"Piztu Bilbo, Itzali MTV"-k aste honetarako egitaraua aurkeztu du

  • “Guztiok mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guztion artean beste Bilbo bat eraikitzeko, behetik, herritik eta elkartasunez, MTVen, PNVren eta bere erakuslehio den hiriaren aurka eta haratago”. Ostegunetik igandera bitartean ekintza ezberdinak burutuko dituzte, eta egoeraren gaineko irakurketa bat ere egin zuten asteleheneko prentsaurrekoan.


2018ko urriaren 30an - 11:33
Astelehen goizean eginiko prentsaurrekoa / Argazkia: @Komiteak

Honako hauek dira aste honetako ekimenak, eta jarraian irakurketa.

"Egun on guztioi,

Lehenik eta behin, mila esker “Piztu Bilbo, Itzali MTV”-ren bozgorailu izan zareten guztiei. Peterm Griffinek, Batmanek eta Supermanek antolatutako MTV Musik Week-a bertan da. Guk, herriko-supereroi faltsu horiek inposatzen diguten hiri-eskaparatea aspaldi salatu genuen. Horregatik, aste honetan egin dezakegun ekarpenik onena gure kaleak eta auzoak denontzako diren ekintza partehatzailez betetzea dela uste dugu.

Duela egun batzuk, 11 Botxo Egunean esan genuen moduan, barrikada batean bizi gara. Barrikada honen alde bakoitzean ez daude ezberdinak diren bi subjektu bakarrik – burgesia eta klase desjabetuak–, baizik eta antagonikoak eta etsaiak diren bi bizi-eredu eta bi mundu, elkarren arteko gerra etengabean daudenak. Munduen arteko gerra honek eta beraien artean dagoen barrikadak argi eta garbi bereizitako bi alde ditu. Alde batetik “haiek” daude: Batman eta Supermanen maskaren atzean ezkutatzen direnak, oligarkia vasco-españolaren ordezkari den PNV, Iberdrola, BBK, Laboral Kutxa, Lastour... eta MTV-a, kulturak, gorputzak eta subjetuak merkantilizatzen dituen espektakulo lotsagarria. Eta beste aldean, “gu”: Herria, Langile Klasea, Herri Mugimenduak eta Euskal Herria desmerkantilizatzeko, despatriarkalizatzeko eta deskolonizatzeko lanean ari garen subjektibitate eta bizitzeko era guztiak.

Behin, gure posizionamendua argi eta irmoki adierazita, Bilbon bizi zareten pertsona guztiei, gurekin parte hartzeko, zuen iritzia partekatzeko eta debate eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu:

Lehenengo zita ostegun honetan, azaroaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan daukagu, zeinetan Etxebarrieta Plazatik aterako den kalejira musikatu bat egingo dugun. Guk argi baitugu, “ezin bada dantzatu, hau ez da gure iraultza”.

Ostiralean, Azaroaren 2an, arratsaldeko 17.00etatik Indautxu plazan egongo gara; hau pertsona guztientzako espazio eroso eta abegikor bihurtzeko asmoarekin. Jule Goikoetxeak dinamizatuko duen mahai-inguru bat antolatu dugu, gonbidatu bezala Lutxo Egia, Monuz, Errekaleor Bizirik, Emakumeen Mundu Martxa eta uda honetan auzokideen eskutik eman den migranteentzako harreraren dinamikako ordezkariak izango dituena. Makroebentoek gugan dituzten eraginen inguruan eta espazio publikoaren erabileraren inguruan eztabaidatu nahi duen edonori etortzeko gonbitea luzatzen diogu.

Azaroaren 3an, zapatuan, goizeko 12.00etan, hiri osoan zehar ibiliko den BIZIKLETA MARTXA bat antolatu dugu. Hemendik parkamena eskatzea auzo altuetako bizilagunei, ziuraski ez baikara hara gora helduko. Elkartasunezko besarkada bat klase menperatzaileen erabakiak sufritzen dituzten auzo horiei guztiei.

Zapatu horretan bertan, arratsaldeko 18.00etan Eliptika Plazatik aterako den mobilizazio bat egingo dugu. Mobilizazio honetan hiri honetan bizitzeko eta egoteko era ezberdinak erakustarazi nahi ditugu.

Azkenik, domekan, Piztu Ezkerraldeako kideek deituriko mobilizazio eta egun osoko egitarauari gure atxikimendua adierazi eta jende guztia bertan parte hartzera animatu nahi dugu.

Guk argi eta garbi erakutsi dugu zein den eraiki nahi dugun eta eraikitzen ari garen hirieredua. Horregatik uste dugu hilabete hauetan “Piztu Bilbo, Itzali MTV”-ren dinamikatik -egunero eraikitzen dugun barrikada honetatik- sortu denak, sareak ehuntzen jarraitzeko, alternatiba herrikoiak eraikitzen jarraitzeko eta azpitik eta auzoetatik eraikiko den hiri eredu bat sortzeko lehenengo pausuak emateko abagunea ireki behar duela. Azken finean barrikada bat eraikitzen jakiteak ez baitu ezertarako balio lubakiaren alde baten bizitzen ez baldin badakigu.

Horregatik, guztiok mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guztion artean beste Bilbo bat eraikitzeko, behetik, herritik eta elkartasunez, MTVen, PNVren eta bere erakuslehio den hiriaren aurka eta haratago.

Gaurtik, argi geratu da Bilbo piztuta dagoela, argi geratu da herri mugimendua su txikiek osatutako erresistentzia itsaso bat dela eta ez Peter Griffinek, ez Batmanek, ez Supermanek ere ezingo dutela inoiz gelditu.

Eskerrik asko zuen arretarengatik eta kaleetan ikusiko gara. Izan ere, eurei gustatu edo ez, kaleek gure izaten jarraituko dute."


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Piztu Bilbo MTV itzali
Etxebizitzaren arazoa politizatzea, auzo elkartasuna antolatzea. Etxebizitzari, auzodefentsari eta klase borrokari buruzko gogoeta batzuk

Gaur egungo gizarte kapitalistan langileok geroz eta esplotatuago eta prekarizatuago bizi(raun) gara. Prekarietate horretan, lan arlotik harago, baldintza existentzial bilakatu den etxebizitzaren gaia premiazkoenetako eta kezkagarrienetako bat da.


Salbuespenak araua konfirmatu eta preskribatzen du: larrialdiaz, normaltasunaz eta salbuespen egoeraz

“Salbuespen egoera gobernu paradigma nagusi bezala aurkezteko tendentzia gero eta ugariagoa da politika garaikidean”. (G. Agamben)


Krisia faxismo aukera bezala: faxismoaz/ez, gerraz eta iraultzaz

“Ez dago burges izutu bat baino faxista okerragorik” (B. Bretch)


2019-11-27 | ARGIA
Red Bull-en jauzietan egindako ekintzagatik, 6.600 euroko isuna hamaika gazteri

Makro-ekimenen aurka protesta egin zuen Auzoetatik Piztu Bilbo eragileak. Ertzaintzak desordena publikoa egotzi zien hamaika gazteri, eta mozal legea ezarri. Asteazkenean, elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean.


Eguneraketa berriak daude