Urtarrilaren 6koa da Turkiako Auzitegi Gorenak aurkezturiko agindua, eta bizi osorako kartzela zigorra bideratua dio soziologo eta idazle turkiarrari. Frantziako Gobernuak dio eskaerari erantzun behar, Nizan bizi delako azken urteetan, frantziar herritartasuna ere lorturik 2017an. Azken urteetan biderkaturiko Pinar Selekiko elkartasun-taldeak soziologo eta idazlearen behin betiko askatasuna eskatzen dabiltza. Euskal Herri mailan ere antolaturik daude.
Pinar Seleken aurka bideratu jazarpenean urrats bat gehiago eman berri du Turkiako Gobernuak: bere aurkako nazioarteko atxilotze agindua aurkeztu die bere abokatuei urtarrilaren 6an. Orduz geroztik, edonoiz atxilotu dezake Frantziako Poliziak, bertan dagoelako azken urteetan –frantses nazionalitatea lortu zuen 2017an–.
Soziologoa eta idazlea da Selek, antimilitarista, feminista eta libertarioa. "Turkiako Estatuari gustatzen ez zitzaion guztia ordezkatzen dut" zioen 2015ean ARGIAri eskainitako elkarrizketan. 1998an atxilotu zuten Turkiako poliziek, kurduen diaspora politikoari buruz egindako ikerketa soziologiko baterako zituen kontaktu kurduak sala zitzan. Tortura saioetatik inor salatu gabe jalgirik, Istanbulen urte berean lehertutako bonba baten erantzule egin zuten –orduz geroztik, frogatu da ez zela atentatua izan, baizik eta istripu bat, eta Selek salatu zuen gazteak ere aitortu izan du hori gezurra zela eta torturapean eman zuela bere izena–. 2001ean atera zen kartzelatik eta erbestean bizi da 2009tik hona. 2013an Frantziak iheslari politiko estatutua onartu zion eta hortik lau urtera herritartasuna.
Lau aldiz absolbitu duten arren, Turkiako Auzitegi Gorenak bestela erabaki du: atxilotzeko manua bideratu zuen iazko udan, absoluzioaren aurka kokatuz, eta urtarrilaren 6 honetan ukan dute horren berri Seleken abokatuek. Martxoaren 31ko dauka auzialdi berria finkaturik.
Seleken aurka martxan den "justifikatu gabeko jazarpen judiziala" salatu izan du Frantziako soziologoak biltzen dituen elkarteak. Azken urteetan Nizako unibertsitatean dabil lanean eta lankideen partetik sostengua jasotzen dabil. Orokorrean elkartasun zabala lorturikoa da, bai Turkian, bai nazioartean –Euskal Herrian ere badauka sostengu-taldea osaturik–. Baina bere aurkako erasoa zabalago kokatu eta Turkiak bideraturiko errepresio bortitzaren baitan sartzen du Selekek, sistema autoritario horren osagai gisa kokatuz.
Bizi osoko kartzela zigorrera kondenatua izan zela jakin eta egun batzuetara egon zen Euskal Herria Zuzenean festibalean, berearen berri ematen, iazko udan. Nola ez beldurtuta bazen ere, zutik eta tinko segitzen zuen ikerlari militanteak: "Ene egoera aski zaila da, zeren eta Turkiak dena eginen baitu nire hausteko. Badira interes geoestrategikoak. Inkiet naiz, nire borroketan segitu nahi baitut; beraz, eskandalu honen ikusgarritasunak eta elkartasunak garrantzia dute", adierazi zio Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariari.
"Pinar Selekiko elkartasun-taldeok ez dugu onartzen, benetako fartsa judizial bat osatuz, bidegabeko politika batek bahiturikoa izatea idazlea eta soziologoa. Turkia astintzen duen erregimen autoritario eta libertizidarekiko Europako herrialdeen konplazentzia-politikaren alboko biktima izaterik ez dugu nahi", adierazi dute ekintzailearen sustengu taldeek. Hori horrela, Frantziako Gobernuari eskatu diote "segurtasun eta babes osoa" bideratzea Seleki.
Badirudi Turkiak behin betiko baimenduko duela Finlandia NATOren parte izatea, "PKK-ren eta bere adarren aurkako borrokari" lotuta, Turkiak jarritako baldintzak bete dituela iritzita. Suediari, ordea, oraindik ez dio atea erabat ireki: 120 "terrorista"... [+]
Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.
Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]
Pinar Selek soziologoaren kontrako nazioarteko atxilotze agindua eman du Turkiak urtarrilaren 6an. Horrek erran nahi du edonoiz atxilotu dezakela Frantziako Poliziak.
6,4 gradukoa izan da lurrikara, eta ondoren hainbat erreplika eragin ditu, 5,8 gradukoa handiena. Gutxienez sei pertsona hil ditu dardarak. Tsunami arriskua dela eta, agintariek itsasotik urruntzeko eskatu diete herritarrei.