PKK-k bertan behera utzi du Turkiarekin zuen su etena

  • Su etena amaitutzat eman du igandean PKK Kurdistango Langileen Alderdiak, Firat agentzia Kurduari igorritako agirian.


2015eko uztailaren 27an - 10:04
Azken egunotan asko gaiztotu dira Turkiar Gobernu eta kurduen arteko harremanak (Argazkia: Junge Welt)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

PKK-k esan du “Estatu turkiarraren gerra ofentsibak  ez dituela orain bi urtetik PKK-k iragarrita zuen su-etenaren baldintzak betetzen”. Alderdi Kurduak gaineratu du gatazkak “PKK eta Turkiar Gobernuaren aurkako borroka izateari utzi diola. Herri kurduaren eta indar demokratiko turkiarren arteko gerra “amankomuna” dela Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentearen “diktaduraren” aurka.

Honez gain, Abdullah Öcalan PKK-ko buruzagia kartzelan mantentzea gogor gaitzetsi du, “lan handia egin baitu bake prozesua bideratzeko”.  

Turkiako Gobernuaren eta kurduen arteko tentsioak gora

Azken egunetan Turkiako Gobernu eta kurduen arteko harremanak asko gaiztotu dira: Joan den astean Estatu Islamikoak Kurdistanen egindako atentatuan Kobanera laguntzera zijoazten 32 lagun hil zituen.

Turkiar gobernuak atentatuarekin zerikusia zuela iritzita PKK-k bi polizia hil zituen.

Turkiak atxiloketa masibo eta bonbardaketekin erantzun du: Kurduen aurkako atxiloketak biderkatu egin dira: Turkiako hauteskundeetan botoen %13 jaso zuen HDP, Herrien Alderdi Demokratikoaren kontra jotzeaz gain YDG-H, Kurdistango talde ezkertiarreko militanteak atxilotu dituzte. 600 lagun inguru dira Turkiar gobernuaren arabera, eta 1.000 iturri kurduen arabera.

Turkiako hegazkin militarrak ere kurduen nahiz Estatu Islamikoaren aurka jo dute. Kurdiscatek jaso duenez gutxienez PKK-ko hiru miliziano hil dira Turkiako militarren erasoen ondorioz. Lurretik ere sartu dira militar turkiarrak Iraken menpe dagoen Kurdistango lurretan.

Turkiako Gobernuaren politiken aurkako mobilizazioetan Turkiako poliziak 21 urteko gazte bat hil zuen igandean. Egun berdinean bertan HDP alderdiak Istanbulen bakearen aldeko martxa iragarrita zuen. Junge Welt egunkari alemaniarraren arabera, 100.000 lagun inguru espero ziren mobilizazioa debekatu egin zuen Turkiako Gobernuak.

Honez gain ostiralean PKK-k polizi etxe bat erasotu turkiar polizia bat bahitzeaz gain bi polizia hil zituen Kurduen gotorleku den Lice herrian.

PKK-k (Kurdistaneko Langileen Alderdia) 2013ko martxoaren 23an alde bakarreko su etena aldarrikatu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Eguneraketa berriak daude