Euskal presoei harrera publikoak egitea “zatiketarako elementu” dela dio Foro Sozialak

  • Hernanin eta Oñatin asteburuan egindako harreren harira oharra argitaratu du Foro Sozialak. "Bake prozesua indartzeko" Foroaren arabera, harrerek "arriskuan jartzen dituzte presoen alorrean dauden kontsentsuak". Harrerak "gune itxietan" egitea eta kaleratutako presoek bizikidetzaren eta bakearen alde ekarpena egiteko konpromisoa hartzea gomendatu du.

Endika Lejarzegi preso ohiari Algortan iazko ekainean egindako harrera. Argazkia: Hiruka

2019ko abuztuaren 1ean - 09:56
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteburuan Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal preso politikoei Hernanin eta Oñatin herritarrek eginiko harrerek albiste izaten jarraitzen dute. Foro Sozialak oharra plazaratu du, "72 orduz eragile guztien erreakzio eta isiltasunak aztertu ondoren".

Azterketa horretan hiru puntu azpimarratzen ditu Foroak. Lehena,"ongietorri direlakoak zatiketarako elementu bihurtzen ari direla konponbidearen eta bizikidetza demokratikoaren alde ari diren eragileen artean". Foroa "ETAren biktimekin" hitz egin du, eta horiek helarazi diote asteburuko harrerek "birbiktimizatu" egiten dituztela. Presoen senideek, aldiz, "gai honek haien babesgabetasun sentsazioa areagotu" egiten duela adierazi diote Foroari.  

Edonola ere "kontsentsu zabalak" egoten jarraitzen dute, Foroaren irudiko. Besteak beste, "eragileak bat datoz ongietorriak espazio itxietan egiteko aukerarekin", eta uste dute "presoen aferaren konponbidea ekarpen esanguratsua" litzatekeela  "bizikidetza demokratikoarentzat".

Harrerak, "gune itxietan"

Alor honetan "akordio integralen" alde egiten du foroak. Akordioak ehuntzeko erakundeen, jendarte zibilaren eta presoen parte hartzea ezinbestekoa dela uste du, hiru zutabe proposatuz: salbuespen egoeren amaiera, euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzea, eta  "eragindako minaren onarpena presoek egitea". Foroak "uste osoa" du presoak gradu bilakaeraren ondorioz baimenekin irteten hasiz gero "eta haien komunitatearen maitasunezko kontaktu batekin, ongietorriak amaitu egingo liratekeela".

Lau gomendio luzatzen ditu Foro Sozialak, "adostasun espazioak sendotzeko": ETAren biktimen sufrimenduari errespetua; "ongietorriak" gune itxietan egitea; dispertsioa pairatu duten presoen senide eta hurbilekoen "sufrimenduarekiko errekonozimendua"; eta kaleratutako presoek "bere komunitateetan" ekarpen bat egiteko "konpromisoa" hartzea, "bizikidetza demokratikoa eta bakean zein giza-eskubideetan oinarritutako etorkizun bat eraikitze aldera".

Azkenik, larunbateko harreren "judizializazioa" irtenbideetan aurrera egiteko ez dela "biderik egokiena" adierazi du Foroak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!