La Manadaren erasoa jasan zuen emakumeak orain arteko isilunea hautsi du Telecinco telebista katera bidalitako eskutitz batean.
Biktima izatetik bizirik ateratzera, eta hortik emakume ausart izatera tituludun eskutitzaren bitartez eskerrak eman eta erasoak salatzeko deia egin du.
Orain arteko bidean ondoan izandako gertukoei eskainitako sostengua eta indarra eskertu dizkie, baita prozesuan laguntza eman diotenei ere. “Nahiago nuke zuek inoiz ezagutu ez izana, baina horrela da bizitza, pertsona onenak momentu txarrenek ekartzen dizkizute, eta zerbaitegatik behar du izan”. Eskerrak eman dizkio, baita ere, elkar ezagutu ez arren berak esandakoa sinetsi eta kaleak hartu dituen jende guztiari, “ahotsa emanaz askok kendu nahi zidatenean”.
Eskutitzaz baliatu da, baita ere, jendea erasoak salatzera animatzeko: “Ez zaitezte isilik geratu, hala egiten baduzue haiei uzten diezue irabazten” azaldu du, antzeko kasuren batean aurkitzen denari hortik “irten daitekeela” gaineratuz.
“Inor ez da damutu behar edateagatik, festa giroan jendearekin hitz egiteagatik, etxera bakarrik abiatzeagatik edo minigona janzteagatik”, eta azpimarratu du berak bizitakotik inork ez lukeela pasa behar. Hau edonori gertatu dakiokeelako, jendarteak daukan pentsamoldeaz guztiok kexatu behar garela adierazi du. Bortxaketekin bromarik ez egiteko ere eskatu du, “nazkagarria delako” eta aldaketa “gure eskuetan” dagoelako.
Bere kasuak norbaiten kontzientzian eragin badu edota norbaiti borrokarako indarra eman badio, kontent geratzen dela azaldu du. Eta jendeari gogorarazi dio salatzea ondo dagoela, baina guztiok izan behar dugula aldaketan esku-hartzaile.