ARGIA.eus

2021eko irailaren 23a

Txileko protesta sozialetan atxilotutakoentzat indultua eskatu du konstituzio berria idatziko duen batzordeak

  • Kartzelaratzeak indarrik gabe uzteko lege proiektua ostegunean bozkatu da. Astelehenean, berriz eztabaidatuko dute. 

Iraitz Madariaga Etxebarria
2021eko uztailaren 09a
2019ko urriaren 22ko protesta sozialak Santiagoko Baquedano plazan. Argazkia: Carlos Figueroa

2019an hasitako protesta sozialetan atxilotutakoen indultua eskatzeko behar den lege proiektua aurkeztu du Konbentzio Konstituzionalak. Ostegun honetan egin dute bozketa; datorren astelehenean, senatuko Giza Eskubideen Komisioan eztabaidatuko dute. Aldeko eta kontrako indarrak parekatuta daude.

El País hedabideak bildutako datuen arabera, Senatuko presidente Adriana Muñoz-ek eta Isabel Allende senatari sozialistak bultzatu dute lege proiektua. Bigarren bozetan 105 boto lortu dituzte alde, 34 kontra eta 10 abstentzio egon dira. Astelehenean proiektua onartuz gero, Sebastián Piñera Txileko presidenteak atzera botako duela iragarri du.

Augusto Pinochet diktadorearen 1980ko konstituzioa aldatzeko sortutako Konbentzioa uztailaren 5ean hasi zen lanean. Indultuak onartzeko proposamena, berriz, taldea eratu eta gutxira aurkeztu dute. Osteguneko bozketaren ondoren zabaldu duten agirian lege proiektua beharrezkoa dela azpimarratu dute. Haien esanetan, 2019ko urrian hasitako protesta sozialetan “giza eskubideak urratu zituzten estatuko agenteek (...), eta milaka pertsona atxilotu eta baldintza ilegaletan atxiki zituzten”. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak eta Human Rights Watch erakundeak orduan salatu zuten segurtasun agenteek erabilitako gehiegizko indarra.

Bío Bío irratiak bildu duenez, Elisa Loncón Konbentzioko presidenteak azaldu du protestetan atxilotuetako asko “preso politikoak” direla. Kartzelaratutako horiek dira, bere ustez, Txileko demokraziak daukan arazo larriena. Juan Francisco Galli barne ministroak, ordea, deklarazioen kontra egin du, Txilen preso politikorik ez dagoela esanez, El Mercurio hedabideak jaso duen moduan.

Kontrako jarrera azaldu dute baita estatuko hainbat indarrek ere. Jorge Abbott fiskal nazionalak azaldu du lege proiektua onartu eta indultuak eskainiko balira, delitu larri asko zigor gabe geratuko liratekeela.

2019ko protestak

2019ko urrian, garraio publikoaren prezioaren igoera salatzeko protestak antolatu ziren Txilen. Txinparta izan zen. Herrialdeko desberdintasun sozialen aurka egiteko aldarrikapen bilakatu eta bi urtez luzatu ziren. Konstituzio berria ezartzeko eskariarekin lasaitu da egoera kaleetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Txile  |  Txile  |  Presoak

Txile kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude