Presoen auzian urrats berriak emateko exijitu diote Parisi 10.000 lagunek Baionatik

  • Senideek ireki dute bidea "ez dadila historia errepikatu, orain presoak" lemapean egindako manifestazioan, atzetik ukan dituztela Ipar Euskal Herriko hamar bat gazte, bake prozesuan daukaten papera azpimarratzeko helburuarekin. Hautetsi andana ere bertaratu da, aniztasun zabala irudikatuz beste behin ere. Euskal presoen auziari dagokionez, guztiek dizkiote urrats berriak exijitu Frantziako Estatuari.

Baionako manifestazio bukaera, makila airean determinazioa islatu nahian. (Jenofa Berhokoirigoin)

2020ko urtarrilaren 13an - 00:55

10.000 lagun batuz Lapurdiko hiriburuan, manifestazio jendetsua izan da “Ez dadila historia errepikatu, orain presoak” lemapean egindakoa. Hamar bat traktorek irekirik bidea senideei, txalo eta “euskal presoak etxera” oihu artean abiatu da manifestazioa 15:30ean, Bilbokoari tenorez lekukoa uzteko gisan.

Euskal presoen auziari dagokionez, azken bi urteetan emandako urratsak kontuan hartu arren –hurbilketa batzuk eta DPS estatusaren kentzeak–, bidean pauso berriak emateko deia luzatu diote Frantziako Estatuari antolatzaileek. Parisen partetik dagoen “immobilismo” joera deitoraturik, “atzoko blokeoak gainditu diren bezala, gaurkoak ere gainditzeko beharra” azpimarratu dute bukaerako hitzartzean Bake Bideako Anais Funosasek eta Mixel Berhokoirigoin Bakegileak. Besteak beste, gogoan ukan dituzte 30 urtez geroztik Frantziako kartzeletan diren Ion Parot, Jakes Esnal, Xistor Haranburu baita Espainiako Estatuan preso dagoen Unai Parot. “Pertsona horiek preso atxikitzea heriotza zigorrera kondenatzea da”. Etxean eta bizirik nahi dituztela erranik, horretarako borrokatuko direla argi utzi dute. Espainiako Estatuan gobernu berria dagoela kontutan harturik, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak iraganean adierazitako kartzela politika aldatzeko nahia oroitarazi eta “hitzetatik ekintzetara pasatzea” exijitu diote.

Hautetsien aniztasuna Baionan

Hirorugei bat hautetsik luzatu zuten aste honetan Baionako manifestaziora bertaratzeko deia. Horietarik anitz ikusgai izan dira manifestazioan. Tendentzia politiko zein kargu ugaritakoak, berriz ere islatu da bake prozesuak Ipar Euskal Herrian daukan sostengu anitza. Besteak beste, auzapez andana, eskualdeko zein departamenduko Kontseiluetako kontseilariak eta Frantziako Parlamentuan aulkia daukatenak egon dira Baionan urtarrilak 11 honetan. Tartean Max Brisson senatorea eta Vincent Bru diputatua. Hautetsien inplikazioaren erakusle, Euskal Elkargoaren izenean hitza hartu dute Maider Behotegi eta Kotte Ezenarro auzapezek ere manifestazio bukaeran. Parisi urrats berriak eskatu dizkiote haiek ere: “Presoak dauden bitartean ez da bake prozesu iraunkorrik izaten ahal”. Justizia trantsizionalaren gauzapena beharrezkotzat daukate, “biktima guztien justiziarako, egia jakiteko, erreparaziorako eta gertatutakoa errepikatuko ez den segurtamenerako eskubidea bermatzeko”.

Gazteak eragile

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzak berriz hartuz, haiek ere “historia errepikatzerik” ez dutela nahi erranik, lehen lerroan egon dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hamar bat gazte. Tartean egon da Joana Hoqui Zuberoako Azia eta Prefosta elkarteetako kidea. Gazteek bake prozesua bultzatzeko eta borrokaren segida hartzeko garrantzia azpimarratu du Hoquik. Banderolaren atzean agerturiko gazteek osatu “aniztasuna” ere nabarmendu du, bake iraunkor eta justu bat lortzeko bidean aniztasunak ezinbesteko garrantzia duela azpimarratuz.

 

Makila eskuan etortzea eskatu zuten antolatzaileek eta deiari baikorki erantzun diote ehundaka herritarrek. Makila airean eta "euskal presoak etxera" oihu artean bukatu dira bukaerako hitzartzeak. Irrintzi bat botaz eman diote bukaera Baionako manifestazioari, lekukoa Bilbori pasaz. Bat bukatu orduko bestea abiatzen zelako.

https://twitter.com/Jenofa_B/status/1216033699340390400?s=20

 

Manifestazioko zenbait argazki jarraian

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude