Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

  • Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan batean aurkitutakoa, hots, oilategi horietako arrautzek daramatzaten dioxinek 50 bider gainditzen dituztela legeak ezarritako mugak.


2023ko apirilaren 24an - 00:02
Azken eguneraketa: 08:45
Ivry-sur-Seineko erraustegia, Paris metropolitanoak dauzkan hiru handietako bat da, Europako handiena. Argazkia: Actu Environnement.

Parisko agintariek, antza, Gipuzkoako agintariek baino serioago hartu dituzte ToxicoWatch fundazioak egindako oharrak eta bertako oilategietako arrautzak ikertzeko agindu zuten iaz. Orain, apirilaren 19an, Ile-de-Franceko Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS frantsesezko sigletan) prentsaren bidez gomendatu die etxeetako oilategietako arrautzarik ez jateko. Ez behintzat gaia sakonago aztertu eta ondorio guztiak argitu bitartean.

Le Monde egunkariak Interneteko bertsioan lehen orrian ezarri du albistea. Egunkariak gogorarazi duenez, « lehenbiziko alerta bat 2022ko otsailean eman zuen Le Monde-k, plazaratuz Ivry-ParisXIII-ko erraustegiaren inguruko oilategietako arrautzetan dioxina metaketa handiak aurkitu zirela. Ikerketaren egilea ToxicoWatch fundazioa zen, erraustegien kutsaduren analisi toxikologoetan berezitua dagoena, Collectif 3R elkarteak eskatuta”. Esan behar da bere izena hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea (frantsesez ‘réduir’, ‘réutiliser’ eta ‘recycler’, 3R) esloganetik hartu duen elkarte hori Zero Waste mugimenduaren eta errausketaren aurkako GAIA federazioaren kide dela. Collectif 3R-k ToxicoWatch fundazioari eman zion Europako erraustegirik handiena den Ivrykoaren inguruko kutsadurak analizatzeko enkargua.

Gipuzkoan entzungor; Parisen kasu

ToxicoWatchek antzeko miaketak egin ditu Parisez gain Txekiako, Madrilgo eta Gipuzkoako erraustegien inguruetan, eta denen datuak elkarrekin erkatuz plazaratu zuen txosten bat. Bitxia da alderatzea fundazio ospetsu horren lanari zein erantzun ezberdina eman zaien batean eta bestean: Gipuzkoan prentsa nagusiak ezikusia egin zion azterlanari eta agintariek emandako erantzun bakarra mespretxu eta mehatxuzkoa izan zen, lana enkargatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimendua eta ToxicoWatch bera herritarrak beldurtzeko ahaleginean ari zirela publikatu baitzuten.

Parisen, aldiz, agintariek erabaki dute hariari gutxienez pittin bat gehiago tira egitea. Bere aginduz burututako ikerlan berrian aztertu dituzte 25 oilategitako arrautzak, denak ere oilategi txikiak eta beren jabeen baimenarekin. Hamalau oilategi daude Parisko hiru erraustegi nagusien inguruetan, hau da, Ivry-sur-Seine, Issy-les-Moulineaux eta Saint-Ouenen; beste hamaikak erraustegien ingurutik pittin bat urrunxeago, hiru kilometroko radiotik kanpo.  Eta oilategi hauen azterketa berriak berriak berretsi duenez ToxicoWatchek aurkitutakoa, Parisko oilategietako arrautzarik (“oraingoz”) ez jateko gomendioa egin die herritarrei.

Jakin behar da dioxinak abereek –gizakiak barne– beren koipetan metatzen dituztela, eta herritarrek auto-kontsumorako etxe ondoan libre hazitako oiloen kasuan oilategi inguruetan jandako hosto eta xomorroek airetik bezala uretatik edo lurretik bildutako dioxinak nabarmen ageri direla beren arrautzetan.

Zama herritarren bizkar

Hondakinen errausketari eta horiek eragindako kutsadurari batere arretarik jarri diona azkar jabetuko da gaiak oraindik soka luzea ekarriko duela. Hasteko, ARS osasun agentziakoak oso tentuz ibili beharra daukate, jokoan dagoelako hondakinen errausketa, hau da, hondakinentzako ustezko soluzio definitiboa izan behar zuen kudeaketa osoa… eta beren negozioa horretan oinarritzen duen industria indartsua. Horregatik, ARSk esku batekin dio bere ikerketa berrian dioxinak ageri direla erraustegitik hiru kilometro arteko eremuan eta urrunago ere bai. Alegia, dioxinak oso zabalduta daudela eta zaila dela zehazki halako edo bestelako iturri zehatzi lotzea. Eta beste eskuarekin zehazten du etxeko oiloen arrautzak ez jatea gomendatzen diela Ile-de-Franceko guztiei, baina bereziki Parisen inguru hurbilenekoei… erraustegitik gertuen daudenei.

ARS osasun agentziak azken eranskin batean herritarrei oroitarazi die nola sortzen diren dioxinak eta furanoak: “Dioxinak eta furanoak dira hondakinen erreketak eta zenbait industria-jarduerak (esaterako, paper-pastaren zuritzeak) eragiten dituzten subproduktuak. Beraz, dioxinak eta furanoak ingurumenean egotea nahita nahi ez lotuta dago erraustegien eta zenbait industriaren iraganeko edo gaurko isuriekin”.

Tamalez, Paris hiriburuan begien bistan agertu den kutsadura arazo larriarekin ARS osasun agentziako agintariei bururatu zaien lehen gauza eta bakarra izan da herritarren bizkar jaurtitzea dioxinen zama, autokontsumorako arrautzarik ez jateko gomendatuz neurri prebentibo moduan. Aldiz, hitz bakar bat ere ez osasun publikoa zaintzeko neurri prebentibo moduan dioxinaz bazter guztiak kutsatzen jarraitzen duten erraustegiak geldiarazteaz!! 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


2022-09-08 | Zero Zabor
Igandean Kontxako hondartzan protesta eginen dute Zubietako eta Bergarako erraustegien kontra

Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egin die Gipuzkoako herritarrei hondakinen errausketaren aurka mobilizatzera Donostian irailaren 11n, estropadak jokatzen diren ordu berean. Urteak daramatzate EAMeko militanteek bere protesta azaltzen Zubietan eraikitako erraustegiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude