Urtsoa Parot: “Nire anaiak ezingo du Europako erabakiaz baliatu”

  • Urtsoa Parotekin hitz egin du Le Journal du Pays Basque egunkariak. Unai eta Ion Kepa Parot presoen arreba da. Giuliano Cavaterra kazetariak elkarrizketaren sarreran gogoratzen duen moduan, haien abizena 197/2006 doktrinari lotuta agertu da Unairi 2006an kondena luzatu ziotenetik.


2013ko urriaren 24an - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Urtsoa Parot 2010eko argazki batean (argazkilaria: Gaizka Iroz).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Ines del Riori buruzko epaia eman ondoren zer sentitu zuen galdetuta, “poza” aipatu du bi presoen arrebak. “Independentistak salbuespenezko neurrien biktima dira hamarkadatan, zuzenbidearekin eta justiziarekin zerikusirik ez daukaten neurriak. ‘Parot doktrina’ ez da neurri horien artean azkena besterik, euren azken egunera arte kartzelan edukitzea xerkatzen duena. Europako epaitegiak Espainiari arrazoia eman izan balio gerra logika horretan sartuko zen. Aldiz, hartu duen erabakiarekin, epaitegiak bake keinua egin du”.

Dena den, epaiaren ondoren ere Unai Parotek ezingo du kartzelatik irten elkarrizketan azaldu duenez: “Nire anaiari bi prozesu gehiago egin dizkiote, bat ETAko kide izateagatik. Normalean ezin da pertsona bat bitan kondenatu akusazio berarengatik. Baina bere kasuan epaileek argudiatu dute ETAn sartu zela berriz, erakundea utzi ondoren”.

Bere anaia Unai kartzelan mantendu ahal izateko justizia espainiarrak “legeak aldatu” zituela azaldu ondoren, adierazi du ez zela hura izan mota horretako neurriak aplikatu zizkioten lehen presoa eta ez duela atsegin doktrinari eman izan zaion izena berarenari lotuta agertzea.

Estatu frantsesean preso dagoen Ion Kepa anaiari dagokionez, Parotek azaldu du 197/2006 doktrinarik ez egon arren "beste modu batera" antzeko neurriak aplikatzen direla. "Ion Kepari Dati legea aplikatu diote atzerako eraginarekin". Estrasburgoko epaia Frantziak ere kontuan hartuko duela espero du presoen arrebak eta berrikusiko dituela bizi osoko zigorra dituztenen kasuak, tartean Ion Kepa Parotena, Frederik Haranbururena eta Jakes Esnalena.


'Parot doktrina' kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.