“Salbuespen neurrien aurka” mobilizatzeko deia egin du Sarek Donostiako eta Bilboko jaietan

  • Espetxe politikaren ondorioz euskal preso politikoen “eskubideen urraketak” ematen direla salatu du Sarek, eta lege arrunta aplikatuz guztiak “etxera bidean” jartzeko unea dela aldarrikatu du. Donostiako manifestazioa abuztuaren 19an izango da, eguerdiko 12:30ean Bulebarretik abiatuta; Bilbokoa, berriz, abuztuaren 25ean, eguerdiko 13:00etan Plaza Eliptikotik hasita.

Gasteizko jaietan antolatu zuten manifestazioaren irudia / Argazkia: Sare Gasteizko jaietan antolatu zuten manifestazioaren irudia / Argazkia: Sare

2023ko abuztuaren 16an - 09:35
Azken eguneraketa: 12:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Salbuespen neurrien aurka eta lege arrunta aplikatzearen alde manifestazioak egingo ditu Sarek Donostiako eta Bilboko jaietan. “Oraindik ere mobilizazioa hauek deitu beharrean gaude, oraindik ere badelako zer egina euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera normalizatze bidean”, azaldu du.

Antolatzailearen esanetan, 34 urtetako urruntze politika gainditzeak ez du berarekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketen amaiera. “Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedi arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen dute, elkarbizitza zangotrabatuz”, adierazi du prentsaurreko bidez.

Hala, salbuespen politika “indargabetzeko” eta lege arrunta aplikatzeko unea dela azaldu du, euskal preso guztiak “etxera bidean” jartzearekin batera. Horregatik, abuztuaren 19an eguerdiko 12:30ean Donostiako Bulebarretik eta abuztuaren 25ean eguerdiko 13:00etan Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu du.

Gasteizko jaietan ere bai

Gasteizko jaietan ere manifestazioa egin zuten, Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuta. Bertan ere, euskal presoei ezartzen dieten salbuespen neurriak salatu eta lege arrunta aplikatzeko eskatu zuten.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Eguneraketa berriak daude