Uruguaiko Parlamentuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidea babestu du

  • Uruguaiko Parlamentuan ordezkaritza duten lau alderdietako ordezkariek bat egin dute euskal gatazkaren konponbidearekin. "Uruguai Euskal Herriko bakearen alde" bilkuraren harira, ez ohiko irudia eskaini zuten ostegun arratsaldean, guztiak mahai berean eserita.

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2014ko ekainaren 06a
Euskal Herriako bakearen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpenak egin dituzte Uruguaiko Parlamentuan (Argazkia: Be˝at Zaldua, naiz.info).

Anival Pereyrak hartu zuen lehen hitza, Ganberako Lehendakariak, eta segidan hitz egin zuten Frente Amplio alderdiko ordezkari Ruben Marinez Huelmok, Partido Nacional-eko Pablo Iturraldek, Partido Colorado-tik Jose Amorin Batllek, eta azkenik Partido Independiente-ko Daniel Radiok. Batetik, azpimarratu zuten “ETAk armak utzi eta elkarrizketa eskatzen duen bitartean, Espainiak eta Frantziak ez dutela seinalerik egin”, eta “bi aldeen artean beharrezkoa den konfiantza falta dela”. Horrez gain, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ere aldarrikatu dute.

Ez ziren agerpenean hitz egin zuten bakarrik izan, ondotik Lucia Topolansky senatariaren (Pepe Mujika presidentearen laguna), Paul Rios Lokarriko koordinatzailearen eta Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidearen txanda heldu baitzen.

Topolanskyk adierazi zuen“bakeagatik borroka egiteak edozein lekutan dela ere merezi duela”. Senatariak azpimarratu zuen “Espainiako Gobernuak asimilatzen joan beharko duela bakea lortzeko alde guztiek utzi behar dutela zerbait bidean”, eta “erakunde armatuak armak uzteko prozesua abian jarri badu erraztasunak eman behar zaizkiola”.

Paul Riosek bere txandan adierazi du “euskaldunak direla bakeranzko bidea egin behar dutenak, baina babesa sentitzea ere garrantzitsua dela”. Lokarriko koordinatzaileak gaineratu du “orain bost urte baino askoz egoera hobean dagoela Euskal Herria”. Spektorowskik azalpenei Bruselako Adierazpenetik hasi eta gaur egun arteko prozesuaren etapen gorabeherak gehitu zizkion.

Ez ziren falta izan, gainera, Uruguaiko presidente ohi Julio María Sanguinetti-ren hitzak. Ez zuen bilkurara joaterik izan, baina bere idatzi bat irakurri zuten, zeinean berak ere bat egiten zuen Euskal Herriko bakearen alde.

Martinez Huelmo Frente Amplio-ko ordezkariak eramango dio bilkurako deklarazioa Estatuen arteko Erakundeko Nazioarteko Komisioari.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Euskal bake prozesua kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude