Pederastiaren biktimek "aitortza eta erreparazioa" eskatu dute Lizarran

  • El Puy eskolan 60 eta 70eko hamarkadetan sexu abusuak jasan zituzten pertsonek artzapezpikutzaren erantzukizuna salatu dute.


2020ko abuztuaren 24an - 12:01
Lizarrako El Puy ikastetxea. Argazkia: Google Maps

Igande honetan, Lizarran, agerraldia egin du Nafarroako Elizaren Abusuen Biktimen Elkarteak, artzapezpikutzak ikastetxe erlijiosoetan jazotako sexu erasoen berri zuela salatzeko, Berria egunkariak informatu duenez. Biktimek “aitortza eta erreparazioa” exijitu dute.

Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan duela hamarkada batzuk izandako sexu abusuen berri eman zuten joan den otsailean. Garesko Erreparaziokoen ikastetxea izan zen horietako bat, non ikasle ohi batek bertan pairatutakoaren berri eman zuen. Geroztik, salaketak oihartzuna izan zuen beste zenbait udalerritan eta bertako eskola erlijiosoetan, hala nola, maristetan, salestarretan, ursulinetan eta jesuitetan.

Bereziki gogorrak izan ziren Lizarrako El Puy eskolako ikasle ohien testigantzak, iraupen luzekoak eta oso bortitzak izan baitziren. Ikastetxeko sortzaile eta lehen zuzendari zen José San Julián Luna salatu dute zazpi pertsonak,1960 eta 1970eko hamarkaden artean egindako abusuengatik. Laster beste lau lagun hitz egiteko prest daudela diote.

Lizarrako eskola erlijiosoko ikasle ohiek diotenez “ez ziren salbuespenezko gertaerak; egunerokoak baizik”. Horrez gain, zuzendari ohia “sadiko predatzailea” zela salatu dute. Izan ere, sexu abusuak ez ezik, tratu txar fisikoak ere “etengabe” egin zituela azpimarratu zuten. Testigantza horiek argitara atera zirenean, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak gutun batekin erantzun zuen: “Denbora gehiegi igaro denez eta ikastetxeko zuzendaria hilda dagoenez, ezin dugu gertaeren testuingurua eta tamaina ezagutu, ezta egiazkotasuna frogatu ere”.

Jesus Zudaire Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkarteko zuzendariak igande honetan adierazpen horiek gezurtatu ditu, ordea. Horretarako, eskolako ikasle izandako kide baten testigantza luzatu du: “1973ko gau batean San Juliánek ukituak egin zizkion Ignacio Ekai biktimari, eta hark, defendatzeko, pala batekin jo zuen, eta kopetan marka utzi zion. Hurrengo egunean, haurrak eskolako zuzendariordearengana jo zuen jazotakoa kontatzeko. Hark, zuzenean, artzapezpikutzari bidali zion salaketa, ez Guardia Zibilari, eta hurrengo egunean artzapezpikutzak gutun bat bidali zuen ikastetxera, San Julián zentrotik botako zuela esateko, buruko eritasun bat zuela egotzita. Beraz, bazekiten zer gertatzen zen”. Zudairek gaineratu duenez, Carlos Aierra artzapezpikutzako bikario judizialarekin elkarrizketatu zen, eta hark kasuen inguruko informaziorik ez zuela baieztatu zion. “Oso haserre gaude artzapezpikutzarekin, eskola elizbarrutikoa denez, haren menpe baitago zuzenean”, ondorioztatu du Zudairek.

Preskripzioa saihestea

Kasuen ikerketa, gertakarien aitortza eta beharrezko erreparazioa jasotzea eskatu dute El Puy eskolako ikasle ohiek. “Erreparazio morala, alde batetik, baina baita politiko eta soziala ere; alegia, Eliza eremu publikotik ateratzea”, aldarrikatu zuen Pello Senosiain elkarteko kideak. “Baina, hori lortzeko, ezinbestekoa da, batetik, kasuek ez preskribatzea, eta, bestetik, konkordatua deuseztatzea”. Izatez, Espainiako Gobernuak eta Vatikanoak sinatutako akordio horren ondorioz, zuzenbide kanonikoa aplikatzen da halako kasuetan. “Lotzen gaituen korapilo bat da”, dio Senosiainek.

Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkarteko kideek determinazio osoa dute eskola katolikoetako arduradunek egin zuten guztia argitara ateratzeko pausoak ematen jarraitzeko, eta hurrengo pausoa Madrilera jotzea izango dela adierazi dute. Espainiako Kongresura joanen dira laster, Nafarroako Parlamentuan joan den urtarrilean egin zuten bezala, “talde politiko guztiekin biltzeko eta kasu guztiak ikertu ditzatela exijitzeko”. Irailean abiatuko dituzte horretarako izapideak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pedofilia
2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Elizako erakundeak eta arduradunak ikertu nahi ditu Espainiako Fiskaltzak, pederastia kasuengatik

Espainiako Estatuan momentu honetan 147 ikerketa daude auzitegietan, Eliza barruan izandako sexu abusuengatik, horietatik %67 2000. urtea baino geroago gertaturiko kasuak dira. Fiskaltzak bere urteko txostenean azaldu duenez, eliz erakundeen "erantzukizun zibil... [+]


2023-09-04 | Goierriko Hitza
"Elizaren inpunitatearen" aurka borrokatzera deitu du Itaiak

Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzea egin du larunbat eguerdian Beasaingo Bideluze plazan, herriko Andre Mari Zeruratuaren elizako apaiz laguntzaile izendatzearen aurka, "Elizaren inpunitatea borrokatu" lelopean.


“Kakux” apaiz laguntzaile izendatzearen aurka mobilizatuko dira Beasainen

Pedro Ayuso Donostiako gotzainak Juan Kruz Mendizabal Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du. Mendizabal ezaguna da adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik. Goierriko Itaiak izendapenaren eta “elizaren inpunitatearen” aurka elkarretaratzea deitu du.


Adin txikikoei sexu gehiegikeriak egin zizkien Juan Kruz Mendizabal "Kakux" Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu dute

Juan Kruz Mendizabal “Kakux” elizgizona Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du Pedro Ayuso Donostiako gotzainak. Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi izan zen eta udalekuetan sexu gehiegikeriak egin zizkien hainbat adin txikikori, haiekin zuen konfiantza... [+]


Eguneraketa berriak daude