. Hiru motatakoak izan daitezke suak: altuera batean daudenak, lurraren mailakoak eta lurrazpikoak. Azken hauek dira itzaltzeko zailenak. Txondorra bailitzan, zabortegiko suak bere lekua egiten du eta inguru osoa erretzen doa. Munduan badira hainbat hilabetetan pizturik izan diren lurpeko suak ere. Astebetez pizturik izan ostean, ikusteko dago euria gogoz egiten badu eta zaborrak pisua hartzen badu, ez ote den berriro ere goitik behera eroriko barrua pixkanaka suak husten dion zabor meta.

1997an zabortegiak debekatu zituzten Zaldibarren

Ez da atzo goizekoa Eitzaga auzoan eskandalua eragin duen zabortegiaren historia. 2011n ireki bazuten ere, bi hamarkada atzera egin behar da hasierara iristeko. Zaldibarko auzo honetako bizilagun asko aurretik ere kexu ziren bertan zeuden beste zabortegiengatik. Deskontrolatuta zeuden, denetarik botatzen zen bertan, herritarrek salatzen zutenez.

1996ko apirilaren 25ean ohiko osoko bilkuran Herri Batasunako bozeramaile Gaizka Zabartek salatu du gobernu batzordeko aktan irakurri dutela Udala zabortegi berria irekitzea tramitatzen ari dela, aurreko bi zabortegiak itxi gabe. Salatu du oposizioko zinegotziei ez zaiela informaziorik eman, eta Udalak ez lukeela zabortegi pribaturik bultza behar. “Zabortegiak negozio hutsa dira, inork kontrolatzen ez dituen negozioak”, bota dio EAJko Blanca Onaindia alkateari, aktan jasota geratu denez.

Zabortegi hori irekitzea Udalaren ekimena da izatekotan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek HBko zinegotziei maiatzaren 8an esan dietenez. Udalak eginiko tramitazioa jasoa dute Jaurlaritzan, eta hori ongi badago, Ingurumen Baimen Bateratuaren zeregina baldintzak jartzea da: eraikuntza, kontrol neurriak eta errekuperazioa. Azken hitza Udalarena da, hala ere, teknikariek argi utzi dutenez. Eusko Jaurlaritzak 1994an egindako Hondakin Inerteen Kudeaketa Planean hitzez hitz jaso zuen Durangaldean eta Debabarrenan beharrak aseta zeudela: “Hurrengo 20 urteetan ez da zabortegi gehiagorik behar”.

Herri Batasunaren mozioa onartu zuen Udalak –EAJ eta PSE aurka–, galdeketa egiteko zabortegiei buruz. Udalak ez du sekula herri galdeketa hura egin.

Horren jakitun, Zaldibarren hurrengo osoko bilkura tentsio handikoa izango da. Maiatzaren 23an, PPren bueltan dabilen Grupo Independientek (GI) eta Herri Batasunak mozioak aurkeztu dituzte zabortegi berriaren aurka, eta Eitzaga auzoan bizi den EAJko bozeramaile Pedro Bildosolak ere idazki bat aurkeztu du  irekitzearen aurka. Zaldibarko Udalean EAJk eta PSEk 6 boto dituzte elkarrekin; GI-k 3 eta HB-k 2. Bildasola zinegotziak, ordea, alderdiaren diziplina hautsi du gai honetan eta EAJ-PSE tandema 5ekin geratu da, oposizioak gehiengoa lortuz. Zaldibarko Osoko Bilkurak onartu du zabortegia martxan jartzeko Gobernu Batzordearen oniritzia baliogabetzea, zabortegia ez egiteko behar diren neurriak hartzea, udalerrian zabortegiak debekatzea eta nonbait obraren bat egiteko baimenak ematean, bertan sortutako hondakinak Berrizko hondakindegi amankomunatura eramateko baldintza jartzea. 1997ko urtarrilaren 30ean berriro ere osoko bilkuran indarrak neurtuko dituzte: Arau Subsidiarioan aldaketa egitea onartuko dute herrian zabortegiak debekatuz. Alkatea EAJko Blanca Onaindia da garai hartan.

Eraz aldizkarian atera zen argazkia, 1997ko otsailaren 7an.

Gerora, buelta asko eman ditu gaiak udalerri mailako eztabaida politikoan. 1997ko abenduaren 11n, Ezohiko Osoko Bilkuran, EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernuak lortu du zabortegi berriaren aktibitate espedienteari emaniko oniritzia baliogabetu zuen erabakia atzera botatzea –EAJko bozeramale eta zinegotzi Bildosolak alderdiaren diziplina errespetatu baitu oraingoan–. 1998ko apirilaren 30ean, Herri Batasunak mozioa aurkeztuko du Eitzaga, Sallabente eta Olarreagako auzokideen artean zabortegiei buruzko erreferenduma egiteko. EAJ eta PSE aurka; GI, HB eta Bildosola alde, beraz, mozioa onartuta geratu da. Udalak ez du sekula herri galdeketa hura egin.

Handik hiru hilabetera, uztailaren 30ean, ondorengoa gertatu da osoko bilkuraren aktak jaso duenez: “Zerrendan dauden gaiak aztertzeari ekin orduko, idazkariak EAJko Zaldibarko Uri Buru Batzarrak bidalitako idazkia irakurri du; horrekin udalbatzari jakinarazten zaio aurrerantzean Blanca Onaindia izango dela Zaldibarko EAJko bozeramaile”. Bildosolak adierazi du ofizialki berari ez diola inork ezer ere jakinarazi. Zabortegiak debekatuta daude herrian, baina Verter Recycling enpresak irekiko duen zabortegia oinarri, soka-tirak jarraituko du.

Kudeaketa politiko kritikatua

Itzul gaitezen 2020ra. 4 egun dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik eta gertaera dimentsio politikoa hartzen ari da. Krisia handia da, Eusko Jaurlaritzako departamentu ugari ukitzen ditu: Ingurumen Saila, Segurtasun Departamentua, Lan eta Justizia Departamentua eta Osasun Departamentua. Nor da koordinatzailea? Denen gainetik, Iñigo Urkullu lehendakaria bakarrik dago, eta larrialdiei aurre egiteko legea jarraituz, berak du funtzio hori. Ez du egingo. Horren ordez, astelehena arte bigarren lerroko politikariak bidaliko ditu herritarren aurrean azalpenak ematera. Baina hori da gutxienekoa: nor da zabortegiaren goiko operatiboaren azken erantzulea?

Jaizki Fontaneda / Foku

Ordezkari politikoen lehen egunetako agerpenen ordenak asko dio gaiari garrantzia kendu nahi izateaz: Ingurumen sailburuordea da Eusko Jaurlaritzaren izenean publikoki hitz egingo duen lehen pertsona, otsailak 8 larunbatean, Elena Moreno. Gaiari larritasuna kentzen saiatzen da. Egun horretan bertan Josu Erkorekak Anbotoren gailurrean irribarretsu ageri den argazkia igo du sare sozialetara, eta sortu duen kritika uholdeak eraginda, arratsean kendu egingo du ezer ere esan gabe. Urduritasuna transmititzen hasten dira. Igande goizean, bigarren lerroko beste politikari bat, Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga atera da prentsaurrekoan. Astelehen goizerako sare sozialetan gorpuzten ari da herritar askoren haserrea eta presioa.

Hurrenak aurpegia ematen Ingurumen eta Segurtasun Sailburuak dira, elkarrekin deitu dute prentsaurrekoa, Iñaki Arriola eta Estefania Beltran de Heredia. #NonDagoUrkullu traolak ehunka mezu biltzen ditu eta azkenik asteleheneko 16:00etan atera da jendaurrera lehendakaria. Ez du ordea Zaldibarko larrialdiaz hitz egiteko asmorik, hauteskundeak aurreratzen dituela eta legebiltzarra disolbatuta geratu dela iragarri du 40 minutuko prentsaurrekoan. Gaiaz galdetu dion Garako Iñaki Iriondori haserre erantzun dio Urkulluk, Twitterreko kanpainengatik behintzat ez dela zabortegira joango, ez dela eszenografia zalea esanez, besteak beste. Handik bi egunera presioari men egin eta Zaldibarren agertuko da, eta hurrengo egunetan krisi mahaian dagoela erakutsiko du telebista publikoak, nahiz eta 30 minuturako joan eta alde egin bileratik.

Eusko Jaurlaritza kritika ekaitz batean ari da murgiltzen. Ingurumen Baimen Bateratua daukaten proiektuen –zabortegi honek bazuen– kontrola eta ikuskaritza Ingurumen Sailaren ardurapean dago.  Gainera, Morenoren ondorengo hitzek ere harrabotsa sortu dute: Zabortegia zigortzear zeudela esan du igandean. Nahiz eta Jaurlaritzak aurrez abisatutako  ikuskaritza izan zen, Ingurumen Sailak “irregulartasun larriak” aurkitu zituen 2019ko urrian Eitzagako zabortegian. Jende askok dagoeneko ez du sinesten, otsailera arte ez bazuten neurri zuzentzailerik edo zigorrik ezarri, zergatik sinetsi zigorra jartzear zirela?

Urkulluk ez zuen gaia aipatu ere egin bere hitzartzean. (Jaizki Fontaneda / Foku)

Handik aurrera gertaerak azeleratuko dira: Jaurlaritza gaia kudeatzen ari dela transmititzen hasten da, baina suteak pizten zaizkio batean eta bestean. Adibide batzuk aipatzearren, Iurretako ertzain etxeko argazki bat zabaldu dute ertzainek, amiantoarekin lanean aritu diren ertzainen jantziak lurrean, plastikozko poltsa batean sartuta, eta paper batean "zigilatuta, amianto kutsadura arriskua" itsatsita ageri dela erakusten duena; Gipuzkoako suhiltzaileek salatu dute beren kamioiak ez dituztela garbitu amianto artean ibili ostean; desagertuta jarraitzen duen Joaquin Solozabal langileak zabortegia ezegonkor zegoela eta arduradunei geratzeko eskatzen bi aste zeramatzala zabaldu da; asko Arriolaren burua eskatzen hasi dira, beste batzuk zuzenean Urkullurena; astelehen buruzuria izan arren milaka lagun atera dira Eibar, Ermua, Mallabia eta Zaldibarren protestan kalera. Haserrea gorpuzten hasi da eta krisia Jaurlaritzari handi geratzen zaiola eta informazio falta salatzen du askok.

Krisi honek galdera bat mahai gaineratu du nahiko azkar: Eusko Jaurlaritzaren larrialdi sistemak prest al daude halako egoera bati aurre egiteko? Espainiako Kantabria probintziatik ekarri dute sutea itzaltzen laguntzeko helikopteroa, Jaurlaritzarentzat zabortegiaren egoera bera baloratu duen aditua Herbehereetatik etorri da, airearen analitika datuak Madrilen aztertu dituzte. Inplikazio politikoak dituen egoera da. Aldi berean, Jaurlaritzari kritikak hasi zaizkio espainiarzaleen partetik ere, El Mundok argitaratu baitu Lakuak uko egin ziola lehen egunean Espainiako armadak erreskaterako eskainitako laguntzari, helikoptero eta zakurrez osatua. Azken eskandalua, aste osoa “airearen kalitatea ona” zela esaten igaro ostean, ostiral gauean Osasun Sailak inguruotan dioxina eta furanoen kopurua hiriguneetakoa baino 40-50 aldiz handiagoa dela aitortu duenean lehertu da. Inguruotako herritarrei leihoak ixteko eta kalean kirolik ez egiteko gomendatu diete, eta egoeraren larritasunaren lekuko, Eibar eta Realaren arteko futbol partida ere bertan behera utzi dute, termino komunikatiboetan horrek dakarren guztiarekin. Askok galdetzen dute kirolik ez egiteko gomendatzen badute, ea kalean lan egitea onargarria den.

Ezker abertzalea ilegalizatu zutenean ireki

Goazen berriro atzera. Lizarra-Garazi garaiak iritsi dira, baita azkar pasa ere. Ondoren, ezker abertzalea legez kanpo utzi du Espainiako Alderdien Legeak. Horrek ondorio ugari ekarri ditu, baita esku artean dugun gaian ere.

Honela zegoen mendia 2004an, LKSren proiektuan jaso zutenez.

2002an jada ez da alkate Blanca Onaindia, EAJko Igor Barrenetxea-Arando baizik. Bost urte lehenago bide bazterrean geratutako zabortegiaren plana berrartuko du alderdiak, eta hau ireki arte lan egingo dute pausoz pauso. Hasteko, azaroaren 28an, arau subsidiarioen zati baten aldaketa onartuko dute, betelan, zabortegi eta lurren egokitzapenen erabilera arautzen duena. Eitzaga auzoan zabortegiak ez debekatzea onartuko dute egun honetan. Aktan irakur daiteke Batasunako Jon Azagirre zinegotziaren protesta, esanez ordura arte hiru zabortegi izan dituztela, zabortegi horietako baten promotoreak legez kanpoko isurketak egin izan dituela eta orain pertsona horrek beste zabortegi bat sustatzen duela. Horrez gain, salatzen du Udalak ezin duela saldu neurri positibo gisa, “helburua promotoreari pista librea ematea” dela eta ingurumena kaltetuko duela, Munikolako zabortegian agerian geratu den bezala. Horrez gain, ordura arte zabortegiaren aurka egondako GI-k aldatu egingo du botoa eta Benito Paco zinegotziari aurpegiratu diote iruzurra egin duela, hauteskunde programan zabortegi gehiago irekitzea debekatzea eta erreferenduma egitea defendatu duelako, eta egun erabakigarrian aurkakoa bozkatu duelako.

Eztabaida sutsua da Zaldibarreko osoko bilkura honetan. Akta osorik irakurtzeko modukoa da, zati batzuk transkribatu eta euskaratuta ekarriko ditugu orriotara. Hona alkatearen eta Herri Batasunako zinegotziaren arteko eztabaida:

Alkate jaunak azaldu du ez dakiela non ikusten duten Batasunako ordezkariek zabortegi berriak irekitzeko aukerarik, argi dagoenean udalak ez duela zabortegiak kontrolatzeko aukerarik, eta beraz, isuri inerteen inguruan dago aktibitate bat sortzeko aukera, zeina Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen duen, eta gainera, ezberdintasuna dago lurren zabortegien eta inerteen zabortegien artean. Azken hauetan enpresak botako duenaren ziurtagiria aurkeztu behar du. (…) Eusko Jaurlaritzaren neurri zuzentzaileak askoz zorrotzagoak dira hemen.

Zabarte jaunak erantzun dio grazia egiten diola kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratuko dela esateak, orain arte beraien eskuetan egon denean eta hala ere denek [herriko beste zabortegietan] modu inkontrolatuan bota dituztenean hondakinak. Gainera nahikoa da espedientea aztertzea ikusteko promotore hauen historiala zein den eta aurka bozkatzeko, baina EAJ promotoreen menpe dago, beti egin dute sudur puntan jarri zaiena eta EAJk beren gurariei amen esaten die.

Alkateak azaldu du promotoreak ez direla berak, estatutuak ikusi besterik ez dagoela eta ez dituela ulertzen Batasunak mahai gaineratu dituen argudioak proposamenaren aurka egiteko, lurren zabortegiak ez direnean hain murriztaileak eta une horretan egiten ari direna denean inerteen zabortegi bat non instala litekeen zehaztea.

Zabarte jaunak erantzun dio zabortegi guztietan edozer bota izan dela eta badakitela jende mota horrekin oso barkaberak direla, eta alkateak proposatu duen moldaketak pista librea ematen diela, eta gainera, ez dutela ez bideak egiteko lizentziarik eta legez kanpo dabiltzala dagoeneko bide hartatik.

Alkateak kontra egin dio esanez badutela obrarako lizentzia eta beste bi zabortegietan dauden arazoak konpontzeko konpromisoa hartu dutela.

Zabartek adierazi dio Alkate Jaunak promotoreen bozeramailea dirudiela eta Etxebarri zabortegiak jada ez duela konponbiderik, eta beraiek sinetsi egiten dutela ikusten dutena.

Eztabaidak luze jarraitu zuen PSEko eta GI-ko zinegotzien parte hartzearekin, eta azkenik bozkatu egin zen. Emaitza: zortzi boto debekua altxatzearen alde EAJ/EA 5 (Igor Barrenetxea-Arando, Jose Ignacio Mendiolagaray, Nerea Garitagoitia, Jose Martin Garitaonandia eta Mertxe Aranburu), PSE-EE 2 (Angel Martin eta Javier Tera) eta GI 1 (Benito Paco); Batasunako 3 boto aurka (Gaizka Zabarte, Idoia Marin eta Jon Azagirre). Hor hasi zen zabortegia irekitzeko bidea.

Pauso hori 2003ko martxoaren 27ko ohiko osoko bilkuran borobilduko dute arau subsidiarioaren aldaketa behin-behingoz onartuz. Ondorengo pausoa Verter Recycling 2002 enpresari lanak hasteko baimena ematea da. 2007ko maiatzaren 17an egingo dute, gobernu batzordean. Ezker abertzalea, ilegalizaturik, jada udaletik kanpo da. Lizentzia hauek ematea alkatearen eskumena da, kasu honetan, Igor Barrenetxea-Arandorena. Baimena eduki arren obrak ez direnez emandako epean hasi, baimen berria eman dio enpresari 2008ko irailaren 4an. Hurrengo urtean, Barrenetxea-Arandok alkatetza utziko du Bizkaiko Aldundiaren Azpiegitura sailean lanean hasteko: hilabete gutxira kontseilari eta idazkariorde izendatuko dute.

Azkenik, EAJko alkate Idoia Mendiolagaraik 2011ko maiatzaren 6an sinatuko dio Verter Recycling 2002 enpresari aktibitate lizentzia, Bilduk herrian hauteskundeak irabazi baino 16 egun lehenago. Ostiral hartan, Zaldibarko Udal Gobernu Batzordean bilduko dira alkatea, Nerea Garitagoitia (EAJ) eta Benito Paco (GI). Batzordeko kide den Angel Martin (PSE-EE) ez da bileran egon. Aipatutako arduradun politiko hauek aho batez onartuko dute Eitzagan hondakin ez-arriskutsuen jarduera irekitzeko lizentzia ematea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak "ezarritako baldintza eta neurri zuzentzaileekin”. Lizentzia hau eskuratuta, Verter Recyclingek zabortegia ireki du eta zaborra bertan botatzen hasiko da.

Handik bi astera, 2011ko maiatzaren 22an egindako hauteskundeetan, EAJk alkatetza galduko du eta Bilduk gehiengoa lortu Zaldibarren 780 botorekin. EAJk 324 boto lortu ditu, PSEk 252 eta PPk 124. Alkatetza koalizio abertzaleko Arantza Baigorrik hartu du, baina dagoeneko zabortegi hau atzera bueltarik gabe zaborra pilatzen hasi da.

Zalantza ugari airean

2011 hartatik bederatzi urte pasa dira eta Zaldibarko zabortegiak 35 urtean jasotzea aurreikusten zituen hondakin industrialak epe horretan jaso ditu. “Zuloa” deitzen zioten garraiolariek, eta egunotan prentsan bateko eta besteko lekukoek azaldu dutenez, inolako kontrolik gabe hondakin kutsakorrak bota dituzte urteetan, milaka tonaka. “Kamioia zamaz bete, eta hara eramaten genuen zaborra, inolako birziklatze prozesurik egin gabe. Han denetik ikusi izan dut: material korrosiboen bidoiak, suharberak, amiantoa...”, adierazi dio garraiolari batek Berriako Iñaki Petxarromani. Jaurlaritzak ez zuen kontrol neurririk hartu?

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, baita Josu Erkoreka bozeramaleak ere, adierazi du beraiek zabortegi horretan aurkitutako irregulartasunak ez daudela amildu izanaren kausen artean. Hori horrela bada, Jaurlaritzaren kontrolak ez dira gai izan milaka tona zabor eragitear ziren sarraskia aurreikusteko, eta beraz, kontrol sistema osoa jarri dute arduradunek auzitan. Horrez gain, aipatzekoa da, Jaurlaritzak halako enpresei egiten dizkien kontrolak, aurrez abisatuta izaten direla, ARGIAko irakurleak beste azpiegitura batzuei buruzko artikuluetan –erraustegiak kasu– irakurria izango duenez.

