Itxi Guerra ekintzaile antikapazitista desgaitasunaren bueltan sortzen diren interes ekonomikoez mintzo da; asteburuan, Arrasaten eta Urbison izan da.
Desgaitasuna despatologizatu eta politizatu behar dela aldarrikatzen du Itxi Guerra ekintzaile antikapazitistak (Madril, 1998). Lucha contra el capacitismo (Kapazitismoaren aurkako borroka) liburuaren egilea da, eta asteburuan Arrasaten (Gipuzkoa) eta Urbison (Araba) izan da liburua aurkezten.
Desgaitu eta elbarri hitzak erabiltzen dituzu; hala ere, erabili behar diren hitzen inguruan eztabaida dago.
Eztabaida horrek agerian uzten du belaunaldi diferenteetako ekintzaileak gaudela. 1990eko hamarkadako ekintzaileak aniztasun funtzionala sortu zuten desgaituon kontra sortutako irainak saihesteko. Baina queer mugimenduak eragin handia izan du belaunaldi gazteagoengan, eta irain gisa erabilitako hitzak gure egitea eta hitz horien esanahia aldatzea erabaki dugu. Hala ere uste dut norberak erabaki behar duela bere burua nola izendatu nahi duen. Desgaitu erabiltzen dut uste dudalako aniztasunaz hitz egitea desgaitasuna patologizatzen jarraitzea dela.
Zer dago patologizatzearen atzean?
Duela urte batzuk queer jendearekin gertatzen zen bezala, gaur egun asumitzen da desgaitasuna gaixotasunari lotuta dagoela, ikuspegi medikutik begiratzen delako. Estatuak indarkeria justifikatzeko daukan tresna bat da. Gainera, medikuntzatik datorrenez, badirudi ustez objektiboa dela eta indarkeria hori ezin dela zalantzan jarri. Baina berez, kontu kultural eta politiko bat da, zerikusia duelako ideologiarekin eta indarkeriarekin. Araua hausten dugula ikusi beharko genuke, desgaitasuna gaixotasunetik lantzeak errealitatea politizatzeko aukera kentzen digulako.
Zer dakar ikuspegi medikutik begiratzeak?
Niretzat oso bortitza da nola kontrolatzen dituzten medikuki gure bizitzak. Asumitzen da gure bizitzak etengabe aldatzen ari direla osatzeko. Horrek gorputzen produktibitatea eta desira bilatzen du, eta orainaldian bizitzeko aukera kentzen digu.
Ahalik eta etekin gehien lortzea da helburua?
Bai. Alde batetik, gure lan indarraren bidez normara egokitzea nahi dute. Bestetik, ez bagara ahalik eta etekin gehien ateratzeko gai, giltzaperatzen gaituzte eta erakunde pribatuen bidez lortzen dute etekina. Gure bizitzak komertzializatzen dituzte eta estatuaren objektu bilakatzen gara. Adibidez, erresidentziak eta psikiatrikoak bezalako giltzapetzeko instituzioak, ustez beharrezkoak direla esaten da sistemari errealitatea ezkutatzeko eta gorputzak kontrolatzeko aukera ematen diotelako.
"Maila erotikoan desgaituok ez dugu desiratzen eta ez gaituzte desiratzen, kanon estetikoak apurtzen ditugunez sistemarentzat aberrazioak garelako"
Medikalizatzeko joera dagoela ere salatu duzu.
Sistema medikuak gure bizitzak medikalizatu nahi ditu produktibitatea lortzeko. Ez diot batzuetan behar ez denik, baina gehiegizko medikalizazioaren ondorioz industria farmazeutikoa gure gorputzekin aberasten da. Desgaituon bizitzak askoz garestiagoak dira Gizarte Segurantzatik kanpo dauden ebakuntza asko daudelako. Gainera, osasun publikoan dauden murrizketengatik eta baliabide urriengatik askok pribatura jo behar izaten dute, eta baliabide ekonomikorik ez dutenak egoera negargarrietan hiltzen dira. Horrez gain, askotan frogatu behar izaten dugu desgaituak garela, ez digutelako sinesten.
Negozioa sortzeko indar estetikoa ere gauzatzen da?
Maila erotikoan desgaituok ez dugu desiratzen eta ez gaituzte desiratzen, kanon estetikoak apurtzen ditugunez sistemarentzat aberrazioak garelako. Gure edertasuna ezin denez salerosi eta ezin dutenez etekinik atera, ikaragarrizko ebakuntza estetikoak sortzen dituzte kanonetara egokitzeko.
Sistema apurtzeko zaintza kolektiboa aldarrikatzen duzu; zein da proposamena?
Desgaituok esaten ari gara inor ez dela uste bezain indartsua, ausarta eta independentea. Horregatik, bilatu behar ditugu batzen gaituzten gauzak kolektiboan bizirauteko eta sistemari aurre egiteko. Orokorrean sistemaren porrota garela sentitzeak agerian uzten ditu indarkeria horiek, kolektibo guztiak direlako sistemaren porrota. Baina harro sentitu beharrean ikuspegi negatibotik irakurtzen da. Batzuetan, lagunekin hitz egitea aski da disidentzia puntuak topatzeko eta sistema urratuko duten estrategiak garatzeko.