Ikerketa metafisikoak paper laukidunean

Argazkia: Mikel Eskauriaza / Tabakalera

2022ko ekainaren 12an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hemezortzi egileren lanak biltzen ditu Emma Kunzen unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin elkarrizketan erakusketak. Emma Kunz (1892-1963) ikertzaile eta sendalari suitzarrak pendulua erabiliz egindako tamaina handiko irudiek dute zentraltasuna, eta artista garaikideek Kunzen obrarekin elkarrizketan sortutakoak osatzen du erakusketaren gainerako zatia, bigarren plano batean geratu daitekeen arren erakusketari izateko arrazoia ematen diona.

Emma Kunzen unibertsoa
NOIZ: urtarrilak 28 - ekainak 19
NON:  Tabakalera (Donostia)

Erakusketaren izenburuan unibertsoari egindako erreferentzia ez da ohikoan izan daitekeena bezain azalekoa. Kunz sendalaria zela esan dugu, eta, hain zuzen ere, orain artelan gisa erakusten diren irudi horiek “naturopata gisa egindako lanaren oinarria giza espirituaren bizitzaren eta izaeraren iragatea gidatzen duten arauen inguruko ikerketa etengabe eta oso pertsonalaren” adierazpen bisualak ziren.

Gaur egunera ekarrita, Kunzek aztertzen zituen auzi metafisiko horien inguruan nahi bezala hausnartzeko parada ematen du kolore, marra eta irudi bakoitzak, haien jatorritik denboran, espazioan eta mundu-ikuskeran hain bereizita. Haien alderdi estetiko hutsagatik ere kontuan hartzekoak dira, hala ere. Haien handitasunak, haien forma eta errepikapen geometrikoek, simetriek asimetriek eta itxura batzuetan kaleidoskopikoak horretarako bide ematen du, are gehiago irudiok Kunzek hasi eta buka egiten zituela jakinda.

Tresnak zirenak (izendatuak eta datatuak, denboran izoztuak, ez izateak erakusten du hori) artelan bilakatuta ageri zaizkigu orain, azken urteetan artista garaikideek haren obra berreskuratu eta iturri gisa hartu baitute. Kunzek haren lanean ikertutakoa eta bere praktika nahi bada artistikoak uzten dituen arrastoak, bide bazterrean geratutakoak, berrinterpretatu eta gaur egunera ekarri dituzte. Elkarrizketa horien emaitza dira Tabakaleran erakusgai dauden gainerako lanak, ikuspegi eta teknika ugari biltzen dituztenak.

Erakusketak erakusten duena, azken finean, Emma Kunzen obra arte garaikide bihurtua da, baina baita unibertso askorentzat ezezagun batean barneratzeko gonbita ere. Ikuslearen gain geratzen da azken buruan modu gutxi gorabehera neutroan azaltzen zaizkion bizitzaren eta munduaren inguruko ikuspegi horiek eta haien testuingurua ulertzea, osatzea, zalantzan jartzea; gure garaian nagusi diren dinamika kulturalen logikaren eta Kunzen obraren zentzuaren arteko zubien eraikuntza materiala askotarikoa izan baitaiteke.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!