CUP

"Troiako zaldia sartu dugu. Esparta zutik jartzeko unea da"

  • Quim Arrufat Lleidan jaio zen, 1982. urtean. Esquerra Independentistako militantea da oso gaztetatik eta 2012. urtean, Kataluniako Parlamentura aurkeztu zen, CUP-en zerrenden baitan. Hiru urteren ostean, instituzioak uzteko unea iritsi zaio, baina argi dauka, ez doa etxera: “Parlamentuko bigarren lerroan jarraituko dugu, baina politikako lehenengoan, beti bezala”.


2015eko irailaren 24an - 15:05

2012ko hauteskunde kanpainan herri mugimenduko eragileekin “Troiako zaldiaren” papera izango zenutela esan zenuten; herritarren hitza Parlamentuan sartu nahi zenuten. Lortu duzue?

Troiako zaldia erabiltzearekin, etsaiaren gunean sartuko ginela esan nahi genuen; Parlamentuko ateak ireki nahi genizkion herri mugimenduari. Eta nik uste, hasieratik, hori bilatu dugula, eta zergatik ez, lortu ere. Azken batean, kaleko gatazka bertaraino eramatea zen gure helburua. Besteak beste, errepresioaren aurkako taldeek kalean polizia markatzen zuten bitartean, guk ere Parlamentuan polizia eredua markatu nahi genuen , gure erara. Horren adibide gomazko pilotak debekatzea lortu izana da. Orain, igandeko hauteskundeetako hautagaiengana noanean, “Troiako zaldia sartu dugu. Esparta zutik jartzeko unea da” esaten diet. Gure lanaren jarraipena egin behar dute, baina ziur nago lorpen handiagoak izango dituztela.

CUPeko diputatu bat ezin da legealdi bat baino gehiago egon. Hala ere, nahiz eta soilik hiru izan, zuen taldeak oihartzuna izan du eta erreferentzia bat irabazi du. Ez duzue neurri hori aldatzea pentsatu?

Ez, eta uste dut, hiru urte hauen ostean, are gutxiago (farreak). Asko nekatzen du lanak, baina ez da berdina amaiera data bat buruan izateak edo ez izateak. Baina batez ere, kolektiboari eman nahi diogu garrantzia. Horregatik diogu ez goazela etxera, gure lana ez dela bukatu. Parlamentuko bigarren lerroan geratzen gara, politikako lehenengoan, beti bezala. Mediatikoki ere, Esquerra Independentistak hiru pertsona izango ditu Parlamentutik kanpo, eta auskalo zenbat Parlamentu barruan.

Beraz, Esquerra Independentistak bere osotasunean, Parlamentura aurkeztu izanaren apustua positiboki baloratzen du?

Noski, oso balorazio positiboa egiten dugu. Hala ere, argi utzi nahi dugu politika txikian, Udaleko politikan sinesten dugula; lan horretan gehiago sakondu nahi dugu oraindik ere. Esan bezala, salto mediatikoa emateaz gain, termino konkretu batzuk Parlamentuan sartzea lortu dugu. Orain arte soilik kalean entzuten ziren “neoliberalismoa” edo “bortizkeri poliziala” bezalako kontzeptuak erabili ditugu, eta batzuetan, beste talde politikoek ere kontzeptu hauek erabili behar izan dituzte. Hori lorpen handia da guretzako.

Arrufat, komunikabideekin hitz egiten

Inkestak, guztiz fidagarriak ez diren arren, eserlekuak hirukoiztuko edo laukoiztuko dituzuela diote. Zer egin duzue hiru urte hauetan horretarako?

Bi puntutan laburbilduko nituzke gure “gorakadaren” zergatiak:
Gure lana: Argi hitz egin dugu, gauzak diren moduan esan ditugu. Epe motzera zein luzera, gizarteak eskertzen du.
Guri egin diguten lana: Espainiako Gobernuak gero eta gehiago hitz egin, orduan eta herritar gehiagoren babesa jaso dugu. Gainera, soilik hiru parlamentari izanda, akats gutxi eduki ahal izan ditugu; baina beste talde politikoen akatsak etengabe eman dira. Horregatik diogu lan guztia ez dela gurea, eta gure diskurtsoa ez dugula guk bakarrik eraman aurrera (CUPek argitaratutako azken bideoan ikusgai).

Euskal Herriarekiko keinuak izan dituzue. Posible izan ez den arren, bi herritar zuen zerrendetan sartzen saiatu zarete. Alde batetik, espetxetik atera berri den Laudioko alkate ohia den Pablo Gorostiaga. Bestetik, Diego Paredes, bere anaia “Txiki”ren fusilamenduaren 40.urtemugan. Zergatik?

Euskal Herria kontutan izan nahi genuen oraingo une garrantzitsu honetan. Ez soilik Euskal Herria; Andaluzia, Gaztela edo Galizia bezalako herrialdeak ere. Internazionalistak gara, eta ez dugu Espainiar Estatuko herrien aurka egin nahi; haiekin batera eraiki nahi dugu gure eta haien etorkizuna. Keinu honekin ere, azken urteetan Kataluniari atxikitu dioten “tribu” izaera horrekin apurtu nahi dugu: gure historia, gure kultura eta gure hizkuntza ditugu, bai. Baina hori ez da arrazoi nahikoa independentziarako, NAN-a aldatzea ez da nahikoa. Errotik, herritar guztiekin, eman nahi dugu aldaketa. Dena aldatzera goaz.
Beldurraren kanpaina izaten ari da hau, batez ere Espainiako Gobernuaren partetik. Zeren beldur zarete zuek?

Ez dugu ezerren beldurrik. Eta ezer diodanean “zero beldur” esan nahi dut. Espainiar Estatuko agintariek, Kataluniako oligarkiek edo espekulatzaileek ezer esango ez balute beldurra edukiko genuke. Baina ez dira isiltzen, gure mesedetan. 2012tik jendeak beldurra galdu du, eta guk, beldur gutxi bageneukan ere, guztiz galdu dugu. Hain ezaguna egin den spotan, hori adierazi nahi genuen: ez dugu beldurrik, eta zergatik ez, gure buruaz farre egiten badakigu.
Langabezia, txirotasuna … Orokorrean, eztabaida nagusietan, lurraldetasuna diskurtso sozialaren gainetik dago. Hauteskunde garrantzitsu hauen aurrean, biak ala biak mahai gainean jartzea zaila da?

Zaila baino, askok ez dituzte bi gaiak mahai gainean jarri nahi. Guk biak ala biak mahai gainean jarri ditugu: ez dugu bata bestearik gabe ulertzen. Independentzia nahi dugu, baina modu praktikoan. Europako eredu neoliberalarekin eta Troikarekin apurtuko duen independentzia nahi dugu. Eta horretarako, independentziaren aukera aprobetxatu nahi dugu, ez dugulako beste irtenbiderik zerotik hasteko.

“Governemnos” (guk geuk agindu), CUPen leloa hauteskundeetarako.

Junts Pel Sik eserlekuekin zenbatuko ditu independentziaren aldekoak. Zuek bozekin. Eserlekuetan gehiengoa lortzen badu independentziak, baina bozetan ez, nola jarriko zarete ados?

Guretzako garrantzitsuenak direnak, herritarrak dira, pertsonak dira. Eta pertsona bakoitzak boza bat dauka. Zentzu honetan, soilik aukera posible bat ikusten dugu independentzia aldarrikatzeko: gehiengo sozialak independentziaren alde bozkatzea igandean, eta gero, desobedientzia oinarri hartuta, eragile zein herrialde internazionalek independentzia onartzea. Baina azkenengo urrats horretara hetzea ezinezkoa da ez badugu hautestontzietan gehiengoa lortzen.

Kataluniak independentzia lortuz gero, Herrialde Katalanen batasuna aldarrikatzen duen borrokak indarrak hartu edo indarrak galduko ditu?

Zoritxarrez, gainontzeko Herrialde Katalanetako egoerak zaila dauka okerrera egiteko. Pais Valencian, aurreko urtean 114.000 ume katalanez ikasi gabe geratu ziren, uharteetan (Balearrak) ezin da natura gehiago esplotatu, ustelkeriak gora egiteko zaila dauka… Principat (Kataluniako autonomia erkidegoa) kanpoko militanteekin hitz egiten dugunean aurrera egiteko esaten digute, horrela ere, euren egoerak aurrera egingo duelakoan. Hortara goaz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CUP
2022-10-30 | La Directa
Anna Gabrielekin elkarrizketa, erbestetik bueltan

Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel Sabaté Suitzara erbesteratu zenetik, Jordi-ak eta Kataluniako Gobernuaren zati bat espetxean zirela. Ordutik asko aldatu da egoera: indargabetutako Carles Puigdemonten inbestidura saioa, Quim Torraren izendapena eta inhabilitazioa,... [+]


Ezker Independentista eta CDRak masiboki zelatatu ditu Espainiako Barne Ministerioak

Directa hedabideak eman du argitara espioitza masiboa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu, eta besteak beste kaleko jarraipena ere egin die hainbat militanteri. 2017ko... [+]


2022-01-23 | Saioa Baleztena
Mireia Vehí i Cantenys
"PSOEren gobernua egonkortzea nork bere buruari harrika egitea da"

2019an Kataluniak bizi zuen salbuespen egoerak bultzatuta, CUP lehenbizikoz aurkeztu zen Espainiako Estatuko hauteskundeetara bi eserleku lortuta. Mireia Vehí (Vilafant, Herrialde Katalanak, 1985) diputatu eta zerrendaburuak ARGIA jaso du Madrilgo Kongresuan, alderdi... [+]


2021-12-01 | ARGIA
CUPek katalanez baino ez du egingo hedabideen aurrean

Prentsaurrekoak eta edozein motatako parte-hartzeak katalanez eskainiko dituzte Herrialde Katalanetan. Erabaki hori hartu du CUPek Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duelako ikastetxeetan ikasgaien laurdena gaztelaniaz eman behar dela.


2021-10-01 | Axier Lopez
Alde bakarreko bidearen aurka agertu da Kataluniako Parlamentua, U1-eko erreferendumaren urteurrenean

Lau urte bete dira gaur Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumetik. Urteak pasa dira, eta errepresioa tarteko, galdeketa hori sustatu zuten alderdi independentisten jarrerak ere aldatu dira. Ostegunean, aldaketa hori islatuta geratu da Kataluniako Parlamentuan.


Eguneraketa berriak daude