ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 17a

Presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzari irakasle talde batek

  • Irakasle boluntario talde bat euskarako eskolak ematen ari da presoei 2017tik, eta egindako lanaren “arrakasta” azpimarratu dute. Halere, kexatu dira “baldintza penagarrietan” izaten direla klaseak, eta euskal administrazioei eskatu diete euskara ikasketei ofizialtasuna emateko espetxeetan.

Leire Artola Arin @aleirea
2021eko abenduaren 06a
Egun 45 irakasle boluntariok osatzen dute taldea, eta 33 presok eman dute izena euskara ikasteko. / Argazkia: Presoen Euskara Irakasle Taldea.

“Euskara herri kohesiorako tresna dugu”, gogorarazi du presoen euskara irakasle taldeak, igandean Durangon egindako prentsaurrekoan. Aldarrikatu dute “edozein gizarte prozesutan” euskararen ezagutza eta erabilera “ezinbesteko osagaiak” izan behar direla; besteak beste, kartzelatan. Beraz, euskal administrazioei eskatu diete presoei bermatzeko euskara ikasteko eskubidea, eta horretarako “baldintza duinak” eskaintzeko, “beste edozein herritarrekiko berdintasunean”.

Duela lau urte hasi zen taldearen lana: 2017an zortzi irakasle boluntario eta urrundutako bederatzi preso euskarako eskolak ematen hasi ziren, EGA orduko titulua lortzeko asmoz. Nabarmendu dute baldintza eskasetan aritu zirela, baina emaitza “arrakastatsua” izan zela; guztiek eskuratu zuten titulua, eta irakasleak, ikasleak zein senideak “asebeteta” geratu ziren. Ordudanik deialdia zabaldu dute, eta maila ugari eskaintzen dituzte; ikasle eta irakasle gehiago batu dira taldera. Irakasle boluntario guztiak dira euskaltegietan jarduten duten irakasle ofizialak.

Irakasleek azpimarratu dute kartzelak euskaltegi bilakatzeak onurak baino ez lituzkeela ekarriko: euskara ikasteak “hormen arteko bizitza harmoniatsuagoa” bihurtuko luke, eta presoak jendartean “sustraitzen” eta “harreman sareak berregiten” erraztuko luke.

Ofizialtasun eske euskal instituzioei

Orain arteko lan isila azaleratu dute, eta beste pauso bat exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, espetxeen eskumena jaso duela-eta: eskolak ofizializatzea, beste ikasketa batzuk dauden moduan. Azaldu dute instituzioek “hitz ederrak” helarazi dizkietela egiten duten lanagatik, baina egoera hobetzeko konponbiderik ez. Salatu dute “baldintza penagarrietan” ematen dituztela eskolak: lokutorioetan, boligrafo eta paperik gabe, entzumenak egiteko baliabiderik gabe eta bisiten zerrendan leku bat hartuta.

Irakasle taldeak azaldu du HABErekin harremanetan izan dela urte horietan, eta “seriotasunez egindako lan ona” aitortu dietela, baina ez dute lortu presoak haien ikasle ofizial gisa onar ditzaten. Aipatzekoa da ikasleen %80k lortu duela mailaren bat ziurtatzea. Jakinarazi dute momentu honetan 33 preso daudela izena emanda, eta 45 irakasle boluntario inguru daudela haiekin lan egiteko prest.

Bideo hau argitaratu du irakasle taldeak, haien lana ikusarazteko:

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntza eskubideak  |  Presoak

Hizkuntza eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...
Haserre dago Kataluniako hezkuntza komunitatea: "Murgiltze eredua ez da ukitzen"

Murgiltze ereduak gizartearen adostasun zabala du Katalunian, kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzen dituen eredu arrakastatsua da, eta gatazka ez dagoen lekuan gatazka sortzeagatik haserre dago hezkuntza komunitatea. Milaka lagun manifestatu dira asteburuan, Espainiako... [+]


Hizkuntza eskubide urraketak
Udaltzainek zergatik ez digute euskaraz egiten?

Ez da gauza berria udaltzainek euskaldunen hizkuntza eskubideak ez errespetatzea. Dena den, azken hilabeteotan, eta batik bat udalerri euskaldunetan, herritarrek haserrea erakutsi dute ordezkapenak egiten ari diren langileek euskara ez jakiteaz gain, jarrera oldarkorra erakutsi... [+]


2021-11-29 | Ahotsa.info
Barañaingo bizilagunek giza katea antolatu dute abenduaren 2an, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde

Navarra Suma-ko Udal Gobernuak euskararekiko duen mespretxuzko jarrera salatzeko eta hizkuntz eskubideak errespetatzeko aldarria aterako dute kalera abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Giza katea Lagunak-etik abiatuko da arratsaldeko 18:30ean.


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude