Zazpi gazteren atxilotze eta espetxeratzea "legez kontrakoa" izan zela ebatzi du Konstituzionalak

  • 2015ean atxilotu zituen Ertzaintzak Segikoak izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zazpi lagun, horietatik hiru Gasteizen egindako “herri harresian”. Defentsak Auzitegi Gorenean jarrita zuen helegitea aintzat hartu eta gazteak kartzelaratzeko agindua baliogabea eta “legearen eta Eskubidearen kontrakoa” dela esan du orain Konstituzio Auzitegiak.


2018ko irailaren 26an - 16:01

Gasteizen 2015eko maiatzaren 18an hainbat ordu iraun eta dozenaka lagun zauritu zituen poliziaren oldarraldia argudio juridiko gabe geratu da. Herri harresi hartan atxilotu zituen Ertzaintzak Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban, eta haien aurretik –egun batzuk lehenago– Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz eta Ainhoa Villaverde. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014an epaiturik, “banda armatuko parte” izateagatik sei urteko espetxe zigorra jaso zuten –auzi berean epaitutako beste 21 gaztek ez bezala–.

Baina orain Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzi duenez, ez ziren errespetatu  prozedura legalak, defentsak ez zuelako aukerarik izan bere argudioak azaltzeko, eta erabaki hura  baliogabea izan zela dio. Izan ere, defentsak Auzitegi Gorenean helegitea zuen jarrita, baina Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak –Angela Murillo epailea buru– zazpi lagunak kartzelaratzea agindu zuen, legearen kontra. Eta Ertzaintzak horixe egin zuen.

ARGIAk azaleratu zuenez, Ertzaintzak aurreko kasu batean –Jone Amezaga gernikarrarenean– Angela Murillo epaileari eskatu zion gaztea aurretik atxilotzeko baimena, beste herri harresietatik “pilatutako esperientzia” aipatuz. Segiko zazpi gazteen kasuan ere legezko prozedurak eta denborak agortu gabe atxilotu eta espetxeratu zituzten.

Gazteen defentsa abokatuek Hala Bedi irratiari azaldu diotenez, epaileek bazekiten gazte horien kontrako kartzela-zigorrak ez zuela “inolako oinarri juridikorik” eta “agian horregatik erabaki zuten pertsona horien eskubide eta bermeak erdeinatzea”.

Hain justu, kartzelaratuak izan eta hilabete gutxien buruan zazpi lagunetik bost absolbitu egin zituen Auzitegi Gorenak eta gainerakoei –Villaverde eta Esteban– bi urtera jaitsi zien kartzela-zigorra.

Defentsaren abokatuek esan dute aztertzen ari direla Estatuari erreklamazio bat egitea Auzitegi Nazionalaren jardunbideak gazteei egindako kalteagatik, “nahiz eta badakigun kaltea konponezina dela jadanik”. Gazte horiek ia urtebete pasa zuten kartzelan, eta horren aurretik beste urte eta erdi, behin-behinean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude