Duela bi hilabete, Barakaldoko Udaltzaingoak tunel batean lo egiten zuten hiru gazteren aurka tiro egin zuen. Denborak gure susmoak berretsi ditu: bertsio ofizialak arin kokatu du biktima egoeraren errudun bakar bezala.
Ondorio gisa bi herritar ospitaleratu dituen jardun poliziala egin eta jarraian, eraikita dago bertsio poliziala (alde bakarrekoa), momentuko arduradun politikoen babesarekin: Poliziaren jarduna txalotu eta beste aldean dagoenaren erruduntasuna azpimarratu dute.
Berdin dio zer gertatu den. Hau da argudioa: "Nik baliabide faltak ahalbidetu didan bezain ongi egin ditut gauzak, eta beste aldeak onespen sozialak ahalbidetu dion bezain gaizki egin du". Beti berdin, nahikoa da!
Kasu honetan, Poliziaren sindikatu nagusiak denbora gutxi behar izan du bere kideen bertsioa babesteko (ez du beste bertsioaren berri jakiteko ahalegin txikiena ere egin, ezta sortutako kalteen inguruko ardurarik erakutsi ere). "Bitarteko faltaren" aitzaki tradizionalaz gain, "formakuntza faltaren" aitzakia gehitu diote oraingo honetan. Ados, hausnartu dezagun horren inguruan.
Baliabide faltaz hitz egiten dute, baina gertaeren momentuan bertan zeuden hauek: bost agente (tunelean hiru pertsona zeuden) bakoitza bere irratiekin, hau da, beste edozein agente eta polizia aparaturekin berehala konektatzeko ahalmenarekin. Armamentuari begira, bakoitzak eskuburdinak, borrak, pistola eta gas motaren bat zuen gainean; segurtasun-txalekoak, eskularruak eta botak barne. Hor ez dago baliabide arazorik, taserrak edo bazokak izatearekin amestu dezaketen arren.
Formakuntza faltaz ere hitz egiten dute. Nolanahi ere, hori haien erantzukizuna da. Lan bat egiteko ezagutzak izatea langile bakoitzaren eta lan egiten duen enpresaren edo entitatearen erantzukizuna da. Formakuntza falta horrek berezko utzikeriari erantzuten dio, eta arduragabekeria hutsa da.
Duela bi hilabete, Barakaldoko Udaltzaingoak tunel batean lo egiten zuten hiru gazteren aurka tiro egin zuen. Denborak gure susmoak berretsi ditu: bertsio ofizialak arin kokatu du biktima egoeraren errudun bakar bezala
Baina, bi faktore horiez gain, beste bat ere gehitu behar dugu: gaitasun falta. Argi dago egoera horri heldu diotenek ez dutela gaitasunik egoera behar bezala kudeatzeko. Seguru sentitu ez izanaren aitzakiak ez du balio zure ekintzen emaitza herritar baten aurkako tiroketa bat bada, beste pertsona batzuen bizitza jokoan jarrita. Are gutxiago, indarkeriaren "erabilera legitimoaren" zaindari gisa aurkezten zaigun norbanakoaz ari garenean.
Komunikabideak ere ez dira motz geratu. Hasiera batean eman duten bertsio bakarra parte polizialak emandakoa da. Ez dute kontrastatu. "Zerbait egingo zuenaren" zalantza etengabe uzten dute agerian, eta tiroketaren biktima ustezko delitu baten eta bere zoriaren errudun bihurtu dira. Arrazismoaren aurkako egun internazionalean, gizon aberats batzuek jasaten duten arrazakeriari buruz hitz egiten duten bitartean, Barakaldon jasotako gertaerak informazioa kontrastatu gabe argitaratu dituzte, eta pertsona pobreenekiko egiturazko arrazakeriaren kutsu nabarmena duen iritzia sustatu dute.
Gertaera honen erroan dagoen arazoak migrazioaren ikuspegi eurozentrista eta klasistarekin du zerikusia. Ikuspegi zuritik begiratuta, ez dugu egoera ulertzen, ez garelako errealitate horren aktore protagonistak. Ez dakigu ezer migrazioaz eta pobreziaz, migratzaile pobreak ez garelako; arrazakeriaz ez dakigun bezala, ez dugulako pairatzen. Bitartean, pertsona arrazializatuok, migratuok eta ijitook, gure bizitzen aurka egiten duten praktika arrazista horien ondorioak jasaten ditugu. Administrazioentzat migrazioaren auzia ez da migratu behar izan duen jendeak dituen arazoetan oinarritzen, migratzen duen eremuetan jende horrek sortzen dituen arazoetan baizik. Hori argi eta garbi ikusten ari da gure tokiko administrazioen egungo jardueretan. Fokua "sortzen duten ondoezean" jartzen badugu, jardunak jazarpenezkoak izango dira. Fokua pertsona migratu eta arrazializatuek jasan ditugun zailtasunetan, hona etortzeko beharra sortu duten baldintzetan eta behin hemen egonda gure bizitzak prekarizatzen dituzten baldintzetan jarriko balitz, jardunak elkartasunezkoa, arretazkoa eta laguntzazkoa izango lirateke.
Gaur egungo ikuspegiak "hemendik alde egiteko gonbidapena" dakar. Ez dugu haien egoera konpondu nahi, guri ez eragitea nahi dugu. Hori horrela, era paraleloan bi ildo ezartzen ditugu: alde batetik, laguntza eta baliabideak murriztea, laguntza pertsonalizatuak jazartzea, aurrekontuak ez eguneratzea, egoera berrietara ez egokitzea... Beste alde batetik, polizia aparatuei ematen zaien ustezko prestakuntza espezifikoarekin “konpentsatzen” da, baita aparatu horien jazarpenezko eta indarkeriazko erantzunak baimentzearekin eta babestearekin ere, zein horien berehalako justifikazioarekin.
Gizarte zerbitzu zein laguntzarako zerbitzuei dagokienez (gehienak pertsona zuriz osatuak), zerbitzu horietara iristea eta horietan aurrera egitea mugatzen eta zailtzen dugu: ez ditugu behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak jartzen, lehentasunezko, premiazko eta hasierako esku-hartzeak luzatzen ditugu (hirurak), fase guztietan traba administratiboak jartzen ditugu… Eskaera gero eta handiagoa dela salatzen dugu, eskaintza zabaltzeko borrokatu beharrean. Kontrol zerbitzuei dagokienez, presioa areagotu egiten da, pertsonak biziraupen hutserako erabiltzen dituzten lekuetatik botatzeko helburuari jarraituta.
Horrela, ziurtzat, normaltzat eta ontzat jotzen dugu pertsona batek kalean lo egin eta bizi behar duenean konponbidea ez dadila izan bere oinarrizko eta giza beharrizanari jaramon egitea, ezta aterpea eta janaria eskuratzeko baliabideak eskaintzea ere. Kontrara, udalerritik botatzea, "hemen pobrerik ez" klasikoaren bertsio berritu bat besterik ez.
Esku hartze dinamika hori baliozkotzat jotzen dugunean, metodoak gero eta intrusibogoak eta bortitzagoak izatea baliozkotzen ari gara.
Horren guztiaren aurrean, esku-hartze sozialean lan egiten dugun gizarte zerbitzu eta erakundeek bat egiten dugu indarkeria espiral horretan, eta eskura ditugun baliabide urriekin (ez)arreta ematen diegu guregana heltzen diren pertsonei. Kasurik onenean, "ez da bidezkoa, baina ez dago besterik" esanez kexatzen gara. Kasurik txarrenean, merezi duena daukala sinistera heltzen gara, "gauzak ondo egin ez dituelako".
Gure lan profesionala ez ezik, gure jardunak duen zentzua ere zalantzan jarri behar dugu. Zerbitzuen kudeatzaile hutsak bihurtu gara, eta uko egin diogu berdintasunean oinarritutako gizarte eredu bidezko eta arduratsuak eraikitzeari.
Zalantzan jarri ezin daitekeen eta horren guztiaren adierazle den argazki labur bat: imajina genezakeen gertakari larrienetako baten aurrean, zaurgarritasun egoeran erortzeko arrisku gehien duen kolektibo baten parte den pertsona baten aurka egindakoa, eta tokiko administrazioak egindakoa izanik, erakunde profesionalizatuek ez dute ahotsa altxatu, eta are larriagoa dena, ez dira biktimaren egoera zein den eta gertatutakoa nola eman den jakiteaz arduratu. Kasurik onenean, gaia alde batera utzi dute, kasurik okerrenean, pertsona ahulenak beren babeslekutik botatzea erabaki dutenen argudioa bere egin dute (ezer egiaztatu gabe).
Horri guztiari buruz egin dezakegun hausnarketa oso zabala eta sakona da, eta horren guztiaren atzean dagoen kritikak gure jarduera eta gure helburua zinez zalantzan jartzera eramango gintuzke.
Bi hilabete igaro dira Barakaldoko Udaltzaingoak hiru gazteri tiro egin zienetik, gazteetako bi zauritu, eta horietako bat egoera oso larrian utzi zuenetik. Tunel hartan emandako egoeraz mintzatuko bagara, hauxe da gertaera nabarmen eta eztabaidaezin bakarra. Hala ere, agente guztiek (politikoek, polizialek eta mediatikoek) ospitaleratutako gazteari bota diote errua. Oraingoz, ez dago hori egiazta dezakeen ageriko frogarik. Orain, gaztea tirokatu zuen udaltzainak akusazio partikular gisa aurkeztu du bere burua.
Momentuz, hauxe da mahai gainean daukaguna: Udaltzaingoaren hiru tiro, bi gazte zaurituta, haietako bat bizitzaren eta heriotzaren artean borrokan. Tiroak egin zituztenen adierazpenak baino zerbait gehiago kontuan hartuta ikertu beharko liratekeen gertaera objektibo batzuk.
Bi bertsio. Poliziaren, agente politikoen eta komunikabideen bertsioa, alde batetik, inolako frogarik gabe zauritutako gazteari errua leporatzen diona; eta gazte migratu baten bertsioa, bestetik, inork entzun nahi izan ez duen eta bere oinarrizko eskubideak urratuak izan diren gaztearena.
Eta, zalantzan jarri behar dugun afera bat... errudun bakar bat?
Fátima Letradu, Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea.
Kaiene Inzunza, Bizkaiko gizarte hezitzailea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.
Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]
"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.
Kezka, ezinegona eta... [+]
Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.
Miope bezain itsu,... [+]
Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.
Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]
Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.
Aurten,... [+]
Zenbat min jasan dezake bihotz batek?
Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?
Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.
Jolasa bukatzea... [+]