PPren Espainiako Aurrekontuak babestu ala ez erabakitzeko, EAJ telefono gorriaren zain

  • Ostiralean amaituko da Espainiako Aurrekontuen negoziaziorako epea eta PPk azken orduko bileraren bat deitu ezean, osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri du EAJk.


2017ko apirilaren 27an - 11:28
Aitor Esteban eta Mariano Rajoy (Arg.: Efe)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak adierazi du oraingoz ez dagoela akordiorik eta jarrerak “aldenduta” daudela. Hala ere, osoko zuzenketa aurkeztuko “azken momentura arte” itxarongo dutela ziurtatu du. Ostiralean, 14:00etan amaituko da epea baina PPk kupoaren negoziazioan “azken uneko mugimenduak” egiteko aukera ez du baztertzen EAJk.

Zuzenketa aurkeztu ondoren kentzeko aukera

Zuzenketa aurkeztu arren, edozein momentutan kendu dezaketela esan dute jeltzaleek, datorren asteko asteazken eta ostegunean egingo den bozketa baino lehen.

Kupoaren negoziaketa Aurrekontuen elkarrizketetatik atera behar dutela esan du Alfonso Alonso EAEko PPko buruak. Jeltzaleen ustez, Alonsok presioa sartu nahi du deklarazio horien bitartez, EAJk baldintzak gutxitu ditzan.

EAJrentzat ezinbestekoa da kupoa berritzea eta Rajoyk EAJren babesa behar du Aurrekontuak onartzeko. Espainiako Kongresuko 175 ordezkariren babesa behar du, dagoeneko Ciudadanos eta Coalición Canariarena ziurtatua du, baina bost jeltzaleena falta zaio.

Espetxe-politika negoziaketetan

Negoziaketetan jorratu dituzten gaien artean espetxe-politika dagoela ziurtatu du Joseba Egibar GBBko presidenteak Onda Vasca-n egin duen elkarrizketan eta “sistema euskaldun batean” sinesten dutela azpimarratu du. Alfonso Alonsok, berriz, ziurtatu du ez dutela espetxe-politikaz negoziatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aurrekontuak
Eguneraketa berriak daude