Portugal: Troikaren ikasle txintxoena?

  • Gobernua osatzen duen Portugal a Frente zentro-eskuineko koalizioak irabazi ditu Portugalgo bozak, baina ez du lortu gehiengoa. Alderdi Sozialista geratu da bigarren. Abstentzioa handia izan da, %45,39koa.


2015eko urriaren 5ean - 11:57
Pedro Passos Coelho presidentea buru duen koalizioak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pedro Passos Coelho presidentearen alderdiak  botoen %39, eta 99 eserleku lortu ditu. 116 behar zituen gehiengo osoa ziurtatzeko. Behera egin du koalizioak 2011ko hauteskundeekin alderatuz: 132 eserleku lortu zituen hauteskunde horietan. Bere arerio nagusiak, Antonio Costa Lisboako alkate ohiaren Alderdi Sozialistak, botoen %32 eta 85 eserleku eskuratu ditu. Gainontzeko alderdien artean, Alderdi Komunistak eta Berdeek osatzen duten Ezkerreko Blokeak eman du ezustekoa, botoen %10 eta 20 eserleku lortuta.

Orain bi aste Grezian egin ziren hauteskundeen aldean, Portugalgoek ez dute oihartzun handirik izan. Fernando Casadok Rebelion atarian azaldu duenez, espero ziren emaitzak izan dira. Bi alderdi nagusiak Troikaren politiken aldekoak izanik Casadorentzat “berdinetan jarraitzea” litzateke batak edo besteak irabaztea. Are gehiago, Alderdi Sozialistak argi utzi du ez duela koaliziorik osatuko Ezkerreko Blokearekin.

Ezkerreko Blokea osatzen duten bi alderdiek Troikaren eta murrizketa politiken aurka gogor egin dute beti, eta Europatik agindutako politiken ondorioz protesta sozialak ugaritu egin ziren herrialdean. Alabaina, zortzi eserlekutik hogeira pasatu bada ere, ez du lortu alderdi nagusiekin lehiatzea.

Casadoren esanetan, gainontzeko PIGS (Portugal, Italia, Grezia eta Espainia izendatzeko mespretxuzko akronimoa) herrialdeen joeratik aldendu da Portugal. Grezian edo Espainian esaterako, Syriza edo Podemos bezalako alderdiek indar handia lortu dute azken urteetan murrizketen eta Troikaren politiken erantzun gisa. Casadok argi du: “Portugal austeritatearen ikasle finena bihurtu da. Zalaparta handirik sortu gabe, eta Troikak agindutakoa betez”.


Portugal kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...