Koadroz kanpokoa

  • Iritsi da zinemaldia bere meridianora. Hiritarra ohitu da zinemazaleen itxurara, eta ikuslegoa aretora. Bat baino gehiago lo aurkitu dut emanaldietan, inguruarekin konfiantza hartuta edo. Zuzendariei galderak egitea ere ohiko bihurtzen ari da. Beste egun bat, saioetan.


2019ko irailaren 24an - 02:25

La bronca izeneko filma aurkeztera etorri da Vega anaietako bat Horizontes Latinos sailera. Zinegile peruarrak atzerrira joandako diaspora erretratatzen du, 1991ean Montrealen bizi den familia batean gorpuzturik. 18 urteko gazte batek Peru utzi eta aitarengana bizitzera joatea erabakitzen du, bere herrialdean dagoen egoera politikoa dela eta; aitaren mundua, ordea, ez da esperotakoa. Filmak adaptazio eta talka kulturalen, eta iparraldeko eta hegoaldekoen arteko harremanez hitz egiten du, baita lehen mundukoak deituriko horien beste herrialdeekiko ezjakintasunaz. Gidoiak norabide interesgarria du, nahiz eta pertsonaien estoikotasunak batzuetan filmetik atera gaitzakeen. Koadroz kanpo kontatzen da garaiko Peru zertan den, Sendero Luminosoren aipamen batean. Amaierako artxibo irudi gutxi batzuek erretratatzen dute filmean nolabait presente dena, kamerak grabatzen duenetik haratago.

Azken ideia honekin lotuta, Zinemiran ikusi dugun Loïc Legranden lehen filmak harritu du aretoa gaur. Bordelen jaiotako zuzendariak Iparraldean gauzatu du proiektu dokumentala ideia baten baitan: 5 zinegile elkartu eta laburmetraia bat egin dezaten proposatu. Legrandek beste dogma bat ere ezarri die, Hiru uhainen kondairan oinarritu daitezen eskatu die. Kondairak azaltzen du nola arrantzale bati behin hiru olatu etorri zitzaizkion sorgin batek hala aginduta, mendeku gisa, eta nola garaitu zituen lehen biak. Hirugarrena iristean, ordea, arpoia hartu eta olatuaren bihotzera jaurti zuen; modu honetan salbatu zen naufragio baten patutik. Etxeratzean, emaztea aurkitu omen zuen hilda, bihotzean arpoi bat zuela. Kondairatik abiatuta 5 gazteek filma idatzi eta ekoitzi egingo dute, zenbait zinemagileren aholkuekin. Prozesu horretan azalduko dira hainbat eztabaida emakumeen paperari, tradizioari eta euskal kulturari lotuak. Filmak ohikoa ez den tokian pizten du interesa, sorkuntzaren ibilbidean hain zuzen ere. Kolektiboan sortzeko proposamena ez da erraza gauzatzen, eta dokumentalean erabakiak hartzeko une zailak ere ageri dira. Halere, faltan bota dut, behin prozesu horretara jarrita, gehiago bustitzea. Zinemaren demokratizazioa erakusteko desioak edukia jan duela ematen du zenbait momentutan, bere arriskuak bururaino eraman gabe.

Arriskuak neurrian hartu dituen filma izan da, bestalde, Las buenas intenciones argentinarra. Ana García Blayaren opera prima da, Buenos Airesen oinarritzen dena 90eko hamarkadan. Zuzendariak guraso bananduak dituzten hiru umeren bizitza kontatzen du, 10 urteko ahizpa nagusia harturik protagonistatzat. Amak Paraguayra mugituko direla erabakitzen duenean sortuko zaizkio zalantzak alaba zaharrenari: aitarekin gelditu nahi luke. Aitak, ordea, ez du haur batzuen zaintzak eskatzen dituen ezaugarriak betetzen. Argentinarraren lehen filmak bere autobiografia dirudiena hartzen du oinarri, fikziozko lanean hainbat artxiboko irudi tartekatzen baititu. Errekurtsoak, estetikoki oso ondo funtzionatzeaz gain, pisu handia ematen diote istorioari errealismo pintzelkadokin. Artxiboa gailu bihurtzen du Garcíak, filmari zentzua gehitzen dion potentzia. Gurasoen eta haurtzaroaren inguruko gogoetan, psikoanalisiarekin nahiko bat datozen pertsonaiak dira jokoan familia ikertzen duen gidoi honetan. Ume eta heldu paperetik kontatutako bizipenetan, ez dago epairik, hausnarketa baizik. Txikitan bizi izandako une garrantzitsu horren omenez egindako obrak zubi zuzena egiten du ikuslegoarekin eta kanpoko munduarekin; artxiboa ez da ausaz ipini. Zuzendari Berriak sailean ikus daitekeen pelikula honek gainditu egiten ditu saileko espektatibak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude