“Proiektu kolektiboak behar ditugu, nekazaria bakarrik ez sentitzeko”

  • 2016ko azarotik dihardu Joritz Mitxelena Zapirainek Oiartzungo Elika kooperatiban nekazari. Herrian baserriak galtzen ari zirela eta nekazaritzaren egoera kaxkarra zela ikusita, gazte talde bat elkartu eta gaia mugitzen hasi zen. “Udalarekin harremanetan jarri, eta honek lursail bat lehiaketara atera zuen. Elika kooperatiba aurkeztu, eta geroztik lursail horretan ari gara lanean”, azaldu du nekazariak. Urteotako ibilbidean zailtasunak eta gorabeherak izan badituzte ere, egonkortutako proiektua da honezkero Elika. Saskiak egiten dituzte astero, eta horrez gain, tokian bertan nahiz Laboren barazkiak saltzen.


2023ko martxoaren 20an - 07:15
Azken eguneraketa: 08:48
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mitxelenaz gain, Alva Chavez eta Arantxa Zapirain ari dira nekazari lanetan Elikan, lehen biak jardunaldi osoan eta hirugarrena erdian. Soldata baten truk ari diren langileak hiru horiek badira ere, Mitxelenak azpimarratu du kooperatibako beste kideen ekarpenik gabe zaila izanen zela proiektua mantentzea. “Gu baratzeaz arduratzen gara, baina paper kontuak, diru-laguntzak, fakturak eta horrelakoak kooperatibako beste talde batek egiten ditu”, dio.

Burokrazia eta administrazio lan horiez gain, kooperatibako bolondresek bestelako lanak ere egiten dituzte Elikan. Esaterako, hiru nekazariek asteburuetan libratu ahal izateko, baratzeko lanetarako txandak egiten dituzte. “Azarotik apirilera, asteburuetan ez dugu lanik egiten, baina beste hilabeteetan, gutako batek jai hartu ahal izateko, asteburuero bi kooperatibista datoz lanera”, azaldu du. Bestetik, aipatzekoa da Udalaren partetik proiektuak jaso duen babesa eta laguntza ere. Izan ere, ondoko baserri bati alokatu zion lursaila udalak, ondoren lehiaketara ateratzeko. Elikak proiektua aurkeztu zuen, eta geroztik ari da lursail horretan lanean, alokairu edo urik ordaindu beharrik gabe.

46 barazki saski astero

Garaiko barazki freskoz eta ekologikoz osatutako 46 saski egiten dituzte astero Elikako nekazariek. Lursailean bertan egiten dute banaketa. “Asteartero prestatzen ditugu saskiak, eta erosleak hona datoz jasotzera. Horrela, badute baratzearekin lotura, ikusten dute lan nola egiten dugun…”. Saskia jaso ahal izateko ez da kooperatibista izan beharrik, nahiz eta kasuen gehiengoa, 40 bat kide, horrela diren. %5eko deskontua dute horiek. Bestetik, Labore denda lursailetik oso hurbil dagoenez, bertatik-bertara daramatzate barazkiak, han ere saltzeko.

Oiartzunen elikadura burujabetzaren bidean egiten ari diren lanaren parte da Elika kooperatiba. Hasiera zaila izan bazen ere, lortu dute proiektua egonkortzea, eta urteotako ibilbidearen balorazio oso positiboa egin dute. Areago, momentu honetan herrian dagoen eskaria asetzera ez da iristen kooperatiba, eta aurrera begira, antzeko egitasmo gehiago bultzatzea dute asmo. Horretarako, baina, nekazariak argi du zein den bidea: “Garrantzitsua da horrelako proiektuak kolektibizatzea, karga guztia nekazariaren gain utzi gabe. Proiektuek aurrera egiteko bakarrik ez sentitzea gakoa da, nire ustez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!