UEU

"Sasoia da aldarrikatzeko ikerketa euskaraz egiten dela eta balio bat eman behar zaiola"

  • Hastear da ikertzaile euskaldun gazteen bilgunearen bigarren edizioa, UEUk antolatuta. Duela bi urte Durangon elkartutako gazteek argi utzi zuten zientzia euskaraz egin daitekeela eta egiten dela. Aurten Iruñeko NUPen izango da, maiatzaren 10, 11 eta 12an. Miren Josu Omaetxebarria Ikergazteren zuzendariarekin elkartu gara, euskarazko ikerketaren panorama aurkez diezagun.


2017ko maiatzaren 08an - 12:15

Maiatzaren 10ean Ikergazteren edizio berria hasiko da. Zeintzuk dira aurtengo helburu nagusiak?

Helburu nagusiak ez dira aldatu aurreko ediziotik, oraindik lortze bidean daudelako. Hiru dira nagusiki: lehena, ikusgarritasuna ematea ikertzaile gazteek egiten dituzten ikerketei; bigarrena, lan horiek bildu argitalpen batean, zientziaren eta ikerketaren euskarazko produkzioa bultzatzeko; eta hirugarrena, ikertzaileen arteko sarea osatzen bidelagun izatea. Hainbat diziplinatako ikertzaileek parte hartuko dute, eta ez da egongo leku askotan diziplina guztiak biltzen dituen ikerketa kongresu bat.

Aurten jakintza alorren arteko oreka findu nahi izan duzue, zein onura ekar ditzake horrek?

Jaso ditugu batez beste 25-26 artikulu diziplina bakoitzeko, gizarte zientzia, giza zientzia, arkitektura, eta abar. Honela, alor guztietan euskaraz ikertzen dela erakutsiko dugu eta gazteek dizplinen arteko kontaktuak egiteko aukera izango dute. Hemen, Euskal Herriko txikitasunean, sareak egitea askoz errazagoa da, eta hori oso onuragarria da zientziarako.

Aurten 140 ikerlan inguru jaso dituzue, eta 125 onartu, zenbaki positiboak dira?

Bai, zalantzarik gabe. Iñaki Alegria EHUko irakasleak dioenez, bigarren edizioa beti izaten da zailena, bigarrenean arrakasta edukitzeak adierazten duelako egonkortze bidean doala. 2015ean 130 lan inguru jaso genituen eta pentsatzen genuen 80 bat biltzeko moduan egongo ginela bigarren honetan, eta gainditu egin dugu lehenengo edizioko kopurua. Gainera, ikuskatzaileek aipatu dute maila handiko lanak direla.

Asko dira ikerkuntzan euskara erabiltzen duten ikertzaile gazteak. Zergatik da beharrezkoa, orduan, horrelako ekimenak antolatzea?

Ikerketa nazioarteko zirkuitoan mugitzen da, lanak oso portzentaje nabarmenean ingelesez argitaratzen dira, eta hala izan behar du, mundura zabaltzeko amankomuna den hizkuntza hori behar dugulako. Baina zein da gauza, kanpora begira egitea lana? Herrian bertan erakutsi beharko da goi mailako ikerketa egiten dela eta euskaraz irakurri, ikusi, entzun daitekeela.

Ingeleraren indarra aipatu duzu. Euskal Herrian euskarazko ikerlanei balio gutxiago ematen zaie curriculumean, ingelesez idatzitakoei baino. Zergatik gertatzen da hori?

Nik nire alorretik hitz egiten dizut. Gu nazioarteko zirkuitoan ibiltzen gara eta Euskal Herritik mundura ateratzen gara. Zergatik ematen zaio balio gehiago? Horrela eraikita dagoelako ikerketaren mundua, zenbat nazioarteko artikulu dauzkazun, zein nazioarteko aldizkaritan argitaratu duzun. Baina argi dago hemen euskaraz egiten eta argitaratzen diren lanei balioa eman behar zaiela. Orain arte ez da kontuan hartu eta sasoia da aldarrikatzeko eta jakinarazteko, ikerketa euskaraz egin daitekeela, egiten dela eta balio bat eman behar zaiola. Erakundeetatik, ikerketa zentroetatik eta unibertsitateetatik. EHUn azkeneko urteetan kontuan hartzen hasi da euskaraz argitaratutakoa, lan poltsetarako eta horrelakoetarako. Ez dakit behar beste baliosten den, baina hasi da.

Bestela, egongo da pentsatzen duenik euskaraz ekoizteak ez duela ezertarako balio, aitorpenik jasoko ez duelako.

Argi eta garbi, esfortzu handia da artikulu bat argitaratzea. Ikerlan bat idaztea urtetako lana izan daiteke, eta orain arte ez zaie inolako baliorik eman euskarazko argitalpenei, horregatik jendeak ez du esfortzu hori egin nahi. Baina Euskal Herria mailan baliogarria izan beharko litzateke euskaraz argitaratzea, esfortzu hori kudeatu behar da.

Hemen euskaraz argitaratzeko toki egokiak dituzue? Aldizkari zientifikoak, adibidez?

Aldizkariak egon badaude: Elhuyar, Ekaia EHUn, orain Osasunbidea aterako da UEUren eskutik. Momentuz nik uste dut nahikoak izan daitezkeela, lortu behar duguna da ikertzaileek euskaraz argitaratzeko beharizan hori ikustea eta lanak aldizkari hauetara bidaltzea.

Euskarazko artikuluen hizkuntza maila altua izaten da?

Bai, jaso ditugun lanetan kalitate-maila oso altua da eta euskara maila txukuna da, oro har. Gutxi batzuetan ikusi izan dira akatsak, ez dutelako euskaraz idazteko ohiturarik. Baina dena lotuta dago, zenbat eta beharizan handiagoa eta aukera gehiago izan, oduan eta ahalegin handiagoa egingo da gauzak hobetzeko.

Zure ustez, zer egin behar da: euskara maila altuegia ez eskatu, ikerlan gehiago egon daitezen, edo hizkuntzaren kalitatea bermatu?

Maila altua eskatu behar da, zalantzarik gabe. Ez dago ezer barkatzekorik. Garrantzitsua da euskaraz idazteko ohiturarik ez dutenek ikustea hau ez dela txantxa bat, ingelesezko artikulu bat mila aldiz begiratzen dugu bidali aurretik, eta euskaraz berdin egin beharko litzateke, ezin dugu edozer onartu. Nekeza baldin bada ere, oso onuragarria da lanak jaso, zuzenketak egin eta egileak ikustea zuzenketa horiek, oraindik ere hezkuntza maila horretan gaudelako.

Ikergazte kongresu txiki bat da, sekula ahozko aurkezpenik egin ez duen ikertzaile batek aukera du horretarako, adibidez. Gertutasun horrek aukerak ematen dizkie ikertzaile berriei?

Bai. Nazioartekotasun batean ahozko hitzaldi bat lortzeko zure lana potentea izan behar da eta ibilbide bat jorratuta eduki behar duzu. Gurean, lanak oso maila tekniko-zientifiko altukoak diren arren, badaude hasiberriak diren ikertzaileak eta haientzako izugarrizko aukera da bere lanaren gaineko ahozko aurkezpena egitea. Gertutasun horrek patxada emango dio, ez delako berdina zure hitzkuntzan azaltzea edo ingelesez azaltzea, eta trebakuntza moduan ere interesgarria da.

Aurten berrikuntzarik ba al da kongresuan?

Kongresu guztiak ezberdinak izaten dira. Gurean aurten lau hizlari nagusik egiten dute berezia eta bakarra: Laurence Tresse Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria, Jose Ramon Etxebarria Euskal Herrian itzal handia duen ikertzailea, Arkaitz Carracedo minbiziaren inguruan ikertzen duen ikertzaile gaztea eta Elin Jones Galeseko unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Baina ez hori bakarrik, aurkeztuko diren lanak orain dela bi urte aurkeztutakoen ezberdinak dira, eta horretan datza berrikuntza. Egitura berdin-antzekoa da, baina saioak bakarrak dira, esklusiboak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEU
2024-04-03 | Sustatu
Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain... [+]


EKOFEMINISMOA
Haziz hazi, urratsez urrats, Euskal Herrian ere lurreratuz doan mugimendua

Udako Euskal Unibertsitarearen baitan, egun osoko jardunaldia antolatu zuten ekaina bukaeran Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan Mirene Begiristainek eta Marta Barbak: Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian. Ekofeminismoari dagokionez, Euskal Herri mailan duela... [+]


UEUko jardunaldiak
Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian

Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza... [+]


2023-05-25 | UEU
UEUren udako 17 ikastaroak gogoeta eta hausnarketarako gune

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen... [+]


Maiatzaren 17tik 19ra egingo dute UEUren Ikergazte kongresua, Donostian

Ikertzaile euskaldunen komunitatea indartu nahi du ekimenak bosgarren edizio honetan. Bestalde, astelehenetik aurrera egongo da Udako Ikastaroetan izena emateko aukera.


Eguneraketa berriak daude