"MTVren kontzertua egin bitartean La Navaleko langileak itxialdian zeuden lanpostuen defentsan"

  • Astelehenean Barakaldoko herriko plazako kontzertuak hasiera eman zion, segurtasun neurri zorrotzen artean, MTV Music Week delakoari. MTVren aurreikuspenak ez ziren bete eta giroa eguraldia bezain hotza izan zen. Instituzio publikoen alfonbra gorria jarrita, AEBetako multinazionala gurera heldu izana salatzen dihardu Piztu Ezkerraldea plataformak.


2018ko urriaren 31n - 17:22

Instituzioek lorpen gisa ospatu dute MTV ekarri izana prekarietate eta langabezia tasarik handienetakoak dituen eskualdera. Horren aurrean, Piztu Bilbo eragileak altxatu zuen ahotsa lehenbizi eta salaketa horri Piztu Ezkerraldea batu zitzaion urriaren hasieran. Hainbat herri mugimenduk bultzatuta (feministak, euskaltzaleak, musika-taldeak, gazte asanbladak, ikasle mugimenduek), “globalizazio kapitalista eta sexismoaren” ikur den MTVren kultur ereduaren kontrapuntua jarri nahi diote. “Emakumea gauza bilakatu, hizkuntza txikiak alboratu, musika eta aisialdia negozio bihurtu… gure eguneroko jardunaren kontrakoak diren baloreak sustatzen ditu MTVren ereduak”, azaldu digu plataformako kide Ibai Ariztegi barakaldarrak.

Piztu Ezkerraldeak salatzen duen “MTVren inbasioari” hasiera eman diote astelehenean Barakaldoko herriko plazako kontzertuaren bitartez. Hasiera, halere, ez zen izan antolatzaileek espero zutenaren modukoa, giro hotza nagusitu zen. Hurrengo egunean Durangoko Landako gunean egindakoa ere bide beretik joan zen, MTVk sare sozialetan aurreko egunetan iragarritako “kontzertura jende guztia sartzeko zailtasunetatik” urrun.

Baliabide eta diru publikoz josita heldu da MTV Bizkaira eta horrek piztu du polemikarik handiena. Barakaldoko kasuari dagokionez, 220.000 euroko laguntza – BEC! aretoaren alokairua doan– eskaini dio Udalak. “Horri gehitu behar zaizkio segurtasun neurriei eta hainbat zerbitzuri dagokien dirua”, dio Ariztegik. Asteleheneko kontzertuaren antolakuntzak  hainbat eragozpen eragin zuen herrian. Herriko plaza itxi zuten herritarrentzat eta trafikoarentzat eta han bizi direnek karneta aurkeztu behar izan zuten sartzeko, adibidez. Ertzaintzaren helikopteroa ere egun osoan aritu zen bueltaka.

“Oso argi geratu da instituzioen eredua zein den, negozio egitea helburu duten enpresa pribatuei laguntza eta baliabide guztiak eskaini dizkiote, Barakaldoko jai batzordeari, adibidez, ukatzen dizkiotenak”, dio Ariztegik. Horren bi adibide jarri ditu, autobusen ibilbidea aldatu zuen Udalak MTVren kontzerturako. Hori bera eskatu zion Jai Batzordeak aurtengo Barakaldoko jaietarako, baina alkatearen erantzuna “ezinezkoa dela” izan zen. Erantzun bera jaso zuten Herriko Plazan txosnak jartzeko aukeraz galdetuta. Atzo hiru euroan saldu zuten garagardoa MTVren “txosnetan”, hainbat enpresak publizitaterako jarritako txokoak eta VIP guneaz gain.

Horren moduko adibide asko agertzen ari dira egunotan, baina erakusgarriena azken egunetan jakitera eman dute. MTV gai izan da Bizkaian inork gutxi lor dezakeena egiteko: Athleticen partida bat atzeratzea, haiek San Mames erabil dezaten.

Prekarietatea diruz lagunduta?

Ezkerraldean langabezia eta prekarietatea eguneroko ogi direla dio Ariztegik, eta datuek hala berresten dute urtero. Lehen fabrikak zeuden lekuan multinazionaletako saltokiak daude, eta oro har, lan-baldintzak kaskarrak dira, gehiengo sindikalak edo Berriotxoak moduko taldeek salatu ohi dutenez. Asteleheneko irudia oso esanguratsua izan dela dio Piztu Ezkerraldeko kideak: “Diru eta baliabide publikoz jositako MTVren kontzertua egiten ari ziren bitartean, La Navaleko langileak itxialdian zeuden haien lanpostuen defentsan”.

Bizkaia, Bilbo eta Barakaldoko erakunde publikoek adierazi dute “gure irudia mundura zabaltzeko baliagarria” izango dela MTVren show-a. Eta emandako diru publikoaren ordainetan –hiru milioi pasa–, 44 milioi euroko irabaziak utziko dituztela hemen, baita 500 lanpostu sortu ere. Ahal Dugu eta EH Bildu oposizioko talde politikoek opakotasuna salatu dute, irabaziak nola sortuko diren eta, gehien bat, zeintzuk izango diren onuradunak jakiteko datu eza.  “Lanpostuak sortuko dituzte, bai, astebeteko iraupena dutenak eta, MTVak beste herrietan egin ohi duenez, lan-baldintza txarretan”, salatu du Ariztegik.

MTVn euskaraz?

Herri mugimenduetako esparruetan jo ohi duten hiru euskal taldek MTVren egitarauaren parte-hartuko dutela iragartzea izan da askorentzat MTVri buruzko eztabaidara batzeko bidea. Gehien bat, azaroaren 4ko sari banaketaren bezperan, San Mameseko makro-kontzertura Berri Txarrak taldea batu izanak asko zabaldu du gaia. Gai honetaz galdetuta, Piztu Ezkerraldeko kideak dio inguruan batzuk minduta agertu direla maila pertsonalean gustuko duten talde bat MTVren show-aren parte dela ikustean. Baina bereziki, “maila kolektiboan kontu honetan ari diren taldekide batzuentzat ere mingarria izan da; egunero lana egiten ari denarentzat bat-batean gertu sentitzen duzun eremutik gola sartu izanaren antzekoa. Antolatzaileak ez dira inozoak, eta badakite oso ondo kuota betetzen, ‘bestelako’ publikoarentzat amuak jartzen, baina negozioaren eta ereduaren oinarri eta zentzu nagusia ukitu gabe. Baina tira, ez dugu ahaztu behar musika taldeak ere enpresak direla eta horren arabera ere mugitzen direla”.

Negozio eta lurralde ikuspegitik handira jokatzen duen muntinazional baten show-ak hizkuntza eta kultur txikiak zabaltzeko baliagarriak izan ote daitezken galdetuta, zalantzarik ez dute Piztu Ezkerraldean: “Gainerako hizkuntza eta kultur gutxitu ororen antzera, euskarak ez du inoiz tokirik izan MTVk sustatzen duen negozio ereduan, ezta aurrerantzean izango ere”, dio Ariztegik.

Azaroaren 4an manifestazioa

Piztu Bilbok egunotan Bizkaiko hiriburuan prestatu duen egitarauari amaiera emango dio azaroaren 4an Barakaldon. MTV sariak banatuko dituzten bitartean, egun osoko egitaraua prestatu dute Piztu Ezkerraldeko kideek, eta bereziki jendetsua izatea nahi dute 18:30ean antolatu duten manifestazioa “Piztu Ezkerraldea, MTV ez!” lelopean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Piztu Bilbo MTV itzali
Etxebizitzaren arazoa politizatzea, auzo elkartasuna antolatzea. Etxebizitzari, auzodefentsari eta klase borrokari buruzko gogoeta batzuk

Gaur egungo gizarte kapitalistan langileok geroz eta esplotatuago eta prekarizatuago bizi(raun) gara. Prekarietate horretan, lan arlotik harago, baldintza existentzial bilakatu den etxebizitzaren gaia premiazkoenetako eta kezkagarrienetako bat da.


Salbuespenak araua konfirmatu eta preskribatzen du: larrialdiaz, normaltasunaz eta salbuespen egoeraz

“Salbuespen egoera gobernu paradigma nagusi bezala aurkezteko tendentzia gero eta ugariagoa da politika garaikidean”. (G. Agamben)


Krisia faxismo aukera bezala: faxismoaz/ez, gerraz eta iraultzaz

“Ez dago burges izutu bat baino faxista okerragorik” (B. Bretch)


2019-11-27 | ARGIA
Red Bull-en jauzietan egindako ekintzagatik, 6.600 euroko isuna hamaika gazteri

Makro-ekimenen aurka protesta egin zuen Auzoetatik Piztu Bilbo eragileak. Ertzaintzak desordena publikoa egotzi zien hamaika gazteri, eta mozal legea ezarri. Asteazkenean, elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean.


Eguneraketa berriak daude