EH Bilduk ituna egin du Espainiako Gobernuarekin, 2023ko aurrekontuetarako

  • Asteartean iragarri dute "jendearen bizitzak hobetzeko aurrerapenak" jaso dituztela akordioan. Besteak beste, trafiko eskumena Nafarroari emango diote, eta euskal ogasunek kudeatuko dituzte banku eta argindar enpresen ezohiko irabazien zergak. Aranzadi elkartearen Irulegiko indusketetara 300.000 euro bideratuko dira, eta 600.000 euro Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko Gasteizko memoria gunera. Jarraian gainerako hitzarmenetako batzuk.


2022ko azaroaren 22an - 17:33
Mertxe Aizpuruak iragarri du Espainiako Gobernuarekin egindako ituna. / Argazkia: EH Bildu.

PSOEren eta Unidas Podemosen 2023ko aurrekontuak babestuko ditu EH Bildu koalizioak, Mertxe Aizpurua parlamentuko bozeramaileak asteartean iragarri duenez. Hamar puntu nagusiko itun zabala hitzartu dute Espainiako Gobernuarekin, Aizpuruaren esanetan, “jendearen bizitza hobetuko duten aurrerapenak” dituena. Autogobernuari, osasunari, euskarari, memoria historikoari, ekonomiari, gizarte arloari eta hezkuntzari buruzko erabakiak dira; jarraian horietako batzuk.

Trafiko eta Bide Segurtasunari lotutako eskumena martxoaren 31 baino lehenago eskualdatuko da Nafarroara. Halaber, euskal ogasunen esku geratuko da banku eta argindar enpresen irabazi ezohikoen zergen kudeaketa.

Itunean jaso dutenez, 2023an guztira 1.200 mediku plaza gehiago eskainiko dira Familia eta Komunitateko Medikuntzan –Espainiako gobernuak aurreikusitakoa baino 200 gehiago adostu ditu EH Bilduk–. Bi milioi euro gehiago bideratuko dituzte Barruko Mediku Egoiliarren (gaztelerazko MIR) plaza horietara, “egungo mediku faltaren aurrean osasun sistema publikoa indartzeko eta beharrezko belaunaldi aldaketari bide emateko asmoz”.

Memoria historikoa

Hiru memoria gunetara bideratuko dute 2023ko aurrekontuen dirua. Lehenik, 300.000 euro bideratuko dira Irulegiko aztarnategian Aranzadi elkartearen indusketa lanetara: “Ezinbestekoa da babes instituzionala areagotzea euskararen jatorriaz ikertzen jarraitzeko”, argudiatu du koalizioak. Bigarrenik, Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko Gasteizko memoria gunea sortzeko 600.000 euro bideratuko dira. Hirugarrenik, hiru milioi euro bideratuko dituzte Iruñeko Ezkabako Gotorlekua memoria gune bihurtzeko, 1938ko ihesaldian fusilatuta hil zituzten presoen omenez.

Euskara eta hezkuntza

Euskarazko irratien digitalizazioa “azkartzeko” milioi bat euro bideratuko dute, eta ziurtatu dute horrek euskarazko irratien hedapen gaitasuna areagotuko duela “modu nabarmenean”. Gure Zirkua ikuskizunak 250.000 euro jasoko ditu, euskarazko zirkua sustatzeko.

Unibertsitateei dagokienez, proiektu jakinek finantzaketa izango dute. Mondragon Unibertsitateak bi milioi euro jasoko ditu; unibertsitate publikoek, gutxiago: Euskal Herriko Unibertsitateak milioi bat eta erdi, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, milioi bat.

Mantenduko diren neurriak

Alokairuen eguneraketak %2ra mugatzeko neurriaren indarraldia 2023 amaitu arte luzatuko da. Pentsioei dagokienez, kotizazio gabeko pentsioek %15eko igoera mantenduko dute datorren urte osoan. Zehaztu dute hilean batez besteko 70 euroko igoerak 450.000 pentsioduni egingo diela mesede hilero, “batez ere miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeei”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aurrekontuak
6.355 milioi euroko aurrekontua lantzen ari da Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua: 6.355 milioi euro. Horietatik 520 milioi finantza gastuetara bideratuko dira (%8,18). Orain arteko aurrekontu handienak dira.


EAEko aurrekontuak onartu dituzte EAJk eta PSEk, oposizioaren zuzenketa bakar bat ere kontuan hartu gabe

EAJko ordezkari Alaitz Zabalak adierazi du oposizioak ez duela konfiantzarik bere zuzenketetan.


2023-01-15 | Mati Iturralde
Zenbakiak

2023ko atarian, 2022ko zenbakiek protagonismo berezi bat hartzen dute; izan ere, urte aldaketarekin batera, beti saiatzen gara kontagailua zeroan jartzen. Errealitate likidoen aroan, zenbakiek ere gure aditasunetik desagertzen dira ―askotan izugarrizko abiaduraz―,  eta... [+]


2022-12-22 | Ahotsa.info
Nafarroako 2023rako aurrekontuek ez diote gizartearen pobretzeari aurre egiten, Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez

Eskutitza osatzen duten erakundeek kontzentrazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Aurrekontu hauei ez! Pobretzearen aurrean, erreforma fiskala lelopean.


Nafarroako inoizko aurrekonturik handienek ia erabateko adostasunez pasa dute zuzenketa fasea

Abenduaren 22an onartuko dituzte Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontuak. Navarra Sumak izan ezik, gainerako alderdiek elkar zoriondu dute Legebiltzarrean erakutsitako adostasunagatik. Historiako aurrekonturik handienak izango dira Foru Erkidegoan: 5.749 milioi euro, 2022an... [+]


Eguneraketa berriak daude