Ermuar ugarik diote zabortegi horretan “denetarik” sartzen zela. ARGIAri zenbait lekukok adierazi diotenez, Alemania, Frantzia, Portugal eta beste hainbat herrialdetatik etorriak, gau eta egun, asko erabat estalita. Aipatu berri dugun garraiolariak dio 230 kamioi sartzen zirela egunean.

“Ikusten genuen handitzen eta handitzen, eta esaten genuen: hori noizbait amildu egingo da; baina ez genuen sinesten edo ez genuen sinetsi nahi eta gure eguneroko bizitzarekin jarraitzen genuen”, adierazi digu zabortegiaren ikuspegi garbiena dagoen mendi hegaletik, inguruan bizi den Juan Ramonek. “Jaurlaritzakoak etorri dira neurketak egitera, porruak, tomateak, lurra eta beste eraman dituzte. Esan diegu ea zer egin behar dugun kea gure etxerantz datorrenean, hain izan da jasanezina lehen egunetan hodeia, abereak gobernatu, leihoak eta pertsianak itxi eta hanka egin genuela. Osasun teknikariek esan digute ongi egin genuela, berriro gertatzen bada, berriro ixteko dena, eta ezin bada egon, ospa egiteko”, dio Eitzagatik zabortegia parez pare ikusten duen Jose Luisek.

Eusko Jaurlaritza airearen kalitatea neurtzen ari da, eta hirietako ohiko parametroak  neurtu ostean (SO2, CO, NO2, ozonoa, partikulak –PM10 eta PM2.5– eta bentzenoa.), hauek ez direla apartekoak errepikatu du behin eta berriz lehen astean. Gezurra? Ez, baina bai herritarrengan gaizki-ulertua sortzen duena. Izan ere, aztertutako parametro horien arabera, airearen kalitatea normalitatearen barruan zegoen. Baina herritarrak "airearen kalitate ona" hitza entzutean, eta neurketak zer parametro aztertzen dituen –ta zein uzten dituen kanpo– ezagutzen ez duenez, ulertzen du "osasunari kalte egiten ez diona" dela "ona". Dioxina eta furanoen neurketak, ordea, otsailaren 9an egin ziren –bosgarren egunera arte ez, beraz– eta Madrilgo laborategietan aztertu ostean, otsailaren 14an iritsi ziren emaitzak. Horrek ekarri du herritar asko "engainatuak" sentitzea, bere zentzumenek esaten ziotenaren aurkako mezua ematen aritu baitzitzaion Ingurumen saila airearen kalitatea "ona" zela esanaz, eta ondoren ikerketek arrazoia eman diotelako herritarren perzepzioari. Zeri egin kasu, beraz, aurrerantzean, erakunde publikoek osasunaz emandako oharretan?

ELAk salatu du Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak “isiltasunaren legea” ezarri nahi izan diela Zaldibarko zabortegian gertatzen ari denaz bere saileko eta Uraren Euskal Agentziako langileei posta elektronikoz mezu bat bidalita. “Sailburuordetza honetako ohiko bideetatik kanpo argitaratzen den informazio oro ardura pertsonal gisa hartuko da”, zioen mezuak. Jaurlaritzak inguruko baserritarrei eskatu die beren baratzeetako barazkiak ez jateko, eta ura gertuko iturburuetatik hartzen duten baserrien kasuan, ura txorrotatik ez edateko. Zenbateraino ari dira kutsatzen Eitzagako zabortegiaren inguruan bizi diren milaka pertsonak? Haizearen norabidearen arabera, erre usain lodia nabaritzen dute herritarrek, eztarrian.

Hauteskundeen zurrunbilora

Modu korapilatsuan ekin dio Eusko Jaurlaritzarako hauteskunde kanpainari EAJ-PSE tandemak. Hasiera batean helburua gehiengo osoa lortzea zuela adierazi zuen Urkulluk, baina ikusteko dago nola eragingo dion zortzi urteetan Urkulluren gobernua pairatzen ari den krisi politikorik larrienak. Erreportaje hau inprentara bidaltzeko orduan, lehendakariak legebiltzarrean azalpenak eman beharko ditu, lepora salto egin nahiko dion oposizioaren aurrean. Aldi berean, hauteskundeak aurreratuz Legebiltzarra disolbatu du Urkulluk, eta horrela oposizioa krisi honi buruzko inolako daturik eskuratzeko aukerarik gabe utzi du gobernuak.

Krisia kudeatzen mahai teknikoa jarri dute. Bertan dira Jaurlaritzako sail ugari, baita Zaldibar, Ermua eta Eibarreko alkateak ere. Krisi mahaiaren koordinatzailea Urkullu dela adierazi du Jaurlaritzak, bere lidergoa erakutsiz irudietan. Hasieratik martxan egon bada mahai hori, Urkulluk egindako adierazpenen arabera, ez ote da inplizituki onartzen ari, zabor jauziaren lehen unetik, berari zegokiola hainbat sail koordinatzea eskatzen duen goiko operatiboaren azken ardura? Elgetako alkateak salatu du mahai teknikora ez dutela gonbidatu, nahiz eta zabortegitik 200 metrora egon. EH Bilduko kide bakarra litzateke bertan. Horrez gain, Zaldibarko Krisi Mahaiko bi kidek erraustegien lobbyarekin harremana dutela salatu duenik ere bada. Legebiltzarrean oposizioko alderdiek salatu dute Jaurlaritzak ez diela informaziorik ematen eta prentsaren bidez ari direla jarraitzen nondik norakoak.  

Ikusteko dago Gipuzkoako erraustegi berriaren gaiari ere nola eragingo dion eskandalu honek. Krisia lehertu denetik isilik dira Olano eta Asensio, nahiz eta kutsadurapean dagoen Eibar hiria Gipuzkoa izan. Krisi betean, gainera, egun batetik bestera, Mutiloako zabortegia itxi dute, eskandalu berriak ekidin asmoz. Bitartean, herri mugimenduak azken txanpan sartuta daude. Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia piztu aurreko Zubietako zero gunearen azterketa toxikologikoa egina du eta emaitzak esku artean ditu, kutsadura datuak urtez urte konparatzeko; eta bestetik, otsailaren 29rako manifestazio bateratua deitu dute eragile ugarik Donostian Ez erre etorkizuna lelopean.

“Euskal Prestige”

Eitzagan amaitu den manifestazioa hitza hartzen azkena Helene Alberdi da, desagertutako langileen senideen ordezkaria. “Milesker gaur hona etorri zareten milaka lagunei, baita egun luze hauetan maitasuna eta indarra helarazten ari zareten guztiei ere, eskerrik asko. Egia esan oso maitatuak sentitzen ari gara eta hau oso garrantzitsua da. Espero dugu presio honen eraginez lanean serio jartzea eta ahalik eta azkarren gure senideak hortik ateratzea, milesker bene-benetan”. Bere aurretik,  Egoitz Txurruka mintzatu da herrietan gaia jorratzeko sortzen ari diren plataformaren izenean, eta borrokan jarraituko dutela adierazi du.

Adinean gora doazen ama-semeak, istripua gertatutako lekuaren parean, autopistaren beste aldetik hondeamakinak lanean nola ari diren begira daude. Duela 40 urte Galiziatik Ermuara lanera etorritako herritarrak dira. “Honek guztiak Prestige petrolio-ontziarekin gertatu zena dakarkit gogora –esan digu semeak, amak ondotik buruarekin baietz egiten duela–. Han ere izugarrizko desastrea gertatu zen, eta zer egin zuen Rajoyk? Lehenik eta behin garrantzia kendu, plastilina hariak zirela esanez, ontzia kostatik urrundu zuten, pena eman zuten, eta azkenean kudeaketa txarraren ondorioz, kosta osoa zikindu zuten. Hemen antzeko zerbait gertatzen ari dela uste dut”. Hori esan eta ttirriki-ttarraka aurrera jarraitu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude