Txertoen patenteak kentzearen alde egin du Nafarroako Parlamentuak

  • “Ekoizpenaren monopolioa duten farmazia-konpainien espekulazioaren ondorioz” txertoen kopuru mugatu eta eskasarekin amaitzeko helburuz, parlamentuak gobernuari eskatu dio Espainiari galdegin diezaion COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako liberalizatzearen aldeko jarrera har dezala.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko maiatzaren 07an - 08:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Herrialdeen arrakala agerian utzi du koronabirusaren aurkako borrokak. Munduan jarri diren 1.100 milioi dosietatik soilik %0,3 inokulatu dira diru-sarrera gutxiko herrialdeetan. Ekoizpenaren "monopolioa duten farmazia-konpainien espekulazioaren" ondorioz eman da egoera Nafarroako Parlamentuak onartu duen ebazpenean jaso dutenez. EH Bilduk sustatu du, osasuna gutxi batzuen esku dagoen pribilegioa bilakatu dela iritzita.

Hala parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Espainiari galdegin diezaion COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako liberalizatzearen aldeko jarrera har dezala. Sozialisten, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren aldeko botoak jaso ditu ebazpenak. Navarra Sumak, aldiz, abstentziora jo du baldintzen inguruko hausnarketa beharrezkoa dela iritzita.

Dena den, arazoa mundu mailakoa dela onartu dute denek eta talde guztiek bat egin dute ebazpenaren helburuarekin: munduko herritar denek txertoa hartzeko aukerarik izanen ezean, ez da birusak eragindako egoera gaindituko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txertoak
Eguneraketa berriak daude