Ustez 1936ko gerrako gudari eta milizianoak ziren 51 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Amorebieta-Etxanoko Hilerrian

  • Hilerrian egiten ari ziren lan batzuen ondorioz azaldu dira gorpuzkiak. Gogora Institutuak dei egin die ingurune horretan 1936ko gerran desagertutako senideak dituzten herritarrei harremanetan jartzera, identifikazio prozesuak abian jartzeko.


2023ko abenduaren 12an - 12:33
Azken eguneraketa: 14:03
Abenduaren 5ean ere aurkitu zituzten Amorebieta-Etxanoko Hilerrian 20 pertsona baino gehiagoren gorpuzkiak. // Argazkia: IREKIA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

51 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Amorebieta-Etxanoko Hilerrian astelehenean. Zantzuen arabera, 1936ko gerran Amorebieta-Etxano inguruko gerra-fronteetatik edo herriko Odol Ospitaletik zuzenean eraman zituzten gudari eta milizianoenak izan daitezke gorpuzkiak. Hilerrian egiten ari diren lanen ondorioz aurkitu dituzte, eremu jakin batean. Gerran hildako pertsonak lurperatu zituzten bertan, erregistro historikoen arabera.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak dei egiten die 1936ko gerran inguru horretan desagertutakoen familiei harremanetan jar daitezen gogora@euskadi.eus posta elektronikoaren bidez edo 944032845 telefono-zenbakira deituta. Kontaktu hori funtsezkoa da gorpuzkien identifikazio-prozesua hasteko.

Gerra Zibileko Desagertuen Bilaketa programan elkarlanean ari dira Gogora, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Amorebieta-Etxanoko Udala. Gorpuzkien identifikazio lanak EHUko Biomics laborategian egingo dituzte. Teknika forentseak eta zientifikoak aplikatuko dituzte garai historiko hartan hildakoak zehatz-mehatz identifikatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Eguneraketa berriak daude