Sakarina moduko edulkoratzailerik ez hartzea aholkatu du OMEk

  • Pisua kontrolatu nahian azukrearen ordez hartzen diren edulkoratzaileek ez dute laguntzen gorputzeko gantzak gutxitzen eta hainbat gaitz izateko arriskua handitu dezakete. Hala ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak.

"Azukre askeen kontsumoa murrizteko bestelako moduak pentsatu beharko lituzke jendeak", dio OMEk. Argazkia: RTVE

2023ko maiatzaren 16an - 11:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez dago frogatuta edulkoratzaileek epe luzera pisua kontrolatzen lagundu dezaketenik, eta gainera, 2 motako diabetesa eta gaitz kardiobaskularrak izateko arriskua handitu dezakete. Hala dio OMEk, argitaratu berri duen gidan. Azukrea ez diren edulkoratzaile natural nahiz sintetikoez ari da, jakietan nahiz edarietan aurki daitezkeenak edota aparte saltzen direnak: azesulfamoak, aspartamoa, adbantamoa, ziklamatoak, neotamoa, sakarina, sukralosa, estebia eta eratorriak.

Salbuesten ditu botiketan eta higiene pertsonalean (hortzetako pasta, azalerako kremak…) aurkitzen diren edulkoratzaileak. Eta dagoeneko diabetesa diagnostikatuta duten pertsonak ere salbuetsita daude.

“Azukre askeen kontsumoa murrizteko bestelako moduak pentsatu beharko lituzke jendeak, fruta eta azukre naturalak dituzten jakiak kontsumituz, adibidez, edota zuzenean azukrerik gabeko edari eta jakietara joz”, azaldu du OMEko Nutrizio eta Elikadura Segurtasunerako zuzendari Francesco Brancak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Eguneraketa berriak daude