Sartagudan PSNk nola egin zion iruzur EH Bilduri

  • Alderdi sozialistak erabakitzeke zeuden Nafarroako udaletxe gehienak Navarra Suma koalizioaren esku utzi ditu, eta horien artean populazio handiena dutenak. Herri txikietan ere halakoxea izan da nafar sozialisten jokabidea; horien artean deigarriena akaso, Sartagudan erakutsitakoa. Azken legealdian, Lizarrako Erriberako herri honetan EH Bilduk eduki du aginte makila, Paolo Albaneseren (Eivissa, 1979) eskutik.


2019ko ekainaren 18an - 10:37

Arestiko udal hauteskundeetan ere, EH Bildu koalizioak boto gehien lortu zituen (4 zinegotzi) ; alabaina, azken orduko azpijoko baten bitartez, Navarra Sumak –3 zinegotzi– bere burua aurkezten zuen Jose Ignacio Eguizabal sozialistari –2 zinegotzi– alkatetza eman dio. Nafarroan Sartagudari alargunen herria esaten diote, Gerra Zibilean bertako 84 bizilagun hil baitzituzten, 1936an ezkerreko fronteak hauteskundeak irabazi eta gero. Tiroz exekutatu zituztenen artean orduko alkate sozialista eta beste bost zinegotzi zeuden.

Nola interpretatzen duzu Navarra Sumak PSNri emaniko laguntza?

Beldurraren botoa izan da. Navarra Suma gure proiektua Sartagudan egonkortzearen beldur zen. EH Bilduren egitasmoa Sartagudan sustraitzen ari zen, eta honen garapenari beldurra zioten. Azken hauteskundeetan gure emaitzak dezente hobetuz joan dira, orain zortzi urte 165 boto jaso genituen, orain lau urte 227 boto, eta 337 azken hauteskundeetan. Bazekiten beste agintaldi batek gure herri eta gizarte proiektua egonkortuko zutela, non eta Nafarroako Hegoaldean, eta beldurrez zeuden. Erregimenaren berrezarpenaren aldeko botoa izan da ere, PSNren eta UPNren alderdi-bitasunarena.

Orokorragoa den itun baten zati bat dela uste al duzu?

Noski, baita ere. Niri iruditzen zait argi eta garbi Chivitek eta PSNk Javiaer Esparza presidentea izatea nahi dutela. Ez dute lehendakaritza nahi, baina ez dira orain zortzi urte jazotakoa errepikatzera ausartzen. Ez dute abuztukada errepikatu nahi, eta pilota gure teilatura bota nahi digute, abstentzioa eman ez diezaiegun. Beraiek deituriko "garapen gobernu" hori ez gauzatzea guri egotzi nahi digute. Itun bat ez balego, Sartagudan ikusi duguna ez zen beste herrietan emanen, eta non-nahi errepikatu da. Agindua goitik zetorren.

Modu honetan alkatetza lortzea zilegi dela uste duzu?

Legezkoa izan bada, eta matematikek erakusten dute bi gehi hiru bost direla, eta hori lau baino gehiago bada. UPNkoek esaten dute ez dela lehenbiziko aldia Sartagudan lehenengo indarrak alkatetza galtzen duela. Egia da, aurreko hauteskundeetan gu bigarren indarra izan ginen UPNtik hamar botoetara gelditu eta gero, eta alkatetza jaso genuen. Orain, ez du lehenengo zerrendak aginduko, baina bigarrenak ezta ere. Boto gutxien lortu dituen zerrendak izanen du alkatetza. Legezkoa da, baina zalantzazko zilegitasun demokratikoa dauka.

Botoak zuk jaso izan bazenitu onartuko al zenuke aginte makila?

Nik ostegunean PSNko hautagaiarekin hitz egin nuen. Bagenekien UPNk ez zuela alkatetza erdietsiko, hori ez zen gure beldurra, bai ordea azkenean gertatu dena; hots, eskuinak PSNko hautagaiari botoak emanen zizkiola. Elkartu garen bi alditan hori azaldu genien. Lehenengo bileran hautagai sozialistak lasai egoteko eskatu zigun, ez zela halakorik gertatuko; ostegunean berriz planteatu nion alkate-bulegoan nengoelarik. Nire gauzak bildu behar ote ditudan jakin behar dut, esan nion orduan, eta berak ez kezkatzeko erantzun zidan, deus ez biltzeko, astelehenean nire bulegoa izaten jarraituko zuela. Hori gertatu izanez gero, gaineratu zidan, niretzat marroi bat izanen litzateke bi zinegotziekin ezingo bainuke lana aurrera atera, eta gainera eskuineko hiru zinegotzien menpe geldituko nintzateke. Nik, Sartagudako egoera zein den ezagututa, ez nuke inondik inora makila onartuko.

Jokaldi hau espero al zenuten?

Matematiketan bi gehi hiru bost direla dakigula esan dizut, bide batez ongi ikasia dugu PSNk zuri jokaldia egiteko aukera baldin badu eginen dizula. Herritarrak horren beldur ziren. Batzuek zioten ez zirela ausartuko, herria gainean oldartuko zitzaiela, baina ausartu egin dira. Egun hauetan sartagudatarren mezu mordoa jaso dut, bidegabekeria izugarria dela eta ez genuela merezi esanez. Udaletxetik burua irmo ateratzen garela adierazi digute, eta muga oso goian jarri dugula. Badakit ere PSNren barruan batzuk oso triste eta atsekabetuta daudela, eta festa handia UPNkoak egiten ari direla. Banketerako gonbidapenak PSNk eman dizkie, baina banketea UPNrena da.

Nolakoa izanen da zuen oposizio-lana?

Legealdi honetan ikasi dugu oposizioa ezin dela gurpiletan makil bat jarrita burutu, ezen azkenean makil hori hautsi egiten baita. Horrela ibili dira gurekin azken lau urte hauetan, eta hauteskundeak iritsi direnean herriak gure lana saritu du. Ikasgai hori ongi barneratua dugu eta herriaren alde lan egiten jarraituko dugu, gure aukeren arabera betiere. Alkate berriarekin bildu naiz eta herriari laguntzen jarraituko dugula agertu diot, gizarte aldaketa eskatzen duen proiektu bat erakundeetatik haratago baitago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Israel Olinpiar Jokoetatik baztertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.


Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Eguneraketa berriak daude