Telelanak eragiten dituen konexio, argindar edo berokuntza gastuak zeinek ordaindu behar ditu? Etxetik egiten den lanak zein ordutegi eta atseden ditu? Nola prebenitu gehiegizko nekea?... Pandemiak telelana areagotu duen garaiotan, berau arautzea beharrezkoa ikusi du Espainiako Gobernuak.
Gobernuaren helburua da lan egiteko modu berri honek eragiten dituen gastuak konpentsatzea, borondatezkoa izatea, lantokira itzultzeko aukera aurreikustea eta langilearen eskubideak bermatzea.
Horretarako prestatzen ari den arauan, sindikatuek eskatu dute gastuak enpresek hartu behar dituztela beren gain: hileko tarifa bat, espazioaren, Interneterako konexioaren, energiaren, berokuntzaren, garbiketaren eta mantentze lanen gastuak estaltzeko. Ordenagailuaren eta laneko materialaren gastuak ere enpresari dagozkiola gaineratu dute sindikatuek.
Gastuez gain, gutxieneko lanaldi eta atsedenaldiak, lan denboraren banaketa, nekea (fisikoa eta mentala) prebenitzeko neurriak eta isolamendu arriskua saihesteko moduak aztertzen ari da Gobernua, besteak beste.