Ubik-eko lan-gatazka Tabakalerako prekarietatea agerian uzten hasi da

  • Bi hilabete daramatza itxita Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiak, bertan lan egiten duten bitartekariek lan-baldintzak hobetzeko greba hasi zutenetik. Ez dirudi arazoa soluzionatzeko bidean dagoenik: asteazken honetan elkartu dira langileak eta zerbitzuaren esleipena daukan enpresa. Azken honek grebalariei proposatu die datozen lau urteetan mobilizaziorik ez egiteko, soldata igoera baten truke.


2019ko otsailaren 13an - 18:07
Tabakalerako langileek asteazken goizean egin dute elkarretaratzea kulturgunean sarrera nagusiaren aurrean (argazkia: Dani Blanco).

“Lan baldintza duinak Tabakalerako langile guztientzat” idatzita zeukan pankartarekin, elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Donostiako kultura garaikideko nazioarteko gunearen aurrean. Dagoeneko 54 egun pasa dira kulturgune horretako Ubik sorkuntza liburutegian lan egiten duten bitartekariek greba hasi zutenetik euren lan-baldintzak hobetzeko asmoarekin, eta ez dirudi, momentuz behintzat, egoera hobetzera doanik, nahiz eta horren ondorioz Tabakaleraren zerbitzu izarretako bat bihurtua den espazioa itxita dagoen azken bi hilabeteetan.

Argazkiak bi mezu dauzka: hasteko, kulturguneko beste adarretako langileek ere bat egiten dutela Ubik-eko bitartekariekin –grebalariek azaldu dutenez, gaurko elkarretaratzean Tabakaleraren proiektu kulturaleko langileak ere bazeuden, baita Etxepare institutukoak, Euskadiko Filmategikoak, Informazio puntukoak edo erakusketetan aritzen direnak, besteak beste–; eta horrekin lotuta, problema Ubik-etik harago doala, zentro horretako beste zenbait zerbitzuk ere azpikontratazio bidez funtzionatzen baitute eta horietako langileak ere baldintza oso prekarioetan ari dira.

Nondik begiratzen zaion, hirugarren mezu bat ere badauka irudiak: grebalariak indartsu daude eta euren aldarrikapenarekin jarraituko dute.

Hori adierazi nahi izan dute, Ubik kudeatzeko kontratua daukan Sedena enpresarekin bilera egin duten egun berean. Emaitzarik gabe bukatu da bilkura hori, bitartekariek adierazi dutenez, proposamen “iraingarria” egin dielako Sedenak: %15eko soldata-igoera jarri diete mahai gainean, langileak grebara eraman dituen beste problemak kontuan hartu gabe –ordutegiak, lan-egutegia, asteburuetako eta jai-egunetako lana...–; eta gainera, proposamenaren lehen paragrafoan langileei eskatuz datozen lau urteetan inolako mobilizaziorik ez egiteko.

Blokeoa puskatu nahian

Ez aurrera eta ez atzera dago Ubik eta, greban diren bitartekarien esanetan, gordinagoa bihurtzen ari da egoera. Ez bakarrik Sedena greba-eskubidea urratzen duen planteamendu batekin etorri zaielako; horri gehitu behar zaio, grebaren 50. egunarekin bat eginez Donostiako Udalak polizia munizipala bidali zuela bitartekariek Tabakaleraren kanpoaldean jarrita zeukaten informazio-gunera zenbait lagun identifikatzeko eta isunak jarriko zizkietela adierazteko.

Tabakalerako langileen artean ere “giro petrala” sumatzen dutela adierazi dute eta, goizeko argazkiaz balorazio positiboa egin badute ere, egoera horri egotzi diote jende gehiagok aldarrikapenarekin bat egin ez izana.

Negoziazioari dagokionez, blokeo egoera puskatzeko bide berri bati ekin diote bitartekariek azken asteetan: Ubik-eko zerbitzuarentzat lizitazio berri bat eskatzea. Hasieran, Gipuzkoako esku-hartze sozialeko hitzarmenean jasota dauden baldintzak eskatu zituzten, eurenaren antzeko beste zerbitzu batzuetan lan-baldintzen marko hori aplikatzen zela ikusita –Irungo liburutegian edo Bilboko Azkuna Zentroan, adibidez; bigarrenean Bizkaiko konbenioa, noski, ez Gipuzkoakoa–.

Baina bide hori itxita aurkitu dute, Tabakalerak hasieratik esan baitzuen konbenio hori ezin zela aplikatu greban dauden Ubikeko langileen kasuan. Hortaz, eskakizunari forma aldatzea erabaki zuten. Problema hitzarmen horren aplikagarritasuna baldin bazen, zergatik ez eskatu zuzenean han jasota dauden baldintza zehatzak? Hori eginez, ikusi nahi zuten problema hitzarmena bera ote zen ala langileen eskariak. Eta asteazken honetako bileraren ondoren, langileen ustez bigarren puntuan dago arazoa.

Pilota berriz ere Tabakalerako zuzendaritzaren eta administrazio kontseiluko erakundeen esku dago. Bitartekariek adierazi dutenez, ordezkari instituzionalekin biltzen saiatuko dira; eta posible da martxoan berriz ere administrazio kontseiluak bilera egitea gaiaz hitz egiteko, azkeneko aldian auziari iskin egin ondoren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tabakalera
2022-11-29 | Leire Artola Arin
XVII. Feministaldian arrastaka doazenen arrastoa goraipatuko dute

Azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute kultura feministaren jaialdiko aurtengo edizioa, Donostiako Tabakaleran. Ahoa narras lelopean, egitarau oparoa antolatu dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak eta beste eskainiko dituzte 25 bat artista, pentsalari... [+]


2022-06-12 | Peru Iparragirre
Ikerketa metafisikoak paper laukidunean

Hemezortzi egileren lanak biltzen ditu Emma Kunzen unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin elkarrizketan erakusketak. Emma Kunz (1892-1963) ikertzaile eta sendalari suitzarrak pendulua erabiliz egindako tamaina handiko irudiek dute zentraltasuna, eta artista... [+]


Claire Simon zuzendaria Donostian izango da maiatzean, Tabakalerak antolatu duen atzera begirako zikloan

Iaz Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan lehen aldiz Sail Ofizialean lehiatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da aurten Claire Simon zinema zuzendaria. Tabakaleran haren filmografia osoa proiektatuko dute apirilaren 7tik aurrera eta maiatzaren 28an, Récreations filmaren... [+]


2021-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen* bizitza eta gorputzen "dardara bortitzei” helduko diete XVI. Feministaldian

Sismika leloa hautatu dute aurtengoan Plazandreok antolatzaileek, eta 30 artista, aktibista eta pentsalari baino gehiago egongo dira hitzaldi eta ekitaldietan.


2021-07-04 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude