Herrialde Katalanetako herririk turistikoenak, eskuin muturraren bozen biltoki

  • Kataluniako erkidegoko azken hauteskundeetatik eta Europako Parlamenturako bozen emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu artikulu honetan.

Lloret de Mar Espainiako estatuko udalerri turistikoenetako batean, eskuin muturrak bost bototik bat lortu du

2024ko abuztuaren 12an - 09:45
Azken eguneraketa: 11:23

Auzo aberatsak eta auzo pobreak. Eskuin muturreko boto-emaileei buruz hitz egiten dugunean, errenta altuenak dituzten tokiei eta pobrezia-indize altuenak dituzten tokiei erreparatu ohi diegu. Bi espazio sozioekonomiko horiek bereizita, esan beharra dago batean zein bestean Vox, Se Acabó la Fiesta (SALF) edo Alianza Catalana gisako indar politikoak nagusitu direla hainbatetan. Esaterako, ondorengo bi zona hauetan: Bartzelona hiriburuko Cerro Park ingurua eta Sant Gervasi-Galvany auzoa, eta Sant Adrià de Besòs edo Badia del Vallès hiri metropolitarrak. Beraien artean muturreko diferentziak dituzten guneak dira.

Aipatu dugun lehenbiziko zonaldean, "aberatsean", pisuek 200 metro karratu baino gehiago dituzte batez beste, eta per capita errenta gordina 34.000 eta 39.000 euro artekoa da; bigarren eremuan, aldiz, biztanle bakoitzeko errenta Kataluniako baxuenetakoa da, ez ditu 15.000 euro gainditzen, eta pisuak, batez beste, 50 metro koadrokoak dira.

Hala eta guztiz ere, badira fokuen pean jartzen ez diren beste ingurune batzuk ere, eskuin muturraren boto-aletegia izan direnak: udalerri turistikoak. Directa-k ultraeskuindarren botoa aztertu du Kataluniako azken hauteskundeetan, eta egiaztatu ahal izan duenez, presio turistiko handiena dagoen lekuetan, Voxeko eta Alianza Catalanako alderdi ultraeskuindarrek emaitza onak lortu dituzte.

Salou, adibidez. Espainiako Estatuko bosgarren biztanleria turistikoa da, turismoaren patronalaren arabera. 72.077 ostatu-plaza ditu –ilegalak direnak kontutan hartu gabe–; Katalunian Bartzelonak bakarrik gainditzen du kopuru hori, 126.633 baititu. Era berean, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) dio 37.000 turista baino gehiago daudela kilometro karratuko. Salou udalerrian Voxek bere emaitzarik onenetako bat lortu zuen Katalunia osoan, botoen ia % 17 lortuta. Alianza Catalanak erregistratutakoei gehituta, bost bototik bat eskuin muturreko alderdientzat izan zen.

Antzeko zerbait gertatu da beste herri turistiko nagusi batean, Roses izenekoan. Kataluniako zazpigarren udalerria da, ostatu turistikoei dagokienez, Bartzelona, Salou, Lloret, Cambrils, Torroella de Montgrí eta Castell-Platja d 'Aroren atzetik. Urtero 301.000 turista hartzen ditu, nahiz udalerrian bertan 20.000 biztanle ere ez egon erroldatuta. Saloun antzera, hor ere boto guztien %21 ultraeskuinarentzat izan zen: % 12,5 Voxentzat eta % 9,1 Alianza Catalanarentzat.

Zer dago horren atzean?

Zifra horiek antzekoak dira beste udalerri batzuetan, eta badirudi masifikazio turistikoaren eta eskuin muturraren gorakadaren arteko lotura-hari bat ehundu daitekeela. Hala eta guztiz ere, kontsultatutako hainbat adituk zuhur jokatu dute kausa-ondorio hain zuzeneko erlazio bat ezartzerakoan. Martin Lundsteen antropologo eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzailearen ustez, "fokua zabaldu behar da hori zergatik gertatzen den ulertzeko".

Bere ustez, sektore turistikoaren ondoriozko prekarietatea eskuin muturraren aldeko botoaren igoeraren atzean dago. "Gaizki ordaindutako eta sasoika lana sortzen duten udalerriak dira, eta, askotan, migratzaileek egiten dituzte", dio. Esparru horretan daki eskuin muturrak ondoen jokatzen, eta horregatik lortzen ditu emaitza onak udalerri turistikoenetan.

Kataluniako hauteskundeetan udalerri turistikoenetan eskuin muturrak lortutako botoen ehunekoa. / Directa

Zifrek Lundsteenen tesia berresten dute. Izan ere, Kataluniako herri turistikoenak herrialde osoko biztanle bakoitzeko familia-errenta gordin txikiena dutenak dira. Aztertutako hogei udalerrietatik, Santa Susannak eta Palsek soilik gainditzen dituzte urteko 16.000 euroko errentaren langa; eta, kasu batzuetan, Roses, Lloret de Mar edo Castelló d 'Empúries udalerrietan esaterako, 12.000 euro ez dira gainditzen –Kataluniako batez bestekoa 18.000 eurokoa da–.

Aldi berean, leku horiek lana aurkitu nahi duten migratzaileentzako erakarpen-gune bihurtu dira, eta, horren ondorioz, kasu batzuetan, hemengo atzerritarren ehunekoa Kataluniako lurralde osoko altuenetarikoa da. "Desberdintasun sozial handia dagoen herriez ari gara, atzerriko kolektiboarekiko errezeloa duten herriez; eskuin muturrak politikoki ondo baliatzen du hori", dio antropologoak. Ildo horretan, Lloreteko lau herritarrek bat ez da jaio Katalunian, eta zifrak handiagoak dira Saloun eta Castelló d 'Empúriesen, hurrenez hurren %33 dira eta %45.

Harago doan arazoa

Lundsteenek ohartarazi du eskema hori ez dela sektore turistikoarena soilik, eta kostaldetik urrun dauden beste udalerri batzuetan ere gertatzen dela. "Haragi-industriarekin gertatzen da, soldata baxuko sektorea baita". Adibidez, Vic edo Manlleu (Osona) bezalako herriak aipatzen ditu, non industria-eremu honek pisu nabarmena duen. "Prekarietate eta urtarokotasun handiko sektorea da, eta horrek, alde batetik, langile migratzaileak erakartzen ditu, eta, bestetik, eskuin muturraren botoa handitzen du", azaldu du.

Beste era batera esanda, masifikazio turistikoa eta turismoak tokiko biztanleengan zuzenean eragiten dituen bidegabekeriak ez dira, oraingoz, eskuin muturraren agenda mediatikoari lotuta dauden gaiak. Are gehiago, Vox –pandemian zehar frogatu zen bezala– beti agertu da turismo-sektoreko enpresarien alde, eta 2022an Kataluniara turistak itzultzeko eskatu zuen, osasun-krisiaren aurretik egiten zuten kopuru berean. "Gero eta segurtasun sentsazioa falta handiagoa dago, eta turismofobia eta itolarri fiskal eta arautzailea gure lurraldean turisten etorrera gutxiesten ari dira", zioen alderdiko diputatu batek.

Aldi berean, Alianza Catalanak, bere programan turismoari buruz hitz egiten duenean, sektoreko Kataluniako patronalen argudioak baino sakonagoak ditu. Hala, besteak beste, turismoa sasoi jakinetatik ateratzea, gertakari handiak sustatzea edo "kalitatezko turismoa" bultzatzea eskatzen du.

Hala ere, Sílvia Orriols buru duen antolakunde politikoak jada susmatu du harago joan daitekeela turistifikazioaren argudioa, Salou edo Lloret bezalako udalerrietan sortzen diren arazoen migrazioaren errua egozteko. Ildo horretan, bere programan honako hau esan zen: "Covid-19aren ondorioz, sektore turistikoak eskulan kualifikatu asko galdu du. Normaltasuna berreskuratzeko azken sektorea izan zen, denbora gehien itxita egon zena. Horregatik, oso profesional baliagarriek sektorea utzi zuten eta jada normaltasunez lan egiten zuten beste batzuengana joan ziren. Lan egonkorragoa zuten, hobeto ordaindua eta baldintza hobeekin. Bertako profesional kalifikatuen gabezia hori esperientziarik gabeko etorkinek ordezkatu zuten, baina lan- eta soldata-baldintza okerragoak onartzen zituzten. Horrek sektorearen bikaintasuna galtzea eragin du, profesionaltasunik ez dagoelako eta katalanezko zerbitzua ia existitzen ez delako".

Joera ez hain argia

Nahiz eta egia izan Kataluniako hauteskundeetan udalerri turistikoek eskuin muturrari emandako botoa altua izan zela, ezin dugu esan berdina Europako hauteskundeei dagokienez. Hasteko, Alianza Catalana ez zen Katalunian aurkeztu, eta ultraeskuindar espainolistak zailtasunak izan ditu, momentuz, nortasun katalanistagoa duten populazioetan sartzeko, mendialdean eta abar. Vox indartuta dabil hegoaldean, kostan.

Gainerako Herrialde Katalanei dagokienez, Europako hauteskundeetan eskuin muturrari botoa ematearen portaera askotarikoa da. Uharteetan, hogei udalerri turistikoenetan, boto-emaile ultraeskuindarren ehunekoa txikiagoa izan zen uharteetan, Espainiako gainerako udalerrietan baino.

Valentziako Herrialdean, bestalde, udalerri turistikoetan eskuin muturrari emandako botoen ehunekoa handiagoa izan zen Estatuko gainerako udalerrietan baino. Hala ere, udalerri turistiko horietan, boto-kopuruak Valentziako herrialde osoan erregistratutakoen antzekoak dira.

Izan ere, La Comarca Científica elkarteko soziologo Alexis Lara Climentek azaltzen duenez, udalerri turistikoenei erreparatzen badiegu, eskuin muturrak boto gehiago lortzen ditu Valentziako hegoaldeko eskualdeetan daudenetan, "historikoki identitate espainolistagoa eta probintzialistagoa dagoelako, eta ez hain valentziarra". Era berean, Xavier Peiro soziologo eta politologoa ere uzkur da turismoaren eta eskuin muturraren arteko lotura garbia ezartzeko. "Ez dira datu eztabaidaezinak", uste du, eta Valentziako udalerri turistikoetan eskuin muturraren kontrako erresistentzia hazten ari dela gaineratu du.

Nolanahi ere, bi adituek esan dute oso eremu prekarioak direla. "Desberdintasuna handiagoa da turismo-eskualdeetan, eta horrek ezinegona sortzen du lan-alternatibarik ezaren eta etxebizitzaren eta alokairuaren prezioaren ondorioz", dio Larak. Ildo horretan, INEren datuen arabera, Valentziako udalerri turistiko gehienek ez dute urteko 12.000 euroko errenta gainditzen, eta lurraldeko hiri eta herri guztien kasuan, berriz, zifra 22.000 eurotik gorakoa da. "Baliteke ondoez hori eskuin muturrak aprobetxatzea, sistema ez baitu erantzuletzat jotzen, eta beti zailagoa baita ikusaraztea eta aurpegiratzea, baxukoei baizik, azkenaren gerra azken-aurrekoaren aurka", dio Eskualde Zientifikoko kideak.

Hortik harago, Europako hauteskundeetan, Se Acabó la Fiesta bai eragin handiagoa izan zuela udalerri turistikoenetan. Alvise Pérez irabiatzaileak sareka prestatutako alderdiaren botoaren geografian lerro bat marraztu dezakegu, Cadizetik Alacanteraino, kostaldetik bidaiatzen duena. Kanariar Uharteekin batera, ultraeskuindarrek babes handiena izan zuten lekuak dira. Katalunia osoari dagokionez, SALFek porrot egin zuen, eta Tarragonako gune turistikoetan bakarrik – Bartzelonako metropoli-eremuaren baimenarekin – lortu zituen Espainiako Estatuko gainerakoen antzeko emaitzak. Badirudi, beraz, eskuin mutur berri hori horrelako udalerrietan sartzen ari dela.

Europako hauteskundeetan Herrialde Katalanetako udalerri turistikoenetan eskuin muturrak lortutako botoen ehunekoa

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-18 | Leire Ibar
Bederatzi lagun epaituko dituzte Bilbon astelehenetik aurrera, Voxen ekitaldi bat eteteagatik gorroto delitua egotzita

Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.


Mobilizazio arrazistek porrot egin dute Donostian zein Gasteizen

Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]


2024-11-08 | Irutxuloko Hitza
KASen kontrako elkarretaratze berria egingo du LQNTCDD taldeak datorren astelehenean Donostian

Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]


Segurtasuna ala eskuin mutur berriaren amua?

Iragarritako heriotza baten kronika. Donostiako Udalak Egiako Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, «segurtasunaren» aitzakian. Bizpahiru urte dira Egian segurtasuna guztien ahotan dagoela, eta azken hilabeteotan, talde eskuindarren gorakadarekin, egoerak okerrera... [+]


ANALISIA
Donostiako Egiako eta Gasteizko Errotako mobilizazio arrazistak (eta etorriko direnak): kointzidentziak eta galderak

Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


2024-10-24 | ARGIA
Donostiako Udalaren debekuaren aurrean, Kaleko Afari Solidarioak dio etxerik gabekoei otorduak ematen jarraituko duela

Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka

Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Kirolari lotuta ere bai...

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Elena Francis itzuli da?

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]


Alemaniako ezkerra: BSW geratzeko etorri da

Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]


Kaleko afari solidarioen kontrako elkarretaratze bat egin dute Donostian, PPko zinegotzien parte hartzearekin

Afari solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean zegoen antolatuta baimenik ez zuen elkarretaratzea. Tentsio une handiak izan dira, eta Ertzaintzak KASen aldeko hainbat jarraitzaile identifikatu ditu.


Eguneraketa berriak daude