ARGIA.eus

2021eko urriaren 23a
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 3. eguna

Txantxarreka Gaztetxeko terrazan

  • Filmak eragiten dizkidan zirrarak inguruan ditudanengan sentitu nahi nituzke. Aretora sartu aurretiko hizketaldiak, eta atera osteko iruzkin truke aberasgarriak. Eta zergatik ez, egileekiko solasaldiak.

Mikel Antza
2021eko irailaren 19a

Beteta dago Txantxarreka Gaztetxeko terraza. Hastera doa Donostiako Zinemaldi Alternatiboa, Espainiako hardcore eta punk feministaren inguruan ardaztutako Sin tu permiso dokumentalarekin. Horretarako baina, eguzkiaren argia apaldu zain egon behar izan dugu bertaratutakook, horma zuri batean proiektatu behar diren irudiak ikusi ahal izateko. Freskagarri batzuk edanez eta presarik gabeko hizketaldiekin, giro lasaian egon gara zain. Proiekzioaren ondoren, Liher musika taldeko Lide Hernandorekin solastatzeko aukera izan dugu.

Zinemaldi Alternatiboak ezohiko guneak hautatu ditu sei egunez Zinemaldi ofizialaren bestelako eskaintza bat eskura jarriz.

Bi ikuspegitatik begiratu daiteke eskaintza hori: frankismoaren amaierarekin bat Donostiako Zinemaldiak Auzoak eta herriak sailarekin ezagututako iraultzaren hondar gisa, edo gaur egungo Zinemaldiaren ondoan bestelako proiektu bat eskaintzeko ahalegin baten gisa.

1953an, Frankismoak bere irudia arazteko bultzatu zuen Zinemaldia. 1977an, aurreko bi urteetako istiluen ostean, bide berri bat hasi zuen. Iazko Zinemaldiaren harira Gorka Bereziartuak argitara emandako 1977: egarri egunak Zinemaldian artikulu bikainean agertzen dira garai hartako giroan Auzoak eta herriak sailak Zinemaldiari ekarri zion berrikuntzaren nondik norakoak.

Zinemaldiaren aitzakiarekin idatzitako artikulu sorta honi ekin nionean jabetuta nengoen nire idazkiek izan zezaketen arriskuaz: iragan-mina eta zahar kutsua hedatzea. Atzera begiratzen denean ekiditen zaila dena.

Arrisku horri aurre egitea erabaki nuen, iraganeko kontuak berreskuratzea lagungarri izan daitekeelako aurrera begira eman beharreko urratsak aberasteko, gauzak nolakoak ziren jakinda uler daitekeelako nola iritsi diren orain diren bezala izatera.

Honela zioen Bereziartuak aipatu artikuluan: “1977ko edizioak bestelako etorkizun batzuen posibilitateak erakusten ditu hemendik aurrera antolatuko diren Zinemaldientzat”. Donostiako hamabi auzo eta inguruko herrietako biztanleei zinemara hurbiltzeko aukera eman zion edizio horrek. Hurrengoa hogeita hamabost gunetara hedatu zen, apurka-apurka ekimena suhiltzaile brigada boteretsuen eskutik itzaltzen joan zen arte.

Askoren ustez, ekitaldia beste hiri batera eramatearekin mehatxu egin eta Zinemaldia hartzen ari zen bideagatik kendu zion 1980an A kategoria FIAPF-k. Berori berreskuratzea bilakatu zen antolatzaileen helburu aitortua; aitorgabea itxura guztien arabera kategoria kentzen zion kutsu herritar hori desagerraraztea izanik.

Nostalgiarik gabe gogoratzen ditut Bellas Arteseko larunbat arratsaldetako emanaldi jendetsuak. Orduan, gallineroraino betetzen zen aretoa Marx anaien filmen bat ikusteko, krispetak eta pipitak, txaloak, barre algara eta oihuak, eta hankekin zoruan joz sortutako iskanbila.

Gurean zinema beste era batera bizi ziren garai horiek modu hunkigarrian erakusten ditu Giuseppe Tornatorek 1988an egindako Cinema Paradison. Eta hara nondik, Zhang Yimiouk ere hori erakusten digu Donostiako Zinemaldiko Sail ofizialean aurkeztu duen Segundo bat filmean. Baina, baita ere, aipatu Zinemaldi Alternatiboaren egitarauan irailaren 25ean Trinitate plazan eskaini asmo duten Africa en cinecicletak (Juan Zavala, 2019) dokumentalak. Biek daukate oinarrian zinemari buruzko zinema, filmak ikustea gizarte gertaera publikoa zeneko garaia ekartzen dutenak gogora.

Izango da agian besaulkiak tartekatuta eseri behar garelako, eta beraz alboan ez daukagulako traba egiten digun inor, edo aurpegia erdi estalia eraman behar dugulako, baina aretoa beteta egonik ere, film bat ikustea zeregin bakarti eta hotz bihurtu da.

Filmak eragiten dizkidan zirrarak inguruan ditudanengan sentitu nahi nituzke. Aretora sartu aurretiko hizketaldiak, eta atera osteko iruzkin truke aberasgarriak. Eta zergatik ez, egileekiko solasaldiak.

Horrela kontatzen du 1977ko Zinemaldi iraultzaile hori bizi izan zuen batek: “Bertolucci Novecentoren bobinak besazpian zeuzkala joan zen Intxaurrondora, jendearen erreakzioa sentitu nahi zuela zioen. Eta Laura Betti antzezlea eta biak begiak bustita itzuli ziren”.

Eta horrela jarraitzen du: “Zinemaldiko ahots kritikoa ginen. Aurrekontu oso apala geneukan. Ez ziguten publizitaterik egiten, jarraitzen utzi ziguten, baina hil egin zen. Zinekluben gainbehera gertatu zen ere. Amaiera tristea izan zen, baina Zinemaldia herritartzeko eragilea izan zen Auzoak eta herriak saila, jende arrunta, erosahalmen handia ez zeukana, ohiko jantziekin hasi zen bertaratzen”.

Atzoko zutabean ahaztu zitzaidan aipatzea garai aproposa iruditu zaidala hau, film baten eta bestearen ikuskatzeak uzten didan tarteetan, Pello Lizarralderen Argiantza irakurtzeko. 80ko hamarkadan kokatutako kontakizun horretan zinema areto batzuen ardura daukan gerentea ikuskatze-lanetan ibiliko da, negozioaren ardura hartu duen jabe berriari egoeraren gordina jakinarazteko helburuz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Zinemaldia 2021  |  Donostia

Zinemaldia 2021 kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude