Zero Waste Europe koalizioak egunotan plazaratu duenez, dioxina kopuru handiak aurkitu dituzte Europako hiru erraustegiren inguruetan egindako ikerlanetan. Madrilgo (Espainia) Valdemingomez, Kaunasko (Lituania) Kauno eta Pilseneko (Txekia) Chotikov erraustegien inguruko oiloen arrautza, pinu orri eta goroldioen analisiak erakusten du inguru horretan POP Kutsagarri Organiko Iraunkorren kutsatzea nabarmena dela. Kutsatze mailarik gogorrena Madrilgo Valdemingomezek erakutsi du.
Ikerlana ToxicoWatch fundazioak burutu du, herri ekimenez Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kutsagarrien jarraipena egiten duen erakundeak berak. Gipuzkoako ikerlanerako laginak biltzen Zubieta Lantzen elkartea eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideak aritu diren bezala, Valdemingomezeko erraustegiaren inguruko lagin bilketan aritu dira Ecologistas en Acción [Ekologistak Martxan, Hego Euskal Herrian], FRAVM Madrilgo Auzo Elkarteen Federazioa eta GRAMA Grupo de Acción para el Medio Ambiente elkartea, Hordago-El Salto egunkariak zabaldu duenez.
Bi urteko azterketa horretan ToxicoWatchek bildu, analizatu eta alderatu ditu erraustegien inguruetako oiloen arrautzak, pinu orriak eta goroldioak pozoi arrastoen bila. Zero Waste Europek plazaratu ditu emaitzak dossier osoan baita ohar batean laburtuta ere.
“Hiru erraustegien inguruko oilategietako oiloen arrautza gehienek gainditzen dituzte Europar Batasunak bio-azterketa eta analisi kimikorako 2017/644 Arauan ezarritako muga legalak”, adierazi du Zero Waste Europe. Hiru erraustegien inguruko pinu orri eta goroldioetan ere handiak dira dioxina kozentrazioak. Dioxinez gain ToxicoWatchek aztertu ditu hiru gaiok –arrautza, hosto eta goroldioak– daramatzaten bai PFAS-ak (Konposatu Per- eta Polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl substances’, gizakien osasunarentzako dioxinak baino are arriskutsuagoak direnak) eta bai HAP Hidrokarburo Aromatiko poliziklikoak, eta bi atal horietan ere mailak alarma piztekoak dira.
Aztertutako hiru erraustegietan kutsatuena Madrilgo Valdemingomezekoa da, Europako errauste plantarik zaharrenetakoa. Erraustegiko tximiniatik 500 metrora dago Cañada Real auzoa (famatua bere txirotasun eta agintarien hartaz daukaten utzikeriagatik), Vallecaseko Ensanche auzoko etxeak bi kilometrora daude eta Rivas Vaciamadridekoak lau kilometrora. Valdemingomezko erraustegia, agintariek hitz hori ezkutatu nahian el “Parque Tecnológico de Valdemingómez” izenez makilatu dutena, bihurtu da hondakinen errausketak eragiten dituen kalteen erakusgarri.
Ikerlanak egiten du, kutsaduren analisiekin batera, ohar garrantzitsu hau: aipatu toxikoak gizakientzako eta ingurumenarentzako oso arriskutsuak izateaz gain, arazoa da horiek neurtzeko Europar Batasunak exigitzen dituen analisi kimikoak oso mugatuak direla eta, ondorioz, erraustegiek isuritako milaka substantzia pozoitsuren toxikotasun totala ez direla neurtzen. Gainera, ohartarazi dute erraustegiek isuritako POP Kutsagarri Organiko Iraunkorrez dauden datu ofizialak kalkuluetan eta bataz bestekoetan daudela oinarrituta, eta horregatik benetako isurketen irudi oso faltsutua eskaintzen dutela.
Janek Vähk Zero Waste Europeko Klima, Energia eta Airearen Kutsadura alorren arduradunak esan du: “Hondakinen erreketak isurtzen ditu ingurumenean iraungo duten, ekosistemetan metatzen diren eta gizakien osasunean eta bizimoduan eragin kaltegarri nabarmenak dauzkaten substantzia toxikoak. Milaka jende bizi dira horrelako erreketa instalazioen inguruan Europa osoan. Gaur arte ez zaie segurtasunik eskaini instalazio horien osasun arriskuez eta segurtasunaz, eta ez daukate kalteordain eskubiderik instalazio horiek legea urratzen dutenean sufritzen dituzten kalteen aurrean”.
The True Toxic Toll (Benetako Bidesari Pozoitsua) azterlana ToxicoWatch fundazioak burutu du, Zubietako errausketaren azterketa egiten duenak berak. Joan den abenduan GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak ohar bat kaleratu zuen ikerlariok Zubietako erraustegiaren inguruko arrautza, pinu orri eta goroldioen laginetan oinarrituta egindako azterketaren kalitatea auzitan jarriz: “ToxicoWatch-ek zehaztasun tekniko eta zientifikorik gabeko txostenak egiten ditu, errealitatea gezurrekin desitxuratuz, herritarrak izutzeko” esan zuen GHK-k. EAEko ezein hedabide handik ez EITBk ez diete gaur arte oihartzunik txikiena egin ToxicoWatchel Zubieta inguruetan egindako ikerlanei. Espainian, aldiz, El Pais egunkariak berak bere orrietara eman du azterketaren berri: "Una investigación europea alerta de “alarmantes” niveles de toxinas en el entorno de Valdemingómez".
Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]
Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.
Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.
Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]
Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.
2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.
Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.
Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.
Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]
Bi urtean 5.000 tona lixibiatu baino gehiago prozesatu ditu Ecofert Sansoain enpresak