Turkiak Afrin inbaditu du eta kurduek adierazi dute “gerrilla taktikaz” egingo diotela aurre

  • Turkiako tropek eta Afrin barruti kurduaren kontrola hartu dute. Turkiako bandera zintzilikatu dute Afringo legebiltzarrean asteburuon, eta Kawa kurduen heroi mitologikoaren estatua eraitsi. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Afrin inbaditutzat jo du.


2018ko martxoaren 20an - 12:15
YPGko soldadu kurduak Afrinen (Arg: Kurdishstruggle)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urtarrilaren 20an abiatu zuen Turkiak Siriaren menpeko Afrin barruti kurduaren aurkako inbasioa. Geroztik, setioa etengabea izan da: 500 zibil eta 820 miliziano kurdu hil dira. YPGk (Herriaren Babes Unitateak) erabaki du Afringo zibilak hiritik ateratzea, “hondamendi humanitario” bat ekiditeko.

Afrineko 350.000 biztanleetatik 220.000k ihes egin dute, BERRIAk jaso duenez.  Alabaina, YPGko presidenteorde Osman Şêx İsa-k milizia kurduak borrokari eutsiko diotela jakinarazi du.

“Afrinen aurkako erasoak urtarrilaren 20an hasi ziren, Errusiaren aliantzarekin. Errusiak zerua ireki zuen Turkiak gure herriaren aurkako sarraskia burutu zezan”, esan du Şêx İsa-k.

Bestalde, gerra “beste fase batera” bideratu dela esan du YPGkoak, eta gerrilla modura antolatuta Turkiako tropen aurka egingo dutela jakinarazi du: “Gure indarrak Afrin osoan barreiatuko dira eta Turkiako armadari eraso egingo diogu euren baseetatik. Afrinen erresistentziak aurrera darrai, harik eta zentimetro bakoitza libre geratuko den arte eta Afringo jendea beraien etxeetara itzuliko den arte”.

“Isilik ez egotea” eta Turkiako estatuari presio egitea eskatu dio Şêx İsa-k NBEri, “genozidio fisiko, kultural eta politikoarekin” amaitu dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Eguneraketa berriak daude